Kataluniako Arenys de Munt herria izan da erabakitzeko eskubidea baliatzen lehena

Etxarri Aranatzen hartu duten bidea Kataluniako hainbat herrik landu dute azken urteetan. Arenys de Munt herria (Bartzelona) izan zen independentziari buruzko galdeketa egiten lehena. 2009ko irailaren 13an egin zuten galdeketa. Parte hartzea %41 izan zen, eta botoa eman zutenen artean %96,2k egin zuten independentziaren alde. Arenys de Munten abian jarritako ekinbidea arrakastatsua izan zen, eta hedabideetan oihartzun handia izan zuen. Hala, Herrialde Katalanetako dozena bat herritan egin zuten galdeketa. 2011ko apirilaren 10ean, esaterako, Bartzelona hirian egin zuten galdeketa. 257.645 herritarrek eman zuten botoa; horietatik %89,7k independentziaren alde bozkatu zuten, eta %8,8k, aldiz, independentziaren kontra.