“Herrigintzan garrantzitsua izan da emakumeon egitekoa”

Krisiaren eraginei eta zerbitzu publikoen murrizketei aurre egitea da Arantxa Iparragirre Leitzako alkate berriaren erronka nagusia (Leitza, 1983). Salatu du ez dutela horretarako baliabide eta eskumen askorik. Oier Eizmendik dimisioa eman ostean aukeratu dute alkate. Leitzan kargu hori duen lehen emakumea da. Iparragirrek dio normal-normal hartzen duela egoera hori. Ohartarazi duenez, alkate kargua duen lehen emakumea bada ere, Leitzan urte luzez garrantzitsua izan da emakumeen zeregina herrigintzan. Gainera, Bilduk Leitzan dituen bederatzi hautetsietatik bost emakumeak dira.

Nola definituko zenuke Leitzako herria? Zer gustatzen zaizu gehien? Eta gutxien?

Herri txikia izateko, mugimendu handia duen herria da, kultur arloan, kirolean, arlo sozialean eta herrigintzan. Hori herritarrei esker da, eta herri bizia izateko bermerik onena da. Izaera hori gustukoa dut, eta herritarren dinamika horrekin zerikusirik ez duen Guardia Zibilaren presentzia eta jarrera da gutxien gustatzen zaidana.

Zeintzuk izango dira zure erronka nagusiak alkate gisa?

Alkate kargua hartu nuenean esan nuen moduan, gure lantaldea horixe da, denok batera lan egiten dugun taldea. Orain arteko ardurei eutsiko diet, alkate izateak dituen gainkargak gehituz. Bestela, ardurak lehen genituen moduan mantenduko ditugu, eta sartzen den zinegotzi berriak ere ildo berdinari eutsiko dio.

Zeintzuk dira herriak dituen arazo eta erronka nagusiak?

Gaur egun, erronka nagusiak Nafarroa osoko berberak dira. Batetik, krisia eta horren eragina, eta, bestetik, zerbitzu publikoen suntsitze sistematikoa. Egoera horiei aurre egiteko, ordea, Nafarroako udalek oso baliabide gutxi dituzte, besteak beste, eskumenak Nafarroako Gobernuarenak direlako eta, bestetik, udalei ez dietelako baliabide osagarririk bideratzen eta alderantziz, murrizketa ekonomikoak arlo guztietan ezartzen ari zaizkigulako. Enpleguari dagokionez, adibidez, langabezian dagoen jendea kontratatzeko, 2011n ia 4,5 milioi euro eman zituzten. 2014an, berriz, ia 2,6 milioi euro emango dituzte, lehen baino langabe gehiago dagoen arren. Eskuak lotuak baditugu ere, baliabide ekonomiko propioak bideratu nahi genituzke horretara. Zerbitzu publikoei dagokienez, orain arte egindakoari eutsi nahi diogu; UPNren gobernuaren suntsitze politikei kontrajarriz, zerbitzu publikoak mantendu eta indartu.

Maxurrenearen alokairua beste hamar urtez luzatu dio Nafarroako Gobernuak Espainiako Barne Ministerioari. Zein da zure iritzia?

Nafarroako Gobernuak, beste behin ere, herriko benetako nahiaren eta eragile desberdinek eta herritarrek behin eta berriz erakutsitako borondatearen kontra egin du, eta baita Nafarroako Parlamentuak eskatutakoaren kontra ere. Bere garaian mendekuz hartu zuen Maxurrenea Guardia Zibilari emateko erabakia, eta orain ere logika horretan tematu da. Egoera iraultzeko, berriz, herria mobilizatzea ezinbestekoa izanen da, eta baita Guardia Zibilak Leitzan eta Euskal Herrian inolako ekarpen baikorrik egiten ez duela nabarmentzea ere.

Leitzako alkatea den lehen emakumea zara. Nola hartzen duzu hori?

Normal-normal hartzen dut; gure taldean, bederatzi hautetsietatik bost emakumezkoak gara, eta egia da orain emakumezko batek lehen aldiz ardura hori hartzea zerbait berezia izan daitekeela orain arte alkateak gizonezkoak izanda, lehena naizelako. Baina herrigintzan urte luzez emakumeon egitekoa garrantzitsua izan da, eta hau ere horren isla dela uste dut.

Zer eragin izango du zuengan udalen mapa aldatzeak?

Udalen mapa aldatzeak aurrekariak ditu, eta arrazionalizazio legea da nagusia. Beste guztia horren menpe dago, eta baita Nafarroan UPNk duen egitasmoa ere: zerbitzu publikoak pribatizatzea, udalei eskuduntzak kentzea, herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak gero eta gehiago aldentzea, udal autonomia suntsitzea eta abar. Nafarroako mapak ere ildo berari eusten dio, eta udalekin eta kontzejuekin deusetarako kontatu gabe eta eskualde desberdinetako errealitateak aintzat hartu gabe, lau hormen artean urte luzeetan administrazioan egin nahi den erreforma sakonenaren oinarriak jarri dituzte, eta hori ezin da onartu. Era berean, udal finantzaketa ez dute zehazten, eta aurreragoko uzten dute, benetako arazoari, udal finantzaketari, aurre egin gabe. Egia da Nafarroan administrazioa atomizatuta dagoela eta egungo errealitatera egokitu behar dela. Baina hori modu integralean eta denon ikuspegiak kontuan hartuz egin behar da. Horretarako, edozein lege onartu aurretik, tokiko administrazioarekin zerikusia dugun eragile guztion parte hartzea bermatu behar da, eta horixe da, hain zuzen, Nafarroako ia mila hautetsik eskatu duguna, eta hori da abiapuntua.

Auzitegi Gorenak Espainiako bandera jartzeko agindua eman zion Leitzako Udalari. Zer deritzozue agindu horri?

Epai horrek leitzarren gehiengoaren sentimendua islatzen ez duen bandera baten inposaketa adierazten du, eta argi dugu haien sinboloak inposatzeagatik ez dutela aldatuko gure nortasuna, gure pentsamoldea eta gure izaera. Inposaketa hori Leitzako herritarren aurkako beste probokazio neurri bat da, eta herritarren artean kontraesanak azaleratzea eragin nahi du. Haien ezintasun politikoa sekula baino ageriago uzten du jarrera horrek, badakitelako herri honen izaera eta borondatea ez dela berek nahi dutena.

Egoera hori salatzeko dinamikaren bat egingo duzue? Ikurren legea aldatzeko aukerarik badagoela uste duzu?

Inposaketa salatzeko eta gureak defendatzeko lantalde bat sortu zen, eta hainbat ekinbide martxan jarriak ditu. Aurrerantzean ere badirudi bide horri eutsiko zaiola.

Ikurren legeari dagokionez, Nafarroan hiru lege daude indarrean ikurrekin zerikusia dutenak; EAEn bakarra dago. Azkena duela gutxi aldatu zen, eta ikurren legea betetzen ez duten udalei diru laguntza batzuk kentzea aurreikusten da.

Nafarroako ikurren legeari dagokionez, herri ekinaldi legegile bat martxan jarri da, eta, Nafarroako jendarteak babesa jasoz gero, lehen pauso sendoa ematen ariko gara, herri aktibazioa baita edozein inposaketa eta injustiziari erantzuteko tresnarik eraginkorrena.