“Osasun Departamentuari ez zaio gustatu herri ekinbidea”

Mendialdeko eremuetan oinarrizko osasun eskubideak berma ditzatela exijitzeko, lege egitasmo bat eraman zuten Nafarroako Parlamentura Pirinioetako hainbat udalerrik. Parlamentuak ez zuen gaia eztabaidarako ere onartu. Dena den, hautetsiek eta herritarrek jarraitzen dute eskatzen gutxieneko baldintzak berma ditzatela. Orain, gainontzeko lege bideak baliatuko dituztela diote. Juana Zelai (Jaurrieta, 1965) herri ekinaldi legegileari forma ematen jardun zuen lantaldeko partaidea da, baita mendialdeetako larrialdietako medikua ere, Auritzen.

Zeintzuk dira lege egitasmoan jasotzen zenituzten oinarrizko osasun baldintzak?

Larrialdiei dagokienez, ezbehar larriak ordubetean artatzeko baliabideak eta baldintzak eskatzen genituen. Oinarrizko arretaren kasuan, profesionalak formatzea eta ordezkaritza egokiagoak antolatzea. Bestalde, espezializatutako medikuntzaren aferan, mendialdeko herritarrentzat propio pentsatutako artatzea nahi genuen, koordinatuagoa. Iruñera jaitsiz gero, egun bakarrean osasun proba bat baino gehiago egin ahal izatea. Horrez gain, kliniketara joateko garraio publikoa jartzeko ere galdegiten genuen.

Hilabeteak eman zenituzten lege egitasmoa prestatzen. Nola izan zen prozesua?

2012ko martxoan, Nafarroako Gobernuak oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko erreforma aurkeztu zuen, eta proposamenak kritikak jaso zituen: batetik, zerbitzua bera okertzen zuelako; bestetik, langileen lan baldintzak okertzen zituelako. Hala, 2013ko martxoan, parlamentuak bertan behera utzi zuen erreforma, eta urtebeteko epea eman zion gobernuari beste egitasmo bat aurkezteko, eremuaren errealitatea aztertu eta gero. Hori jakinda, gu ere hasi ginen inguruaren azterketa egiten, gobernuak erreforma berria aurkeztu aurretik guretzat oinarrizkoena zena finkatuta egoteko.

Zuen iritzia parlamentuan aditzeko herri ekinaldi legegilea erabili zenuten. Zertan datza?

Herri ekinaldi legegileak ahalbidetzen du merindade bateko udalen hiru herenek neurri bat babestuz gero neurri hori parlamentura eramateko eskubidea. Gu Zangozako merindadekoak gara; bertan, 74 udal daude, eta, beraz, 25 udalen babesarekin aski genuen. Baina lege bide horrek beste eskakizun bat dauka: merindadeko biztanleen %50 ordezkatu behar dute egitasmoarekin bat egin duten udalek. Beraz, 25en atxikimenduarekin ez genuen aski. Izan ere, Pirinioetan jende gutxiago bizi da, eta merindadeko udal handiagoen hauspoa behar genuen, Burlatako eta Eguesibarko udalena, kasurako. Azkenean, hori ere lortu genuen. Hala, parlamentarien artera eraman genuen gure lege egitasmoa.

Nola bururatu zitzaizuen sekula erabili gabeko lege zirrikitu hori erabiltzea?

Bildurekin, NaBairekin eta Ezkerrarekin bildu ginen, eta haiek proposatu ziguten.

Nola hartu zuen parlamentuak lege egitasmoa?

Parlamentuak ez zuen tramitera onartu. UPNk eta PPNk kontra bozkatu zuten, eta PSNk abstentzioa eman zuen. Oposizioko gainontzeko alderdiek alde egin bazuten ere, ezin izan genuen aurrera atera. Egoerak pena ematen du, batez ere atzean lan handia zegoelako, baina parlamentura irits dadin beste bide batzuk bilatuko ditugu. 2012an aurkeztutakoak kalte egiten zien zerbitzuari eta lan baldintzei. Oraingoak ez du hainbeste aldatzen zerbitzuaren funtzionamendua. Hor dago gakoa. Erreforma honek ere kritikak izan ditu, baina sindikatu eta profesionalen aldetik.

Lege egitasmoaren inguruan sortutako mugimenduak eragin du oraingo erreforman?

Lege egitasmoa tramitera onartu ez zuten arren, hedabideetan azaldu zen, jendea mugitu zen… Osasun Departamentuari ez zaio gustatu. Eragin egin ziela uste dut. Orain, ez dira ausartu herritarrei zuzenean eragiten dieten zerbitzuetan aldaketak egiten, eta gehiago jo dute langileen lan baldintzen esparrua murriztera.

Beraz, osasun zerbitzuak ez dituzte aldatu kasik, baina oraindik ere zuen aldarrikapenak bete gabe daude. Zer egingo duzue?

Herri ekinaldi legegilean aipatzen genituen horiek parlamentuak aditu ditzan saiatuko gara. Nola egin dezakegun pentsatzen ari gara. Lege proposamena idatzita dagoenez, orain hautetsi eta zinegotziak ari dira, batez ere, nondik joan gaitezkeen aztertzen.