Gizakia Herritar fundazioak, batez ere, administrazio publikoak kudeatzen dituen zerbitzu publikoak iristen ez diren norbanakoak laguntzen ditu. Besteak beste, Paris 365 jangela kudeatzen du fundazio horrek. Egoera larria pasatzen ari diren lagunei urte osoan bazkaltzen zein afaltzen ematen diete. Fundazioko proiektuen koordinatzailea da Eliana Aleman (Barranquilla, Kolonbia, 1973). Paula Azanzak (Iruñea, 1987), berriz, gizarte langile gisa lan egiten du. Aitortu duenez, lehen lana eta bizitza pertsonala banatzea orain baino errazagoa egiten zitzaion, eta ohartarazi du lagun asko dagoela egoera ekonomiko eta sozial “larrian”.
Ziurrenik Paris 365 jangela da eskaintzen duten zerbitzurik ezagunena. Iruñeko Kale Nagusian dute jangela. Hilero-hilero 1.160 lagunek jaten dute bertan. “Krisia hasi zenean, 2009an, etorkinak ziren jangelan jaten zuten gehienak; orain, berriz, nafarrak dira gehienak”, adierazi du Alemanek. Zerbitzu horrek duen sozializazio izaera nabarmendu dute Alemanek eta Azanzak: “Paris 365ekin lagunen arteko sarea eratzen da”.
Gizakia Herritar fundazioak eskaintzen dituen programetan parte hartzen duten askok eta askok bazterkeria sufritzen dute. Izan ere, legez kanpoko etorkinek ez dute zerbitzu publikoen laguntzarik jasotzeko eskubiderik. Beraz, aurrera egiteko aukera bakarrenetakoa da fundazioak eskaintzen duena. “Gurera etortzen diren lagun asko bakarrik sentitzen dira, eta jangelan sortzen diren harremanek izugarri laguntzen dute sozializazioan”, jakinarazi du Azanzak.
Nafarroako Gobernuak azken urteetan finantzatu ditu fundazioko proiektu nagusienak—jangela, harrera zerbitzua, laguntza psikologikoaren zerbitzua, ludoteka eta Paris etxea, besteak beste—, baina aurten ez dute laguntzarik jasoko. Administrazioak diruz lagunduko dituenak enpleguarekin lotutako bi ekinbide izango dira. Beraz, norbanakoen ekarpenen bidez mantendu beharko dituzte gainontzeko programa guztiak.