Bertako produktuen kalitatea

Nafarroako Erribera nekazari lurraldea da. Duela berrogei urte, Pedro Luis Anton eta Maria Corona Campo euren lurretan lantzen zituzten produktuak ontziratzen hasi ziren. Hainbat urtetako lanaren ostean, 1988an, Pedro Luis kontserba enpresa sortu zuten. Hasieran, zainzuriak eta piperrak baino ez zituzten lantzen. Gaur egun, ordea, hamaika produktu ontziratzen dituzte, hala nola orburuak, tomateak, espinakak, perretxikoak, onddoak eta indabak.

Enpresa ere handitu egin da. “Egun, 22 langile finko daude, baina behin-behineko langile askoren beharra izaten da; uzta garaietan, 60 langilek baino gehiagok lan egiten dute”, azaldu du Pedro Luis Antonek, enpresaren sortzaileen semeak. Urtean 3 milioi ontzi baino gehiago ekoizten dituzte Pedro Luisen. Kalitatea sustatzearen aldeko hautua egin dute, eta, horregatik, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egitea erabaki zuten 1994. urtean, Nafarroako Nekazaritza Produktu Ekologikoen Kontseilua sortu zenean. Horrez gain, produktuen kalitatea bermatzen duten hainbat zigilu lortu dituzte.

Piperrak eta zainzuriak dira Pedro Luisen hasieratik landu dituzten lehengaiak. Bi produktu horietan sor-marka zuten enpresa martxan jarri zutenean: Lodosako pikillo piperrak eta Nafarroako zainzuriak. Urte batzuk geroago, 2001ean, Tuterako orburua sor-marka onartu zuen Europako Batzordeak. Hori dela eta, orburuak eta beste produktu batzuk lantzea erabaki zuten.

Horrek lur gehiago izateko beharra sortu zien. Egun, hainbat nekazarirekin hitzarmenak dituzte, eta, horrela, laborantzak zaintzen dituzte. “Egungo produkzioarekin ezinezkoa da gure lurretan lantzea. Produktu bakoitzean espezialista diren eskualdeko nekazariak bilatzen ditugu”. Erriberan dituzte laborantza guztiak, besteak beste, Lodosan, Lerinen, Mendabian eta Azagran.

Kalitate ziurtagiriak

“Gure filosofia kalitatezko produktua sortzea da”, dio Antonek. Hori bermatzeko, produktuen prozesu osoa kontrolatzen dute Pedro Luisen. Hala ere, bezeroen konfiantza izateko kalitate ziurtagirietara jotzen dute. “Kalitatea nahi dugu gure produktuetan, eta hori bermatzen duten ziurtagiriak izateko bideratzen dugu gure lana”, esan du Antonek.

Pikillo piperrak, Nafarroako zainzuriak eta Tuterako orburuak jatorri izeneko produktuak lantzen badituzte ere, azken urteetan tomatea da gehien saltzen dutena. Hori nekazaritza ekologikoaren alde egindako apustuarengatik dela uste du Antonek. “Gure produktuek sor-marka izatea nahi dugu, eta ez badago, produkzio ekologikora jotzen dugu”. Horrez gain, glutena izan dezaketen produktu ekologikoek Zeliakoen Espainiako Elkarteen ziurtagiria dute. “Gure produktuen kalitatea bermatzen duten ziurtagiriak nahi ditugu. Adibidez, eskualdeko produktuak lantzen ditugula ziurtatzen dutenak. Produktuak ahal bezain goiz lantzea ezinbestekoa baita kalitate ona ziurtatzeko. Horrekin batera, baditugu jatorri izenaren, nekazaritza ekologikoaren eta zeliakoen ziurtagiriak”. International Food Standar ziurtagiria ere jaso dute. Agiri hori jasotzeko, produktuak lantzeko orduan kalitatezko kontrol zurrunak gainditu behar dira.

Pedro Luis enpresak ekoizten dituen zenbait produktuk hainbat sari gastronomiko jaso dituzte. Esaterako, Pedro Luisen pikillo piperrak dira gehien saritutako produktua, besteak beste, Euskadiko Elkarte Gastronomikoen Lodosako Pikillo Piper Dastatzearen Saria eta Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria 2009 sariak irabazi dituzte.

Etorkizunera begira bide beretik jarraitzeko asmoa dute Pedro Luisen: “Laborantzen eta ekoizpenaren kontrolean oinarritutako kalitatea eskaintzen jarraituko dugu. Hori da gure bermea”.