Euskal Jai hustu zutela hamar urte beteko dira abuztuan

Euskal Jai gaztetxekoentzat urteurrenen urtea da 2014a. Herenegun, hogei urte bete ziren Iruñeko Gazte Asanbladak Caldereria kaleko Euskal Jai pilotalekua okupatu zuela. Hamar urteko ibilbidearen ostean, 2004ko abuztuan, eraisten hasi ziren, Yolanda Barcina Iruñeko Udaleko buru zela. Beraz, hiru hilabete barru urteurren hori ospatzeko asmoa dute Euskal Jai gaztetxeko kide izan ziren hainbat lagunek. Hala ere, oraindik ez dute ospakizun hori zertan den jakinarazi. Jai horren bidez, egun haietan Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunen eskutik jaso zuten elkartasuna eskertu nahi dute. Izan ere, ehunka lagun bildu ziren gaztetxearen alde borroka egin zuten lagunei babesa adieraztera.