“Ez gara Elizaren aurkakoak, pribilegioen aurkakoak baizik”

Ehunka gurtza toki jarri zituen Eliza katolikoak bere izenean 1998. urtetik aurrera. Ordura arte, Elizak ezin zituen immatrikulatu gurtza tenpluak, baina Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean moldaketa bat egin zuen. Inor gutxik izan zuen aldaketa horren berri, Eliza katolikoaren buruek bakarrik. Halabeharrez, 2007an, Tafallako Udalak jakin zuen herriko eliza eta beste hainbat ondare Eliza katolikoaren izenean zeudela. Egoera hori salatzeko, hainbat herritarrek Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataforma sortu zuten. Urteetako lanaren ostean Elizaren jokaera gizarteratzea lortu dutela uste du Carlos Armendariz plataformako kideak (Atarrabia, 1936). Eliza katolikoaren immatrikulazioei buruzko jardunaldiak antolatu ditu plataformak, gaur eta datozen bi ostiraletan, 19:15ean, Iruñeko Gurutzeko plazako institutuan. Hainbat adituk Elizaren immatrikulazioak aztertuko dituzte, legearen, moralaren eta historiaren ikuspegitik.

Zergatik sortu zenuten Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma?

Tafallako Udala herriko ondasunen zerrenda egiten ari zen 2007an. Horrela konturatu ziren herriko ia gurtza tenplu guztiak Eliza katolikoaren izenean zeudela. Hori ezusteko handia izan zen, ordura arte ondare publikoak, eta gurtza tenpluak bereziki, ezin zirelako jarri inoren izenean. Gertatutakoa salatzeko, Tafallako zinegotzi batzuek gutun bat idatzi zuten egunkarietara. Idazki horretan, gertatutakoa azaldu eta Eliza salatu zuten guztionak diren ondasunak beretzat hartzeagatik. Egun batzuk geroago, Uxueko erromerian, Iruñeko artzapezpikuak gogor ekin zuen gutuna idatzi zutenen aurka. Orduan, Tafallan lauzpabost pertsona gaia lantzen hasi ziren, eta aurrera begira lan egiteko plataforma sortu zuten. Egun, hamar bat pertsona gara.

Zer-nolako harrera izan du zuen lanak?

Lan handia egin dugu herriz herri. Udaleko hiru batzar egin ditugu, eta, orotara, berrehun herritako ordezkariak bildu ditugu. Ez diogu udal horiek guztiak interesaturik daudenik, baina herri horietan badago norbait interesa duena gai horretan eta bere herrian gaia landu nahi duena. Azken finean, herrietan pilotalekuak, garbitegiak, kaleak eta beste hainbat gauza daude, jendeak bereak sentitzen dituenak. Gure ustez, herrietako elizak ere talde horretan sartzen dira, herritarrek egin zituztelako.

Zergatik ezin ziren jarri gurtza tenpluak inoren izenean?

Hipoteka Legeak hori esaten zuelako. 1946an, frankismo garaian, Elizari nahi zuena erregistratzeko eskubidea aitortu zioten. Horretarako ez zuen inolako agiririk behar; aski zen gotzainaren hitza. Horrela, denetarik jarri zuten euren izenean. Baina legeak kanpoan uzten zituen gurtza tenpluak. Antza denez, Francok horiek mantendu nahi zituen. Baina hori 1998an aldatu zen.

Zenbat ondasun jarri ditu Elizak bere izenean?

Nafarroan, Elizak 1.087 ondasun jarri ditu bere izenean 1998. urtetik aurrera. Zerrenda osoa dugu: elizak, parrokiak eta ermitak. Hori lehen ezin zen egin.

Zer gertatu zen 1998an?

Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak, isilpean, Hipoteka Legea aldatu zuen. Ordura arte, gurtza tokiak ezin ziren immatrikulatu. Gotzainek baino ez zuten izan aldaketaren berri. Hortik aurrera, jaberik ez zuten eraikin guztiak immatrikulatu zituzten. Haien arabera, hori egin dute esku hartze maltzurretatik babesteko. Baina guk uste dugu jabego grinagatik dela. Egun, haiek dira guztiaren jabeak, eta nahi dutena egin dezakete. Gure ustez, hori jabego faltsua da, legeak ez duelako oinarri juridikorik.

Zergatik ez du oinarririk?

Legea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da. Alde batetik, Elizak frankismo garaitik ondasunen bat bere izenean jarri nahi baldin badu, bere hitza baino ez du behar. Hau da, gotzainak esaten badu zerbait berea dela, egiazkotzat jotzen da. Beste edonork zerbait bere izenean jarri nahi baldin badu, prozesu burokratiko konplexu bat bete behar du; Elizak ez du horrelakorik egin behar. Hori pribilegioa da, eta ezin da onartu. Konstituzioaren arabera, legearen aurrean denok gara berdinak, baina, kasu horretan, gutxienez nahiko ezberdinak gara.

Beste alde batetik, konstituzioan jartzen du estatua ez dela inongo erlijiorekin lotuko. Baina Eliza katolikoa estatu erakunde gisa tratatzen du legeak. Iruñeko Artzapezpikutzak uste du Elizaren aurkakoak garela. Oker dabiltza: ez gara Elizaren aurkakoak, pribilegioen aurkakoak baizik.

Hipoteka Legea aldatuko dute. Zertan antzemango da aldaketa?

PPk esan du Hipoteka Legea zaharkitua dagoela eta aldatu egin behar dela. Egungo lege proposamenak ez dio ezer erlijio tenpluei buruz. Hori onartuz gero, Elizari nahi duena immatrikulatzeko eskubidea kenduko diote. Horrek arrazoia ematen digu. Duela zazpi urte, inork ez zekien ezer gai honen inguruan. Gaia zabaltzea lortu dugu, eta hainbat tokitara heldu gara, hala nola Nafarroako Parlamentura eta Espainiako Senatura. Elizaren immatrikulazioen gaia PPren aurka erabil daitekeen arma politiko bat da. Horregatik aldatu nahi dute legea hauteskundeak heldu baino lehen. Hala ere, Elizak bi urte inguru ditu oraindik nahi duena immatrikulatzeko. Horregatik diogu garrantzitsua dela Elizari pribilegio hori kentzea. Baina gakoa da orain arte immatrikulatutakoa itzultzea, konstituzioak dioenaren aurka egin duelako.