Desobedientzia zibilaren gunea izan zen ia hamar urtez. Erresistentzia pasiboaren mugarria Iruñean. Urtebetez lanean aritu ostean, Iruñeko Gazte Asanbladak azkenean Euskal Jai pilotalekua eta ondoan zegoen eraikina okupatzea lortu zuen. 1994ko maiatzaren 7a zen. Herenegun bete zen okupazioaren hogeigarren urteurrena. Desobedientziaren Iruñeko uhartea deiturikoa gogoratzeko asmoz, aste honetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideek. Bihar, egun osoko jai berezia egingo dute Caldereria kalean.
1909. urtean eraiki zen Euskal Jai erremonteko pilotalekua. Estilo modernistakoa zen. Munduko erremonte pilotaleku handienetakoa izan zen. Baina, 1994ko maiatz hartan, pilotaleku zahar hari beste erabilera bat eman ziezaiokeela pentsatu zuen gazte talde batek, eta bai lortu ere. Dozenaka ikastaro, mintzaldi, bilera, kontzertu eta bazkari egin ziren bertan hamar urtean.
Haurra zen arren, ondo gogoratzen da okupazioaren egunaz Sergio. Biharko festa antolatu duenetako bat da, eta isunen beldur delako ez du bere abizena jakinarazi nahi. “Gogoratzen dudana da aitarekin Alde Zaharrean nengoela okupatu zutela Euskal Jai. Egun horretan izugarrizko euritea egin zuen”, dio, irri artean. Maia, hondartza nahi dugu lelopean egingo dute biharko jaia, eta hura ospatzeko ez dute udalean baimenik eskatu. “Bihar ere desobedientzia eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Nor da udala esateko guk gure lagunekin kalean ezin dugula bazkaldu eta dantzatu? Horixe egin nahi dugu, gaztetxeko lagun eta alde zaharreko ezagunekin jai giroan bildu”.
Hain justu, auzokideekin Euskal Jai gaztetxekoek lortu zuten harremana nabarmendu du Sergiok: “Hasiera batean errezeloz begiratzen ziguten, baina gero izugarrizko harremana sortu zen”. Harreman horren sendotasuna Euskal Jai hustu zutenean “agerian” gelditu zela uste du. Gaztetxea eraistearekin batera borroka egin zutelako hiriarena zen “ondasun hura” desager ez zedin.
2000. urte inguruan egin zen Sergio Euskal Jaiko batzordeko kide: “Ohartu ginen asanbladako gehienak zahartzen ari zirela eta belaunaldi aldaketa behar zela”. Gaztetxearen azken urteak kudeatzea egokitu zitzaion, eta aitortu du ez zela lan erraza izan: “Gaztetxeak 2.000 metro koadro baino gehiago zituen, eta hori kudeatzea izugarri zaila zen”. Zailtasunak zailtasun, dozenaka ekitaldi gauzatu ziren. Esaterako, Korrikari Iruñeko Udalak jaia egiteko debekua ezarri ondoren, gaztetxean egin zuten festa. Horrez gain, Euskal Jain jarri zituzten sanferminetako txosnak hainbat urtez. Eragile ezberdinei laguntzeko prest zeudela jakinarazi du Sergiok.
Dena den, Sergiorentzat bizitzako eskola ere izan zen gaztetxea. “Batzar bitartez funtzionatzen zen; beraz, erabakiak modu horizontalean hartzen ziren”, azaldu du. Horrez gain, Euskal Jai egoera txarrean zegoenez, batez ere eraikina zaharberritzen ikasi zuten. “Ez dakit zergatik, baina gaztetxeko kide asko igeltseroak ziren, eta haien ofizioa primeran ikasi genuen”.
Baina lagun asko ikastaroek erakarrita joan ziren lehen aldiz gaztetxera. Hori da, hain zuzen ere, Miriam Bravoren kasua. 16-17 urte zituela, eskujoko ikastaro batean parte hartu zuen. Horren bidez hasi zen gaztetxera joaten. “Iruñean hotz handia egiten du, eta gaztetxean goxo egoteko aukera genuen zentimorik gastatu gabe”, dio Bravok, irri artean. Horrez gain, gaztetxean zegoen aniztasuna nabarmendu du: “Mota guztietako jendea joaten ginen, punkiak, borrokak…. Ezberdinak ziren lagunekin harremana izaten ikasi genuen, eta hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait”. Egun, aldiz, halako harreman pluralak izatea kosta egiten dela irizten dio.
Une garrantzitsuen bizitoki
Nostalgia apur batekin mintzatzen da Euskal Jai gaztetxeaz Julieta Itoitz rap abeslaria. Nabarmendu du gaztetxearen bidez erakutsi zela beste gizarte antolaketa bat posible zela. “Euskal Jai oso momentu berezian okupatu zen; 1990eko hamarkadan diru asko zegoen, eta Iruñeko Gazte Asanbladak beste gizarte antolaketa bat aldarrikatu zuen”, azaldu du Itoitzek. Hura sekula ez zen izan gaztetxea kudeatzen zuen taldeko kidea. Hala eta guztiz ere, harreman estua izan du beti bertako kideekin.
Jakinarazi duenez, hasiera batean hainbat auzokidek ez zuten begi onez ikusi Euskal Jairen okupazioa. “Askok ez zekiten zein asmorekin okupatu zuten, eta horrek kezka sortzen zuen”. Hala ere, apurka-apurka, denbora aurrera joan ahala Alde Zaharreko Auzokideen Elkartearen eta gaztetxearen arteko harremanak sendotzen joan zirela jakinarazi du Itoitzek.
Caldereria kaleko pilotaleku zaharraren inguruan bizitako hainbat une ahaztezinak egiten zaizkio, han ezagutu baitzuen bere bi haurren aita. Horrez gain, rap abeslari moduan gaztetxean egin zuen debuta: “2004ko inauteriak ziren, eta Rap del Carnaval [Inauterietako Rapa] abestu nuen; Orduan jaio zen La Chula Potra”.
Bihar, gainera, kontzertua emango du okupazioaren urteurrena ospatzeko. Sergio, Miriam Bravo eta Julieta Itoitz bat datoz biharko eguna “egun handia” izango dela. Azken finean, desobedientzia zibilaren uhartean parte hartu zuten haiek berriz elkartzeko parada aproposa izango da. Uharte izan zen hori hondartza bilakatu nahi dute. Horregatik, bihar Caldereria plazara joateko asmoa dutenei bainujantzi eta eskuoihala hartuta joateko gomendatu diete jaiaren antolatzaileek.