Hasi da paisaia aldatzen

Poliki bada ere, Iruñeko hizkuntza paisaia aldatzen ari da”, azaldu du Maite Inda Kontseiluko kideak. Urte luzez egindako ahaleginari esker, lehen emaitzak atzematen hasi dira, gaztelania hutsean zeuden hainbat kartel ele bitan jarri baititu Iruñeko Udalak. Aurrerapausoa oraindik “handia izan ez arren”, baloratu egin dute Iruñeko Euskalgintza osatzen duten elkarteek, hots, AEK-k, IKAk, Sortzen-ek, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Topaguneak, EHEk eta Administrazioan Euskaraz-ek. Orotara, 2013an, Iruñeko Udalak 14.000 euro baliatu zituen euskararen ordenantza betetzeko. Aurten, berriz, 20.000 euroko aurrekontua dago aurreikusia Iruñeko hizkuntza paisaia eraldatzen jarraitzeko.

Euskarak gaztelaniaren trataera bera izatea ez da Iruñeko Euskalgintza taldekoen gutizia. Legeak dioena betetzea besterik ez dute nahi. “Hizkuntza paisaiak non gauden kokatzeko balio du”, azaldu du Indak. Hirigune baten hizkuntza errealitatea islatzeko ere baliagarria dela gaineratu du. Baina, Iruñearen kasuan, egungo hizkuntza paisaia, oraindik ere, errealitate horrekin ez dator bat. “Errealitatea ezkutatu eta herritarrengan pertzepzioa faltsutu nahi dute”, ohartarazi du Indak.

Era berean, Asier Biurrun AEK-ko Iruñeko koordinatzaileak aurrerapausotzat jo du Iruñeko Udalak hizkuntza paisaia eraldatzeko aurrekontua zehaztea. “Diru sail hori hor izateak erakusten du gauzak ez dituztela ongi egin”, salatu du. Izan ere, Iruñeko Udalak kale izendegian udal ordenantza bete ez duenez, diru publikoa “xahutu” duela ohartarazi dute. “Azken finean, gastua bikoitza da; lehenik, ordenantza bete gabe plaka jarri dute, eta, ondoren, ordenantza betetzeko aldatu egin behar izaten dute”, salatu du Indak.

Erabat ados dago Indarekin Sagrario Aleman IKAko arduraduna. Baina jakinarazi du eskubide urraketa ez dela kaleko seinaleetan bakarrik gertatzen. Izan ere, gogorarazi du iruindarrek eskubidea dutela udal zerbitzuetan gaztelaniaz zein euskaraz arta ditzaten. Hala ere, Iruñeko Udalak hori bermatzeko ez duela “ezer” egiten irizten dio Alemanek: “Akats larria da lan eskaintza publikoetan euskararen ezagutza beharrezkoa ez izatea”. Aurrerago, langile horiek euskalduntzeko programetan parte hartu beharko dutelako eta, beraz, beste behin diru publikoa baliatu beharko dutelako horretarako.

Ia lau urteko ibilbidea

2010ean hasi ziren Iruñeko Euskalgintza taldekoak hizkuntza paisaiaren diagnosia egiten, hainbat lagunek igorritako hizkuntza paisaiaren argazkien bidez. Gainera, orduan indarrean zegoen Euskararen Ordenantza ere aztertu zuten. Ondorioztatu zuten araudi hori euskara sustatzeko baino gehiago euskararen normalizazioa “galgatzeko” baliatzen zuela UPNk. Hala, 2012an, sinadura bilketa bat egin zuten, eta, 2.600 herritarren babesari esker, Iruñeko Udaleko Geroa Bai, Aralar, PSN, Bildu eta Ezkerra alderdiek bat egin eta ordenantza hori aldatzea adostu zuten. Horren bitartez, egun Iruñeko Udalak kudeatzen dituen karteletan euskarari eta gaztelaniari trataera bera eman behar die.

Zaitasunak zailtasun, hizkuntza paisaian berdintasunaren bidean da Iruñea. Hala ere, hainbat gertaera paradoxiko jazotzen dira egunerokoan. Izan ere, Indak jakinarazi duenez, duela gutxi, Zuhaitzaren Eguna zela eta, eskuorri batzuk kaleratu zituen Iruñeko Udalak. Baina, beste behin, gaztelania hutsean zeudela ohartu ziren. Ondorioz, esku orri horiek baztertu eta ele bitan inprimatu behar izan zituzten. “Paradoxikoa da ordenantza ez betetzeagatik gastatu beharreko dirua eta papera bikoitza izatea”, ohartarazi du Indak.

Aurrerantzean zer egingo duten galdetuta, hizkuntza paisaiaren afera lantzen jarraitzeko prest daude Iruñeko Euskalgintzako kideak. Orain, hizkuntza paisaiaren mapa osatzekotan dira. Telefonoz zein korreo elektronikoz bidalitako argazkien bidez. Izan ere, “borroka” horretan ezinbestekoa izan da norbanakoen laguntza eta babesa.

Horrez gain, bestelako erronkak ere badituzte. Izan ere, kale izendegiaz gain, Iruñeko sarreran gaztelaniaz soilik dauden kartelak ere aldatzeko eskaera egin dute. Aldaketa hori egitea noren eskuduntza den zalantza dagoela azaldu du Alemanek. Antza denez, hasiera batean udalen eskuduntza zela uste zuten, eta badirudi zeregin hori Nafarroako Gobernuarena dela. Laster espero dituzte afera horren inguruko argibideak.