Txanpon beraren bi aldeak

Sufrikarioz betetako hogei urte luze behar izan ziren 1936 aurreko elikadura maila berreskuratzeko”, esan du Emilio Majuelo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko irakasleak. Espainiako Gobernuak errazionamendu politika martxan jarri zuela 75 bete dira maiatzaren 14an. Gerra osteko urteak eskasia handikoak izan ziren. “Heriotza tasa ikaragarri igo zen, bereziki haurren artean. Garai horretan berriz ireki zituzten bainuetxeak eta sendategiak”. Jendeak ez zuen ia jatekorik, errazionamenduak ez zuelako gutxieneko elikadura bermatzen. Horregatik sortu zen merkatu beltza. “Errazionamendu politika eta merkatu beltza txanpon beraren bi aldeak dira”, dio Majuelok.

36ko gerrak ondorio larriak izan zituen industrian, baina, Majueloren iritziz, nekazaritzan ez zuen horrenbesteko eraginik izan. “Gerra urteetan nabaritu zen ekoizpenaren jaitsiera, jende asko frontean edo hilda zegoelako. Baina ez bi mundu gerretan bezainbeste. Kaleak eta errepideak suntsituta zeuden, eta abere mordoa hil zituzten, baina nekazaritza ez zen horrenbeste kaltetu”. Majueloren ustez, gerra osteko gosetean zerikusi handiagoa izan zuen Espainiako politika ekonomikoak, gerra osteko krisiak baino.

Espainiako Gobernuak politika ekonomiko autarkikoa jarri zuen martxan, eta ekonomia erabat kontrolatzen saiatzen zen. Estatuaren interbentzionismoa ez da estatu faxisten ezaugarria, modu batean edo bestean gobernu guztiek egiten baitute nolabaiteko esku hartzea ekonomian. Arazoa da interbentzionismoa nola egiten den. Majueloren arabera, prezioak lur-jabe handien mesedetan finkatu zituzten, eta horrek lur-jabe txikiak eta herritar xeheak ito zituen. Ondorioz, nekazari xumeek merkatu beltzaren beharra zuten bizirik irauteko. “Gobernuak jarritako prezioarekin ez zen aski ezta gastuak ordaintzeko ere. Merkatu beltzean, ordea, nekazariak jartzen zuen prezioa, eta hainbatetan legezko prezioa bikoiztu egiten zuen”. Hala ere, ez ziren lur-jabe txikiak izan merkatu beltzetik errentagarritasun handiena lortu zutenak. “Lur-jabe handiek aurrera egin zezaketen prezio finkatuarekin, eta, era berean, hainbat produktu ezkutuan gordetzen zituzten. Horrela, merkatu beltzean produktu horien prezioak zeruraino igotzen utzi, eta izugarrizko negozioa egiten zuten”, esan du Majuelok. Urte horietan pilatutako kapitalak 1950eko hamarkadako inbertsioak ahalbidetu zituen.

Estatuak, elikagaien gaineko erabateko kontrola ziurtatzeko, sistema burokratiko indartsua jarri zuen martxan, baina ez zuen merkatu beltza gelditu. “Garia eta olioa gehiago saltzen zuten merkatu beltzean, legezkoan baino”, argitu du Majuelok.

Francoren gobernuak sistema autarkikoa tinko bete bazuen ere, hainbat produktu inportatzen zituzten, betiere estatuaren kontrolpean. “Estatuak inportazio kupoak banatzen zituen. Normalean, bere konfiantzazko jendearen artean. Adibidez, ezaguna da Villaverdeko markesak, Francoren suhiak alegia, Vespino motorren monopolioa izan zuela”. Boterearen inguruan ustelkeria kasuak ugariak eta nabarmenak ziren bitartean, herritarrak gose ziren. Hala gaineratu du Majuelok: “Bilboko Merkataritza Ganberak 1940ko hamarkadaren bukaeran errazionamenduak igotzeko eskatu zion gobernuari. Langileak elikagai faltagatik zorabiatu egiten zirelako, eta, beraz, ez zutelako produzitzen”. Herrietan gosea pasatzen bazuten ere, hiri handietan egoera “ikaragarria” izan zen.

Hori horrela izanik, merkatu beltza modu natural batean sortu zen. Pedro Esarte historialariak Baztango kontrabandoa eta merkatu beltza bertatik bertara ezagutu eta ikertu ditu: “Elikagai falta ikaragarria zegoen gerra ostean; beraz, goseari aurre egiteko ekinbide pertsonala zen merkatu beltza”. Hasieran kontrabandoaren bitartez saldu eta erosten zena bertako produktuekin egiten zela jakinarazi du. Norbaitek oinarrizko elikagairen bat bazuen beste batengatik trukatzen zuela, alegia. Baina, mugaren gertutasuna zela eta, berehala hasi ziren produktuak “beste aldetik ekartzen”.

Garai hartako Baztango alkatearen huts administratibo batek, gainera, eskualdean “gose bikoitza” eragin zuela dio Esartek. “Baztan abeltzaintza gunea zen, baina alkateak nekazaritza gune izendatu zuen. Horrek esan nahi du labore aldetik geure burua hornitu behar genuela. Baina abeltzaintza gunea izanda, ez zuten labore nahikorik, eta kanpotik ezin genuenez ekarri, gosea ikaragarria izan zen”. Gauzak horrela, muga gurutzatzea ohiko lana izan zen askorentzat. Esarteren irudiko, Baztanen kokapena ona da, Nafarroa Behereko muga zabala duelako eta mendiek ez dutelako garaiera handirik.

Hala ere, kontrabandoa Baztanen ez zen gerra ostean hasi, lehenagokoa zen. “XVI. mendetik aurrera, etengabeko tratuak izan dira mugaren alde bateko eta besteko biztanleen artean. Mugak ez ditugu herritarrok jarri. Mugak estatuen interesak dira”, dio Esartek. Historian beharra egon denean jendeak irauteko ahal duena egin duela nabarmendu du. Gerra ostean beharra handia zen, eta horregatik hartu zuen garrantzia. Mota guztietako jendeak parte hartu zuen, baina, Esarteren arabera, galtzeko ezer ez zutenak nabarmendu ziren: “Kontrabandoan aritzea edonoren eskura zegoen. Baina, harrapatuz gero, isunak jartzen zituzten, eta ordaindu ezean norberaren ondasunetara jotzen zuten. Gure aitak, adibidez, etxea zuen, eta sekula ez zen sartu kontrabando kontuetan, etxea galtzeko beldurrez”.

Kontrabandoa vox populi zen. Baztango herritar guztiek bazekiten nor aritzen zen horretan, baita Guardia Zibilak ere. Baina beharra handia zen, eta gaueko lana asko zabaldu zen. Guardia zibilek ere parte hartzen zuten. “Nik ezagutu nuen Guardia Zibilaren teniente bat heldu bezain laster lekuz aldatzeko eskatu zuena, ez zuelako ustelkeriatan ibili nahi”, ohartarazi du Esartek. Gaineratu duenez, hileroko kuotak ordaintzen zitzaizkion Guardia Zibilari. “Dena den, bazen ordaindu gabe lan egin nahi zuenik ere, baina horien bidean Guardia Zibila ateratzen zen lapurretan egiteko”. Hainbat guardia zibilek ere kontrabandoa egin zuten zuzenean. “Duela gutxi hil den guardia xibil izandako batek Madrilgo Galerias Preciadosi saltzen zion kafea”, gogoratu du historialariak.

Errazionamenduak eta merkatu beltzak errealitate baten bi aldeak islatzen dituzte. Biak elkarrekin sortu eta elkarrekin desagertuz joan ziren. Errazionamendua 1952an desagertzen hasi zen. Hurrengo urteetan, AEBek eta Espainiak egindako akordioen ondorioz, ekonomia berpiztuz joan zen. Herritarrek euren gutxieneko beharrak ase ahala, elikagaien kontrabandoak ere behera egin zuen. Dena den, 1960ko hamarkadara arte iraun zuen, kobrearen moduko produktuak garraiatzen hasi zirelako.