“Tiro eremua gudetan egingo dena probatzeko gunea da”

Duela lau urte sortu zen Bardenas Ya batzarra. Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako tiro eremua bertan behera uztea du helburu. Batzarreko kidea da Noemi Solanas (Zaragoza, Espainia, 1977). Bardeako gune babestuan Espainiako armadak tiro eremua izatea “ulertezina” dela salatu du. Igandean tiro eremuaren aurkako martxan parte hartuko dutela ohartarazi du. Horrez gain, biharko, desobedientzia zibilarekin eta antimilitarismoarekin lotutako mahai ingurua antolatu dituzte, besteak beste.

Bardeako tiro eremuaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzue astebururako.

Tiro eremuaren aurkako borrokan garai batean zegoen giroa berreskuratu nahi dugu. Horregatik erabaki dugu aurten, besteak beste, mahai ingurua. Antimilitarismoaz, desobedientzia zibilaz eta lurraren defentsaz mintzatuko dira hizlariak. Jardunaldietara hiru eragile gonbidatu ditugu: Mugitu, Sustrai eta Utopia Contagiosa. Horrez gainera, dokumental bat ikusteko aukera ere izango da.

Bardeako tiro eremuaren aurkako beste batzar bat ere bada. Zer nolako harremana duzue elkarren artean?

Guk eremu antimilitarista bat sortzeko beharra sentitzen genuen. Gainera, ohartu ginen indarrak batzeko zailtasunak zeudela iritzi politiko kontrajarriak zeudelako. Duela zenbait urtetik hona, Tiro Eremuaren Aurkako Batzarra arduratzen da azpiegitura horren aurkako martxa antolatzeaz. Zerbait gehiago egin behar genuela sentitzen genuen. Bonbardaketak eguneroko diren neurri berean, gure borroka ere egunerokoa izatea nahi dugu. Horregatik sortu genuen gure batzar propioa. Argi utzi nahi dugu gure taldea pentsaera politiko guztietako jendeak osatzen dugula, baina tiro eremua bertan behera uzteko eskaeran bat egiten dugula.

Zer deritzozu tiro eremuaren inguruko aferari? Baikorra zara?

Egia esan, zaila da baikorra izatea. Sistema ekonomikoan eta, beraz, sistema kapitalistaren oinarrietan dago gakoa. Azken finean, argi esan behar da: tiro eremua gudetan egingo dena probatzeko gunea da. Azpiegitura inposatu bat da. Oso zaila da gure helburua lortzea. Borroka gogorra da. Baina, neurri batean, gure esku ere badagoela uste dugu. Borrokatzeari utziko bagenio, tiro eremua bertan behera uzteko aukerak guztiz desagertuko lirateke. Beraz, argi dugu orain arte bezala lanean jarraitu behar dugula.

Zeintzuk dira Bardeako tiro eremuak eragiten dituen ondorio nagusiak?

Batez ere, zaratagatik sufritzen dute gehien tiro eremuaren inguruan bizi direnek. Batez ere, probak egiten dituztenean izaten da zarata gehien. Gainera, hegazkinak herri guneetatik oso gertu pasatzen dira. Lehergailuak lehertzen dituztenean leihoetako kristalek dar-dar egiten dute. Horrez gain, armadak egiten dituen probetarako erabiltzen dituen materiala dela eta, lurra kutsatuta dago. Ziur gaude kutsadura horren ondorioak jasaten ari direla hainbat lagun, Erriberakoak eta Cinco Villaskoak (Zaragoza, Espainia) batez ere. Bardean egiten dutena ez dela osasungarria. Baina armadak egindako probek osasunean duten eragina frogatzea oso zaila da, datuak lortzeko oztopoak daudelako.

Bardeako tiro eremuak inguruko herritarren osasunean eragiten duela diozu. Hori frogatzen duen ikerketarik bada?

Ez, tamalez, ez dago halakorik frogatu ahal izateko ikerketarik. Bardeako Batzordeak azterketak egiten dituen gaixotasunen eta tiro eremuaren artean loturarik ez dagoela frogatzeko. Cinco Villasen izan diren minbizi kasuen inguruko ikerketa bat badela badakigu. Hori lortu nahian gabiltza, baina, ofizialki, guztia ukatu egiten dute. Gainera, Bardeako lurraren analisia egin ahal izatea gustatuko litzaiguke. Azken finean, guk datuak lortu nahiko genituzke ikerketa objektibo bat egin ahal izateko, baina Defentsa Ministerioak ez ditu datuak eman nahi izaten.

Sarritan esan izan da Bardean arma kimikoekin probak egin izan dituztela. Horren berririk baduzue?

Lehen esan dudan bezala, Defentsa Ministerioak sekretismoz jokatzen du afera honetan guztian. Erabiltzen duten armamentuaren inguruan isiltasuna da haren erantzun bakarra. Hala eta guztiz ere, gu ziur gaude 1980ko hamarkadan uranio pobretua erabili zutela.

Bardean aske mugitzeko aukera mugatuta dagoela salatu duzue.

Hala da. Askorentzat, sinesgaitza izango da, baina Bardeara paseotxo bat ematera joatea ezinezkoa izaten da. Sarritan, hango militarrek diote ez dugula han egoterik, hegaztiei traba egiten diegulako. Baina, gure ustez, faunari gizakiek baino traba handiagoa egiten diote proba militarrek. Motorren zarata, sarritan, jasangaitza izaten da. Okerrena, gure ustez, Bardearen erabilerak berak eragiten dituen aldaketak dira. Artzaintzaren baldintzak eraldatzen ari dira gerrarako praktikak egin ahal izateko.

Nori dagokio Bardeako tiro eremua bertan behera uzteko erabakia?

Azken hitza Defentsa Ministerioak izango du beti. Hala ere, ministerioarekin tiro eremuaren alokairua adosten duen Bardeako Batzordeak ez du akordio hori bertan behera uzteko inolako asmorik. Kontuan izan behar da Defentsa Ministerioa batzordea osatzen duten udalerrientzat diru iturri oso garrantzitsua dela. Zaila da tiro eremua bertan behera uztea interes asko daudelako tartean.

Sarritan salatu dituzue Bardean izan diren hegazkin istripuak.

1980ko hamarkadatik dozena bat istripu inguru izan dira. Armadak hegazkinekin egiten dituen maniobrak oso arriskutsuak dira. Niri neuri, behin edo behin pasatu izan zait autoan joan eta hegazkin baten maniobra zela-eta beldurtzea. Askotan, hegazkinen gaitasunak muturreraino eramaten dituzte, noraino irits daitezkeen ezagutzeko. Horregatik gertatzen dira istripuak. Hala ere, esan beharra dago istripu horien berri ez duela ministerioak eman nahi izaten.