“Giza katearen mugimendua ur tanta anitzez osatutako olatu bat da”

Gure Esku Dago ekinbideak Baztan-Bidasoan “esperantza” sortu duela jakinarazi du Fernando Anbustegik (Elizondo, 1977). Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea xede duen proiektuan koordinatzaile moduan ari da lanean beste hainbat lagunekin batera. Dioenez, mila lagunetik gora izango dira Sarasate herrian egokitu zaien kilometroan.

Beste herrialde batzuetan baino beranduago hasi da Gure Esku Dago ekinbidea Nafarroan.

Horrela da. Egia da Nafarroan beranduago hasi garela. Beharbada izan daiteke ekinbideak Gipuzkoan duelako sorburua. Nafarroan ere egoera nahasian egon gara azken hilabeteetan. Mugitzen garenak gauza anitzetan gaudenez, ezin izan gara lehenago hasi. Hemen dugun egoera denek ezagutzen dugu, Nafarroak zati ezberdinak ditu, eta, horregatik, beste lurraldeetan baino gehixeago kostatu zaigu guztia martxan jartzea.

Zer-nolako giroa dago eskualdean igandeko ekitaldiaren harira?

Ilusio ikaragarria nabari da. Ekimen herritar bat da; ez dute alderdi politikoek sortu. Orduan, ideia edo sentsibilitate ezberdinetako jendea dago. Gehienak abertzaleak izanen gara, baina ez du zertan. Azken finean, ez da independentziaren aldeko giza katea, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua baizik. Horrek demokraziaren oinarria izan beharko luke. Gero bakoitzak erabakiko du zeren alde edo kontra dagoen. Horren erakusgarri da Euskal Herriko hainbat puntutan alderdi politiko anitzetako kideek bat egin dutela. Giza katearen mugimendua tanta anitzez osatutako olatu bat da.

Herritarrak dira ekinbidearen protagonista; zenbateraino da hori garrantzitsua?

Nire ustez, ezinbertzekoa da. Alderdi politikoak hor daude, eta dudarik gabe babestu edo gaitzetsi egin beharko dute. Baina, azkenean, herria da erabaki behar duena. Alderdi politiko ezberdinak hor daude, baina bakoitzak bere interesak ditu. Anitzetan, herritarren nahia eta gogoa ez dute asebetetzen. Herriak egindako zerbait herriak kudeatzen badu, herriak nahi duena eginen da.

Erronka nagusiena zein izango da?

Igandekoa ez da helmuga, prozesu baten hasiera baizik. Ekainaren 21ean zero batzarra deiturikoa eginen da, eta hor erabakiko da aitzinera begira zer pauso eman eta nola. Hau azkenean egun ikusgarria izanen da, ilusioa piztu eta eragiteko. Baina ez da hor akituko.

Igandean Baztan-Bidasoko zenbat lagun izango zarete giza katean?

Gure kilometroan mila lagundik gora izanen gara. Sarasaten dagoen 108. kilometroa egokitu zaigu. Hemezortzi autobus inguru joango gara eskualdetik.