Kalamu elkarteak arautzeko herri ekinaldi legegilea abiatu dute

Sinadura biltzen hasi dira Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoa zein kalamu elkarteetako kideak. Helburua herri ekinaldi legegile baten bidez Nafarroan dauden kalamu elkarteak arautzea da. Joan den maiatzaren 12an, Nafarroako Parlamentuak tramitera onartu zuen ekinaldi legegile hori. Beraz, sei hilabete besterik ez dute 5.000 sinadura bildu eta parlamentuan ekinaldia defendatu ahal izateko.

Sinadura biltzen hasi direnetik hilabete eskas igaro den arren, dagoeneko 1.500 lagun ingururen babesa jaso dutela jakinarazi du Ramon Morcillo Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko idazkariak. Dioenez, ekinaldiak oso harrera ona izan du, eta datozen asteetan “indartzea” espero du. Dena den, alderdi politikoen jarrerarekin ez da batere fio. Izan ere, salatu du askori ez zaiela “interesatzen” halako elkarteak arautzea.

Hala ere, kalamu elkarteak arautzeko lanean jarraitu nahi dute Morcillok eta Ordezkaritza Kanabikoko gainontzeko kideek. Datuak ofizialak ez diren arren, Iruñerrian zazpi bat kalamu elkarte daude. Bakoitzak bere bidea egiten du; guztiak dira legezkoak, eta guztiak daude elkarte moduan erregistratuta. Hala ere, Morcillok ohartarazi du funtsean kalamu elkarteak ez direla ohiko elkarteak, eta salatu du ez dutela segurtasun juridikorik. Izan ere, une oro poliziak atxilotuko dituzten beldur direla aitortu du.

Morcillo, Ordezkaritza Kanabikoko idazkari izateaz gain, Antsoaingo kalamu elkarteko bazkidea ere bada. Urtarrilean sortu zuten elkartea, eta jadanik ia 200 bazkide dituzte. Pozik daude izan duten harrerarekin. Dena den, halako elkarteak iragartzea “delitua” dela ohartarazi du. Horregatik ez du elkartearen egoitza zehazki non dagoen esan nahi; arazoak saihestu nahi dituzte.

Kalamua kontsumitzen dutenek neurri batean “babes juridikorik” ez dutela uste du Morcillok. Iritzi berekoa da Laura Salamanca Antsoaingo kalamu elkarteko diruzaina ere: kalamuaren kontsumoari buruzko legedia “oso murriztailea” dela irizten dio hark. Ez dute ez ekoizterik, ez garraiatzerik, ezta saltzerik ere. Baina norbanakoak kontsumi dezake, baldin eta besteei eragiten ez dien eremu pribatu batean egiten badu.

Morcillok galdetu du agintariek zergatik ez duten legeztatzen kalamuarekin lotutako guztia. Dioenez, badira legeztatuta dauden beste substantzia batzuk kalamua baino “kaltegarriagoak” direnak. Egoera horren atzean interes ilun asko daudela uste du Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko kideak: “Kalamua legeztatuko balute, guk ordaindutako zergen bitartez administrazio publikoak dirua erdietsiko luke”.

Alde horretatik, uste du administrazioak “bizkar” ematen diola kalamuaren kontsumoarekin lotutako guztiari. “Sarritan, badirudi errealitatea ere ukatu egin nahi duela”, dio Salamancak. Datu ofizialik ez dagoen arren, Nafarroan gehien kontsumitzen den substantzietako bat da kalamua, bai helburu ludikoetarako baita helburu terapeutikoetarako ere.

Hain justu, Antsoaingo elkarteko bazkideen artean denetik dago. “Egia da gehienek helburu ludikoetarako kontsumitzen dutela kalamua, baina elkartean denetarik dago”, azaldu du Salamancak. Gaineratu duenez, bazkideekin oso zorrotzak dira. Hiru gune garrantzitsu dituzte egoitzan, baina ziurrenik garrantzitsuena bulegoa da. Bertan erretzea debekatua dago, elkarteko langileek ke guneetatik at egon behar dutelako lan segurtasuna bermatu ahal izateko. Bertan gordetzen dute bazkideek kontsumitzeko prestatuta dagoen kalamua.

Morcillok azaldu duenez, aurreikusia dago gehienez zenbatekoa izango den bazkideen urteko kontsumoa. Hark, esaterako, gehienez 1.020 kalamu gramo kontsumi ditzake. “Batzuek gehienez zenbateko hori kontsumitzen dute; beste batzuk, berriz, ez dira horretara iristen”, azaldu du Morcillok. Gainera, bazkide bakoitzak bere fitxa du. Bertan jartzen dute noiz eta zenbat erosi duten.

Kalamu elkarteek ez dute inolaz ere irabazirik izan behar. Irabazirik izango balute, legea urratuko lukete. Horregatik, oso tentuz ibiltzen dira halako gauzekin Antsoaingo elkartean. “Irabaziak izango bagenitu, inbertsioren bat egin beharko genuke; ez dakit, beste lokal batera joan edo horrelako zerbait”, dio Salamancak. Oraingoz ez da horrelako egoerarik gertatu Antsoainen. Nahikoa lan badute elkartea bera mantendu ahal izateko.

Baina argi dute ez dutela eurena elkarte handi bat izaterik nahi. Gainera, bazkide egin ahal izateko prozesua erabat zehaztua dute. Bazkidea den pertsona baten bitartez egin daiteke soilik Antsoaingo elkarteko kide. “Kalamu kontsumitzailea izan behar du, eta hemen ditugun arauak errespetatzea ezinbestekoa da”, azaldu du Salamancak. Arau horiek errespetatzen ez dituena kaleratu egiten dute.

Elkarteak arautzeko legedia parlamentuan eztabaidatu ahal izateko behar adina sinadura biltzeko, beste bost hilabete besterik ez dute. UPN eta PPN ez beste alderdiekin bildu dira. Bilera egiteko gonbidapena egina diete, baina ez dute onartu. Hala eta guztiz ere, legedia gauzatuko den esperantza badutela esan dute Morcillok eta Salamancak. Izan ere, ziur dira kalamu elkarteak arautzea bi aldeentzat dela onuragarria.