“Ez dut uste txinerak gramatika zaila duenik. Arazoa hiztegia da. Lan handia egin behar da buruan sartzeko”, dio Huichi edo Monica Yu txinera irakasleak (Kaohsiung, Taiwan, Txinako Errepublika, 1980). Ingeles eta Gaztelaniazko filologien antzeko ikasketak egin zituen Yuk bere herrialdean. Horiek bukatutakoan, Iruñera etorri zen Psikopedagogia ikasketak egitera. Hamalau urte bete dira Taiwan utzi zuenetik. Gaur egun, Iruñeko Hizkuntza Eskolako irakaslea da. Horrez gain, itzultzailea eta interpretea ere bada. Badaki txinera oso hizkuntza arrotza dela euskal herritarrentzat; hark ingelesa eta gaztelania ikasi ditu, eta kosta egin zaio. Baina, haren aburuz, merezi du norberaren hizkuntzaren oso ezberdina den beste hizkuntza bat ikastea. “Oso ezberdina den hizkuntza ikasteak burua argitzen du”.
Yuk Huichi du izena, baina unibertsitatean mendebaldeko irakasleak zituzten, eta mendebaldeko izenak hartu zituzten komunikazioa errazteko. “Eskoletan 50 ikasle baino gehiago ginen, eta irakasleek ez zituzten gure izenak ondo ahoskatzen. Monica gustatu zitzaidan; Cristina ere polita da, baina beste batek hartu zuen aurretik”. Kaohsiungo Wenzao unibertsitatean ikasi zuen. Ikasketak bukatutakoan, 2000. urtean, Iruñera etorri zen, Nafarroako Unibertsitatean ikastera. Nahiago zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean ikasi, baina, horretarako, selektibitatea egin behar zuen. “Ez nuen horrenbesteko gaztelania maila. Baina Nafarroako Unibertsitateak eta nireak hitzarmena dute. Beraz, bertan ikasteko aukera izan nuen”.
Iruñeko ikasketak bukatutakoan, Bartzelonara joatea pentsatu zuen, Itzulpengintzan eta Interpretazioan masterra egiteko. “Gaztelania maila hobea nuen, eta zerbait praktikoagoa egitea pentsatu nuen”. Yuk hiru hizkuntza menperatzen ditu: txinera, gaztelania eta ingelesa. Txinerako mandarin eta taiwanera dialektoak ezagutzen baditu ere, eskoletan mandarina erakusten du; hori baita Txinako hizkuntza ofiziala.
Urte pare bat eman zituen Bartzelonan ikasten, eta 2008ko apirilean Iruñera itzuli zen. Bikotekidea bertan baitzuen. Lan egiteko aukera gutxiago zuen Iruñean Bartzelonan baino. Baina Hizkuntza Eskolara jotzea erabaki zuen. “Iruñean ez zuten txinera irakasten, eta proposatu nien ea txinera ikastarorik nahi ote zuten”. Hizkuntza Eskolako arduradunei gustatu zitzaien ideia, eta irailean martxan jarri zuten ikastaroa. “Izugarrizko arrakasta izan zuen txinerako ikastaroak. Bi talderentzako tokiak ireki zituzten, hau da, 50 pertsonarentzat, eta asko kanpoan geratu ziren”.
Yuren arabera, bi talde nagusitan bana daitezke txinera ikasi nahi duten pertsonak. “Guztiek sentitzen dute pasioa Txinako eta Asiako kulturekiko. Baina gero badaude zaletasun gisa ikasten dutenak eta lanagatik aukeratzen dutenak”. Yuk ulertzen du jendeak txinera ikasi nahi izatea curriculuma hobetzeko, Txina potentzia ekonomikoa delako. Baina hark ez du bat egiten planteamendu horrekin. “Hizkuntzak baliabideak dira. Gero eta baliabide gehiago izan, hobe. Baina mundua aldatu egiten da. Egun Txina potentzia ekonomikoa bada ere, urte batzuk barru India izan daiteke”.
Txinerak bi ikasketa mota dituela uste du Yuk: ahozkoa eta idatzizkoa. “Bi gauza oso ezberdin dira txineraren ahoskera eta karaktereak”. Txineraren ahoskera gaztelaniaren antzekoa dela dio Yuk. “Hitz egitea ez da arazoa. A, e, i, o, u eta beste bi bokal erabiltzen ditugu”. Irakaslearentzat, garrantzitsuena hitz egitea da. “Idaztea norberaren beharren araberakoa da. Nik hitz egitera bideratzen dut ikastaroa. Gero, mailaren arabera karaktere batzuk irakasten dizkiet”.
Hasieran oso arrotza badirudi ere, behin ahoskera ezagututa sentimendu hori desagertu egiten da. Haren aburuz, ahoskerak baino gehiago, txineraren doinuek sortzen dizkiete zailtasunak ikasleei. “Gakoa doinuak dira, gaizki eginez gero esaldiaren zentzua aldatzen baita”. Jolasaren bidez praktikatzen ditu doinuak. “Hemengoentzat musikaren antzeko zerbait dira doinuak. Beraz, aho korapiloak egiten ditugu”.
Gero eta material gehiago dago txinera irakasteko. Baina ingelesarekin edo alemanarekin alderatuta, txinera praktikatzeko askoz arazo gehiago dituzte ikasleek. Horregatik, motibazioa da Yuk gehien lantzen duena. “Ni hizkuntzak ikasten dituen pertsona naiz. Niretzat gaztelania eta ingelesa hizkuntza arrotzak dira, eta askotan uzteko gogoa izan dut. Baina bakoitzak argi izan behar du zer egin nahi duen”.
Egun, txinerako hiru maila eskaintzen dituzte Hizkuntza Eskolan. Hasieran Yu bakarrik zegoen, baina, 2011. urtean, beste irakasle bat hartu zuten. Aurten, gainera, HSK azterketa Iruñera ekartzea lortu dute. “Hori da Txinako Gobernuak onartzen duen azterketa ofizial bakarra”. Hizkuntza Eskolaz gain, Nihao Navarra akademia du Yuk. Bertan, umeekin lan egiten du. Era berean, aldiro-aldiro enpresa eta erakundeentzat itzulpenak egiten ditu. Krisi garai hauetan ez du lan faltarik. Hasieran uste zuenaren aurka, lortu du tokia egitea Iruñean.