“Justizia nahi dugu”. Mezu hori zabaldu du Aingeru Zudaireren familiak, asteon. Atarrabiako gazteak begi bateko ikusmena galdu zuen 2012. urtean, irailaren 26ko greba orokorraren harira Iruñean izan ziren istiluetan. Espainiako polizia batek pilotakada bat eman zion, hurbil-hurbiletik. Epaileak polizien aurkako salaketa artxibatzea erabaki zuen, hil honen 2an. Erabaki horren aurka agertu da Zudaireren familia.
Auzia “ikertzeko eta argitzeko” eskatu du pilotakada jaso zuen gaztearen anaiak, Raul Zudairek, “erantzuleek haien ardura onar dezaten”. Elkarretaratzera deitu dute Zudaireren senideek eta hainbat herritarrek, gainera, hilaren 26rako, Atarrabiako udaletxearen aurrean. 19:00etan eginen dute.
Atarrabiako Gazte Sozialistek ere bat egin dute deialdiarekin, eta babesa eta elkartasuna agertu diote Aingeru Zudaireri, prentsa ohar baten bidez. Gazte Sozialistek “polizien zigorgabetasunaren aurka” egin dute, eta gomazko pilotak debeka ditzatela eskatu dute. “Bidezko sententzia behar du Zudaireren auziak, jasotako erasoaren arduradunak zigortuko dituena. Eraso hori ezin da zigorrik gabe gelditu”, erantsi dute.
Aingeru Zudaireren familiak helegitea aurkeztu du epailearen erabakiaren aurka. Poliziak “erabateko zigorgabetasunez” jokatzen duela salatu du Raul Zudairek, 2012an zauritutako gaztearen anaiak. “Epaileak berak zauria pilotakada batek eragin zuela iradoki du; poliziaren oldarraldia neurrikoa izan zela erantsi du; erantzulerik ez du zehazten, ardura inork ez balu bezala”, nabarmendu du.
Familiak argi du gertatu denaren erantzule nor den: “Murrizketak bultzatzen dituzten politiken atzean dauden agintariena da ardura; haiek bidali zituzten poliziak protesta egiten ari ziren herritarren aurka”.
“Begia ere gal dezake”
Gaztearen ama Martina Borge ere jendaurrean agertu da asteon. “Ez da bakarrik begi bateko ikusmena galdu duela. Kolpe psikologikoa ere hagitz gogorra izan da”, azaldu du. 2012an jasotako pilotakadaren ondorioak, gainera, ez dira oraindik amaitu. “Begia galtzeko arriskua ere badu. Kolpeak hautsi zizkion begiari eusten dioten hezurrak ere”, erran du Borgek. Ondorioz, Zudaireren osasunak okerrera egin dezakeela nabarmendu du haren amak.
Aingeru Zudaireren polizien aurkako salaketa ez da egunotan mahai gainean egon den bakarra. 2012ko irailaren 26ko greba orokorreko istiluetan bertze hainbat pertsonak jaso zituzten kolpeak polizien oldarraldian. Haietako hiruk jarritako salaketen harira, hain zuzen ere, bi epaiketa izan dira asteon.
Sabino Cuadra Amaiur koalizioko diputatuarena da salaketa horietako bat. “Nafarroan defizit demokratikoa dugu”, salatu du. Hori erakusten du 2012ko iraileko greba orokorrean gertatu zenak, Cuadraren ustez. “15.000 pertsonak manifestazio baketsua egin zuten, eta bukaeran poliziak oldartu ziren”. “Justizia defizita” ere badela erantsi du Amaiurreko kideak, eta denak ez direla berdinak epaileen aurrean. Protesta egiten duten herritarren aurkako errepresioa salatu du Amaiurreko diputatuak.