Garapenak, sintesi antzekoak dira Kepak [Arizmendi] egin zituen azken lanak. Margolan serieak dira, eta lan bakoitzean elementuak kentzen zituen, funtsarekin geratzeko”. Horrela azaldu ditu Tomas Sobrino margolariak Kepa Arizmendi Baztan-en azken lanetako batzuk. Ekainaren 8an bost urte bete ziren Arizmendi hil zela; Baionan hil zen. Urteurrenarekin, Arizmendiren sei lagunek haren bizia eta obra biltzen dituen liburu bat argitaratu dute. Horretaz gain, azken urteetan egindako lanen erakusketa prestatu dute. Hilabete bukaerara arte Elizondon ikusi ahalko da, Arizkunenean. Uztailean, berriz, Senpereko Larralde etxera eramango dute, Lapurdira. Elizondon, heriotzaren bosgarren urteurrenarekin, Mikel Arizmendi Bereau ‘Baztan’ liburua aurkeztu zuten. Bertan, Arizmendiren ia ibilbide osoa bildu dute. Horregatik, margolariaren familiak haren azken urteetako lanak bildu nahi izan ditu erakusketan, haren kezkak ageri baitira horietan.
“Kepak egundoko karisma zuen. Haren izena aipatuta, mundu guztia prest dago laguntzeko”, azaldu du Sobrinok. Pertsona ezaguna zen Baztanen, sorterrian. 1989an sorterritik ihes egin behar izan zuen. Elizondon oso ezaguna zen Arizmendi: Forteneko tabernaria, euskaltzalea eta margolaria. Elizondoko ikastolaren aldeko mugimenduan buru- belarri aritu zen. Fortenea taberna abertzalea ere ezaguna zen. Baina inor gutxik zekien noraino heltzen zen ihes egitera behartu zuen konpromiso politikoa.
Bizitzako azken hogei urteak etxetik kanpo eta egoera zailean eman bazituen ere, Baztango herritarrek beti izan dute gogoan. Baita bertako margolariek ere. “Baztango margolariak beti oso ondo portatu dira Keparekin. Urterik gogorrenetan ere, haren margolanak lortzen zituzten erakusketak egiteko”, azaldu du Peio Hachek, Arizmendiren lagunak eta liburuaren sustatzaileetako batek. Sostengu horrekin guztiarekin erraza izan da antolatzaileentzat Elizondoko erakusketarako margolanak lortzea, lanetako asko jabe pribatuen esku zeuden arren. “Kanpoan erakusteko baldin bada, zailagoa da jendeak lanak uztea. Baina Elizondon bertan denez, ez dugu arazorik izan. Nik uste dut, jendeak harrotasun puntu bat duela euren margolanak erakusten direnean”, esan du Sobrinok. Lana finantzatzeko ere, uste baino arazo gutxiago izan dituzte. “Mutildantza izena duen margo handi baten zatiak 20 euroan saldu genituen. Erosten zuenak, liburua jasotzeaz gain, margolanaren erreprodukzio baten zozketan parte hartzen zuen. Liburua inprentara bidali genuenean ia ordaindua genuen”, azaldu du Hachek.
Margolari estimatua
“Jean François Larralde arte kritikariak esan zuen Keparen lana oso ona zela”, dio Hachek. Larraldek aukeratu ditu liburuan agertzen diren obra gehienak, baina ez guztiak. “Liburuan haren ibilbide osoko lanak jarri nahi izan ditugu. Hasierakoak eta ihesaldiko urterik gogorrenetakoak ere. Larraldek zioen horiek ez zirela haren lanik onenak, baina guk sartu nahi izan ditugu. Haren bizipenak eta sentimenduak agertzen direlako”, azaldu du Hachek. Horrez gain, Arizmendi ezagutu duten hainbat pertsonaren testigantzak bildu dituzte biografia txiki bat aurkezteko. “Keparen bizia azaldu nahi genuen, pertsona eta artista gisa. Militante gisa ez, hori askoz zailagoa delako. Bukaeran, oroigarri txiki bat egin nahi izan dugu”, adierazi du Hachek.
Biografia txikiaz gain, pertsona jakin batzuei eskatu zieten Arizmendiri buruzko testu bana idazteko, besteak beste, Jean François Larralderi, Elixabete Garmendiari eta Floren Aoizi. Elixabete Garmendia ETBko kazetaria da, eta Arizmendiri elkarrizketa bat egin zion 2008an, Baionan. Haren testuaz gain, Garmendiarenak dira margolanak laguntzen dituzten testuak. Aoizen ekarpena, ordea, politikoagoa da. Liburuan ez dute alderdi hori asko sakondu, baina Arizmendiren lagunek ezinbesteko iritzi diote erreferentziaren bat egitea. “Floren Aoizek eta Kepak elkar ezagutzen zuten. Gainera, Keparen urterik zailenetan Floren ezker abertzaleko bozeramailea izan zen, eta oso ondo idazten duenez, Kepari buruz zerbait idazteko eskatu genion”.
Lan handia egin dute Arizmendiren sei lagunek liburua argitaratu ahal izateko. Erakusketa ere martxan dago. Helburua bete dute margolariaren lagunek, haren lana eta izena ez baita galduko. Oihaletik liburura egin du salto Arizmendik.