Irakaskuntzak ez zuen asetzen Aiora Ganuza (Iruñea, 1980), oso mugatua ikusten baitzuen bere sormen prozesua. Horregatik, Patricia Lizarragarekin batera Harian Ari proiektua martxan jartzea erabaki zuen. Iruñeko Curia kaleko 25. zenbakian dute lokala, eta eurek egiten dute arropa. Horrekin batera, joskintza eta patroigintza ikastaroak ematen dituzte. “Tailerraren zentzua berpiztu nahi dugu. Jendeak ikus dezan arropa egitea ez dela erraza. Ez dela saltoki handi batera joatea, arropa erosi, egun batean jarri eta bota”, dio Ganuzak.
“Forma sinpleak eta kolore lauak”, horiek erabiltzen ditu Ganuzak arropak egiteko. Oraingoz, emakumeentzat baino ez dute arropa egin, baina laster hasiko dira gizonezkoentzat lantzen. Egun, eskaintza zabala dute; besteak beste, soinekoak, galtzak, kamisetak, osagarriak, turbanteak eta txanoak egiten dituzte. Abenduan ireki zuten denda, eta garapena nabaritu dute lehen sei hilabeteetan. “Ahoz aho zabaldu da, eta jendeak gauza berriak ikusi nahi ditu. Nazkatuta daude beti berdin janztearekin”. Oraingoz ez dute irabazirik arropa salmentarekin. Baina jendeak euren arropa janztearekin konformatzen dira. “Guk nahi dugu gure arropa kalean ikustea. Horrek emango digu izena”. Gainera, Facebook orrialdea ere badute. Baina eskaintza bereziena bezeroei ematen dieten tratua dela dio. “Nahiko normalak gara, apalak. Nik uste dut hori dela gure berezitasun nagusia”.
Arroparekin bakarrik ez dute proiektua aurrera ateratzen Ganuzak eta Lizarragak. Beraz, joskintza ikastaroak ere eskaintzen dituzte. “Adin guztietako jendea etortzen da, eta bakoitzak bere interesak ditu”, azaldu du Ganuzak. Astean sei orduko eskolak ematen dituzte, eta saio bakoitzean hiru ikasle daude, goiz eta arratsaldez. “Abenduan hasi ginen eskolekin. Ikasleek hilabeteko konpromisoa dute, hilero ordaintzen baitute, eta abenduan hasi ziren hainbat ikaslek jarraitzen dute”.
Estresa hitzarekin definitu du bere egunerokoa Ganuzak. “Ireki berri dugu, eta sekula ez dugu negozio bat izan”. Egunean hamabi ordu lan egiten dituztela dio diseinatzaileak. Hala ere, gustuko du lana. Eurek egiten dute dena, eta sasoi bakoitzeko 400 bat jantzi egiten dituzte. Lan gogorra da, baina diseinatzaileak langilea izan behar duela uste du. “Ni nahiko burugogorra naiz, baina lanarekin gauzak aurrera ateratzen dira. Hori bai, lan handia egin behar da”. Ganuzaren aburuz, diseinatzaile lana ez dago behar bezala estimatua. “Jendeak uste du diseinatzailearen lana marrazkiak egitea baino ez dela. Baina hori ez da horrela. Diseinatzaile batek gauza asko jakin behar ditu, hala nola josi, patroiak egin eta bezeroekin harremanak sustatu”. Diseinatzaileak sortzaileak dira, baina Ganuzak ez du inspirazioan sinesten, lanean baizik. “Ez dut inspirazioan sinesten; lanarekin lortzen da hori. Langilea den pertsona batek gauzak ateratzen ditu aurrera”. Hala ere, filmei eta “antzinako garaiei” erreparatzen die. “Badut zerbait iraganarekin”.
Diseinatzaileak gauza asko egin behar ditu. Baina Ganuzak patroiak egitea maite du. “Sormen prozesua oso luzea da. Gauza asko izan behar dira kontuan. Gustuko dut diseinua egitea eta marraztea”. Hala ere, badira gustuko ez dituen gauzak ere. “Gorroto ditut diru kontuak”. Lizarraga eta bera dira enpresa txikia aurrera daramatenak, eta hori ere euren esku dago.
Sei hilabete daramatzate proiektu berriarekin, baina aurretik bide luzea egin du Ganuzak modaren munduan. Arte Ederrak ikasi zituen, Bilbon, baina txikitatik gustatu zaio ehunekin aritzea. “Amak txikitatik ezberdin jantzi nau, berezi. Aitaren alkandora hartu, maukak moztu eta berogarri bezala jartzen nituen. Beti izan naiz pixka bat trapuketaria”. Unibertsitatean lan gehienak ehunekin egiten zituen. Hala ere, gauza asko egiteko mugak zituela dio. Unibertsitatea bukatu, eta Iruñean moda ikasi zuen, Yolanda Gabiriaren eskolan. “Titulua ofiziala ez zenez, Bilbora itzuli nintzen graduondokoa egitera”.
Graduondokoa bukatu, eta Iruñeko Texartu dendan hasi zen lanean. Bertan euskal jantziak egiten dituzte, eta asko ikasi zuen. Pare bat urteren ondoren, zineman lan egiteko aukera izan zuen. “Jantziterian lan egitea gustatzen zitzaidala ikusi nuen, eta mundu horretan murgildu nintzen”. Laguntzaile gisa bi filmetan lan egin du: Baztan eta Zinegi Na Milegi Dobara (Behin bakarrik bizitzen da). Bigarren hori Bollywoodeko film bat da, Iruñean grabatu zutena. Blue Lips (Ezpain urdinak) filmean ere lan egin du. Kasu horretan, bera izan zen jantzien arduraduna. Zineman ez ezik, antzerkian ere aritu da, El Bardo antzerki taldearekin. Azken urteetan Crea Navarra Goi Mailako Diseinu Eskolan irakasle gisa ibili da, baina utzi egin zuen.
Moda mundua zaila da. Ganuza hainbat tokitan ibili da. Egun, ordu asko ematen ditu lanean, baina gustura dago bere lanarekin. Bere arropa propioa sortzen baitu. “Moda gai subjektiboa da. Baina egiten dudan guztia bihotzez egiten dut, eta askotan badakit nork eramango duen egiten dudana”.