Dozenaka harrobi eta meategi daude Nafarroan. Errealitate zabala bezain askotarikoa da. Hala ere, Sustrai Erakuntza fundazioak txosten bat argitaratu berri du, harrobi eta meategien hainbat proiekturen berri emateko. Orotara, fundazioko kideek bederatzi harrobi eta meategiren informazioa jaso dute txostenean. Horietako batzuk ez dira gauzatu: Erdizen magnesita ateratzeko egitasmoa, kasurako. Herri mugimenduak berebiziko garrantzia izan zuen proiektua geldiarazten. Martintxo Zelaia Sustrai Erakuntza fundazioko kidearen hitzetan, “ezinbestekoa da garapena mugatua dela ohartzea”.
Hainbat enpresak Zilbeti, Aurizberri, Undio eta Aritzu herriak aukeratu dituzte harrobi edota meategi bat egiteko. Sarritan, herri txikiak izaten dira, biztanleria atomizatua bizi den herriak. “Hori ez da kasualitatea: zaildu egiten du proiektuen aurka egin ahal izatea”, azaldu du Zelaiak. Gainera, onartu du halako proiektuen aurkako mugimenduek indarra galdu dutela krisi ekonomikoaren eraginez.
Esaterako, Iruritako Erdiz mendian zabaltzekotan ziren magnesita meategia ez zabaltzea lortu zuten. Herri mugimendu indartsua eratu zen. Orduko udala eta alderdi politiko gehienak meategia egitearen alde zeuden. Hala ere, 2009ko krisi ekonomikoa baino lehenagoko garaiak ziren. “Askotan, lanpostuak eta ingurumena jartzen dira balantza berean”, azaldu du Zelaiak. Azkenaldian, Baztan aldean zalaparta handia sortu da, Baztanen Garapenaren Aldeko Plataforma dela eta. Hainbat eragilek, tartean Erdiz Bizirik taldea, irizten dio plataforma horren atzean Magnesitas Navarra SA enpresa dagoela. Hala ere, baieztapen hori ukatu egin dute Baztango Garapenaren Aldeko Plataformako kideek.
Sustrai Erakuntzaren txostenean, harrobi eta meategiek eragiten dituzten kalteen berri ere eman dute. Ia berrogei urte dira Altsasun kareharria ateratzeko harrobia martxan dagoela. Duela gutxi, mendia ustiatzen duen enpresak harrobia berritzeko proiektua aurkeztu du. “Administrazioak proiektu hori onartuko balu, beste 30 urtez harrobia ustiatu ahal izango luke”, dio Zelaiak.
Gainera, Sustrai Erakuntzako kideak azaldu du harrobi hori abian denetik kalte egin zaiela inguruan dauden baserrietako zelaiei. Ondorioz, nekazariek ez dute lur horiek erabiltzeko aukerarik. Fundazioko kideak ohartarazi du harrobiak ingurumenean ez ezik osasunean ere kalte egiten duela: “Afera horretan, beste askotan bezala, ez da ikerketarik egiten. Ezin da ziurtatu harrobiak osasunari kalte egiten diola, baina ziur gaude ez dela osasungarria”.
Kalkulu okerren irabaziak
Arakilgo Oskia harrobiaren kasua ere txostenean jaso dute. 1987tik dago martxan, eta 2004an ustiatzeari utzi zioten. Hala ere, enpresak harrobia berritzeko baimena eskuratu zuen. “Gure ustez, Arakilgo Oskia harrobia ezkutuan ustiatzen dute”, salatu du Zelaiak. Dioenez, harrobia berritzea ezinezkoa da, horma nagusia “bertikalegia” delako. Haren irudiko, horma aitzakia gisa baliatzen ari dira “negozioa” egiteko.
Gainera, Zelaiak ohartarazi du ez dagoela inolako aukerarik proiektu hori gelditzeko. Izan ere, Arakilgo Udalak eta Izako Zendeak auzibidera jo dute, baina justiziak ez die arrazoi eman.
Txostena osatu gabe duten arren, Sustrai Erakuntza fundazioko kideek laguntza ematen jarraitu nahi dute harrobi eta meategien aurka sortu diren mugimenduei, “garapena ezin delako lortu ingurumenari bizkar emanda”.