Jai herriko eta euskaldunak xede

Auzolana eta konpromisoa dira Gora Iruñearen funtsa. Jai herrikoiak aldarrikatu eta gauzatzeko lana gogor egiten dute urte osoan. Euren zeregina ez da sanferminetara soilik mugatzen. 2006an sortu zen ofizialki Gora Iruñea plataforma. Nafarroako hiriburuko kultur eta gizarte eragile andana biltzen dira plataforma horretan: peñen ordezkariak, auzoetako jai batzordeak, erraldoi eta dantza taldeak… Iruñeko kultur ekintza herrikoiak sustatzea dute xede. Iragan urtean, lehenengoz jai gune bat lortu zuten sanferminetan eta aurten esperientzia errepikatu ahal izango dute, Arrotxapeko Runa parkean.

Iruñeko Udalak sanferminetan hiriko benetako errealitatea ezkutatzen duela uste du Xabier Gartzia Gora Iruñea plataformako bozeramaileak. Azken urteetan, jaiek hartu duten norabidearekin ez datoz bat. Dioenez, sanferminak kanpora begira egindako jaiak dira. Gainera, sarritan jaien irudi herrikoi faltsua helarazten dela ere jakinarazi du. Egoera horri erantzuteko sortu zen hain justu Gora Iruñea 2006an. Helburua argia zuten: “Iruñeko herri egutegia indartzea, koordinatzea eta sustatzea”.

1999. urtean Yolanda Barcinak Iruñeko alkatetzara iristearekin batera, jai herrikoien aurkako oztopoak eta isunak areagotu zirela ohartarazi du Gartziak. Traba horiek gainditzeko kultur eta gizarte eragileek bat egiteko beharra atzeman zuten. “Auzoetako jai batzorde guztiek eraso bera jasotzen zituztenez, plataforma bat sortzeko beharra ikusi genuen. Gainera, argi genuen udalaren trabei aurre egiteko plataforma soil bat ez genuela izan nahi”, azaldu du Gartziak.

Jai herrikoiak dira Gora Iruñearen muina. Iragan urtean, ia ezustean, jai gunea izatea lortu zuten sanferminetan. Gartziak 2013ko uztailaren lehen egunak “ero xamarrak” izan zirela onartu du. Hala ere, iaz udalak emandako jai guneak aurrekari bat badu. 2009ko sanferminetan, Santa Ana plazan txoko bat izan zuen Gora Iruñea taldeak. Hala ere, eszenatoki “txiki” eta taberna bat jartzeko aukera besterik ez zuten izan. Besteak beste, zezenketen orduan ekitaldiak antolatu zituzten, zezenketez gaindi beste egitarau bat posible zela frogatzeko. Dena den, Santa Anako eskaintza oso “mugatua” zela onartu du Gartziak. Izan ere, gauerdia baina lehen amaitu behar izaten zituzten ekitaldi guztiak. “Eguneko kontua zen, astean zehar bakarrik eskaini ahal izan genuen gure egitaraua, baimenak soilik hori baimentzen zuelako”, azaldu du Gartziak.

Hurrengo urtean, 2010ean, Gora Iruñeak ez zuen gunerik izan. Beste behin, udalak euren eskaintza debekatu egin zituen. “Beti ibili gara debekuen mende, sarritan nekagarria ere izan da. Hala ere, argi izan dugu Gora Iruñea bezalako plataformak beharrezkoa zela”, onartu du Gartziak.

Iruñeko jai batzorde ezberdinak saretzeko Gora Iruñea plataformak egindako lana goraipatu du Leticia Molina Alde Zaharreko Jai Batzordeko kideak: “Jai batzorde ezberdinen arteko elkarlana sustatu ahal izan da Gora Iruñearen bidez, eta hori izugarri garrantzitsua da”. Urte sasoiaren arabera, bi astean behin edota astero biltzen dira. Argitu duenez, gabonen bezperan, astero biltzen dira Olentzeroren kalejira eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek urtero Anaitasunan eskaini ohi duten ikuskizuna antolatzeko.

Hamabi urte txosnarik gabe

Gizarte eragile eta alderdi politikoen txosnak duela hamabi urte debekatu zituen Iruñeko Udalak. Gartziak dioenez, txosna horietan ezker abertzalearekin lotutako tabernak izaten ziren arren, beste hainbat ildo politikotako alderdiek ere izaten zuten bere tokia. Hala ere, Gora Iruñeak aurten bigarrenez Runa parkean izango duen guneak txosnekin zerikusi “gutxi” duela irizten dio Gartziak. “Guk gune bat baino zerbait gehiago eskaintzen dugu. Egitarau erakargarria, osatua euskalduna eta herrikoia eskaintzen dugu Gora Iruñearen gunean”, dio Gartziak. Urte luzez egun Iruñeko autobus geltoki berriaren inguruan egoten ziren lehen txosnak. Egia da orduan ere ekitaldi batzuk antolatzen zirela, baina ez dute zerikusirik Runa parkeko eskaintzarekin.

Hala ere, Gartziaren irudiko, txosnek egindako ibilbidea oso garrantzitsua izan da jai ereduaren inguruan hausnartzeko. “Txosnak proiektu edo ideia politiko batzuk finantzatzeko erabiltzen ziren. Guk , aldiz, ez dugu inolako irabazi asmorik”, argitu du. Gora Iruñea plataformaren helburua ekonomikoa gastuak estaltzeko adina diru erdiestea da.

Iaz, guztia arrapaladan egin behar izan zuten. Uztailaren 6ko bezperako egunetan jaso zuten Runan jai gunea jartzeko baimena. Udalak lehiaketa bat jarri zuen abian parkean jai gune bat jartzeko baina ez zen inor aurkeztu. Hautagairik ez zegoenez, Gora Iruñea plataformari eskaini eta “zalantzarik” egin gabe proposamena onartu zuten.

Egun haietaz oroitzean irri egiten du Xabier Gartziak. Dioenez, udalaren proposamena ez zuten espero eta beraz guztia bat-batean martxan jarri behar izan zuten. Azken une arte ezin izan zieten kontratatutako taldeei konfirmatu gunea izango zuten ala ez. Ondorioz, baimena jaso zutenerako askok ezin zutela Iruñera etorri jakinarazi zieten. “Aurrez programatuta genituen ekitaldi asko erori egin zitzaizkigun, baina egia da elkartasun izugarria jaso genuela”, dio Garciak.

Pozik oroitzen da nola Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek deitu zion bere burua eskaintzeko. Horrez gain, ehunka boluntario aritu ziren lanean gunea muntatzeko, segurtasunean, tabernetan… “Oker ez banago 1.100 lagun aritu ziren musu truk Gora Iruñearen gunean lanean”. Horrez gain, ehunka jende erakarri zituzten Esne Beltza, Gose edota Vendetta taldeek.

Aurten ere iazko ereduari jarraituko diote. Eguerdi partetik aurrera ekitaldi ugari izango dira eta adin guztiei zuzenduta. “Gora Iruñea gunea denena izatea nahi dugu. Lanean ari gara denak jai gunean eroso senti daitezen”, azaldu du Gartziak. Gora Iruñea plataformako kideak gogor ari dira lanean, bigarrenez jai gunea gauzatu ahal izateko behar duten 20.000 euroko bermea lortzeko. Gartziak ez du uste arazorik izango dutenik zenbateko hori lortzeko.

Horrez gain, hasi dira uztailaren 6tik aurrera, jai gunean lanean arituko direnen txandak antolatzen. Arkaitz Otazuri esaterako, uztailaren 8an lan egingo duten lagunen antolaketa kudeatzea egokitu zaio. Txanda ezberdinak izango dira egun horretan, batzuk goizez, beste batzuk arratsaldez… “Dagoeneko hasi da jendea deika Gora Iruñearen gunean boluntario moduan lan egin nahi dutela esanez. Egia esan eskertzekoa da jendeak duen borondate ona”. Oraindik, Otazuk ez ditu lotu uztailaren 8an denak ondo funtzionatu dezan behar dituen 110 lagunak. Ziur da ez dutela arazorik izango. Boluntario gisa lan egin nahi dutenek txandak.gune@gmail.com helbidean eman behar dute izena.

Helburua lortu duten arren, Gartziak argi du Iruñeko Udalak bestelako jai eredu baten alde egingo balu Gora Iruñearen jai gunea ez litzatekeela beharrezkoa izango. Hala ere, jakinarazi du, Iruñean Gazteluko plazan izaten diren kontzertuekin alderatuta kultur eskaintza anitzagoa dela, eta hori da hain justu euren gunean eskaintzen dutena.