“Taula gainera igotzeak ez du izaerarekin zerikusirik”

“Antzerkia publikorik gabe ez da deus”. Hitz horiekin laburtu du Oier Zuñiga aktoreak (Iruñea, 1986) antzerkia. Txikitan, pailazo izatearekin amesten zuen, eta gazte-gaztetan hasi zen antzerkia egiten, eskolako gorputz adierazpen ikastaroan. Geroztik, ez da taula gainetik jaitsi. Aktorearen bizimodua ez da erraza, ez baita hilero soldata finkoa ematen duen ofizioa. “Konpainia handi batean ez bazaude, han-hemenka ibili behar da beti”. Zuñigak Labanaroa konpainia sortu zuen Laura Villanueva eta Maialen Diazekin batera. Baina, horrez gain, beste hamaika lan egiten ditu, hala nola beste talde batzuetako ikuskizunetan parte hartu, konpainia eta taldeentzako kartelak eta logoak egin, iragarkiak egin, aktore hautaketetan parte hartu eta eskolak eman. Gauza asko egiten ditu, eta ez beti gustuko dituenak. “Iragarkiak egin izan ditut, baina hori ez da sorkuntza. Batzuek diote horregatik neure burua saltzen dudala. Baina egunero bizi eta jan behar dut. Nik ez dut neure burua egunero Volkswagenen lan egiten duenak baino gehiago saltzen”.

Eskolan hasi zen antzerkia egiten Zuñiga. Geroztik, ez dio formatzeari utzi. “Aktoreak bizi osoa eman behar du formatzen, ikasten eta birziklatzen”. Ikasketa formalei dagokienez, Bilbon Arte Ederrak eta Nafarroako Antzerki Eskolan interpretazioa ikasi ditu. Antzerki Eskolan ez dute irakaskuntza ofiziala eskaintzen, baina hori oso ohikoa da sorkuntza munduan. “Espainiako Estatuan Madrilen eta Bartzelonan baino ez dute irakaskuntza ofiziala eskaintzen. Hala ere, sorkuntzako edozein arlo zehatz lantzeko dauden eskola gehienak ez daude homologatuak”. Garrantzitsua den arren, eskoletan ikasten dena ez da formatzeko bide bakarra. “Aktoreek antzerkia ikusi behar dute. Nik ikusten dut gustatzen zaidalako, baina beharrezko dut. Horrez gain, ezinbestekoa da ikastaroak hartzea, lan egitea eta beste aktore batzuekin egotea. Horrela asko ikasten da”.

Taula gainera igo eta publikoaren aurrean jartzea ariketa zaila da. Lotsagabe xamarra izan behar dela pentsa daiteke. Baina Zuñigak ez du hori uste. “Taula gainera igotzeak ez du izaerarekin zerikusirik”. Zuñigak aitortu du oso lotsatia dela. Baina agertokira ateratzen da, ofizioa maite duelako eta antzerkiak bere bizitzan ekarpen handia egiten duelako. “Taula gainera igotzen naizenean ez dut nire lotsetan pentsatzen. Egia da agertoki gainean pertsona agerian geratzen dela. Baina horrek nire bizian eta osasunean egiten duen ekarpena oso garrantzitsua da”. Agertokian egon eta publikoarekin sortzen den sinergia “bizitzarako gasolina” da, Zuñigaren ustez. “Pertsona triste bat ezin da osasuntsu egon. Pozik dagoena eta gustuko duena egiten duena, ordea, bai”.

Egun, Labanaroa konpainiarekin bi obra egiten ari da Zuñiga. Haro modernoak lana da bata. “Joseba Sarrionandiak euskaratutako Bobby Sandsen poema batean oinarrituta dago, eta, antzezlanaz gain, eskoletan irakasteko unitate didaktiko bat egin genuen”. Iruñeko Iturrama institutuan batxilergo artistikoa egiten duten ikasleekin landu dute. Dena da gezurra lana da bestea. Iruñeko Udalaren umeentzako antzerki testuen 2012ko lehiaketa irabazi zuen Xabier Lopez Askasibarrek testu horrekin, eta eurek jaso dute taula gainera eramateko aukera. Beste lan batzuk prestatzen ari dira, baina Zuñigak oraindik ezin du ezer esan.

Komunikazioa da gakoa

“Antzerkia eta edozein ofizio ez dago egungo egoera soziopolitikotik at”. Horregatik, gizarteak pairatzen duen balio krisiak antzerkian eragina duela uste du Zuñigak. “Jendartea oso likidoa da, ezegonkorra. Ez dago balio solidorik”. Horrek arteari ere eragiten dio. XX. mendea abangoardien mendea izan da, eta horren ondorioak pairatzen ari garela azaldu du Zuñigak. “Berrikuntza askoren mendea igaro dugu. Etiketak eta estiloak sailkatzeko beharra dugu. Baina likidotasunak estiloak nahastu eta gauza anbiguoak sortzeko aukerak eman ditu”. Anbiguotasun horrek gaizki-ulertuak eragin ditzakeela aitortu du Zuñigak. “Badago jendea antzokira doana antzerkia ikusteko, eta beste gauza bat aurkitzen badu, esaten du: ‘Zer da hau?, ze arraroa'”. Hori ez da arazoa Zuñigarentzat; ez zaio axola. Sorkuntzaren eremuan horrelako gauzak zilegi direlako. “Niri inporta zaidana da sorkuntzaren xedea. Sortzaileek hori planteatzen dutenean duten helburua, ez horrenbeste ondorioa. Niretzat, errealitatea eta mundua ulertzeko tresna sortzeak izan behar du helburua”. Baina publikoak ez badu mezua ulertzen, ez dago tresnarik. Horregatik, berebizikoa da komunikazioa bermatzea.

Sormen prozesuak atal asko ditu, eta oso luzea da; besteak beste, pertsonaiak ikertu eta jantziak aukeratu behar dira. Gustuko du lan hori, baina, Zuñigaren ustez, ez dago antzeztea bezalakorik. “Agertokira atera eta bertan pasatzen duzun ordu hori da niretzat bizitza ulertzea. Horren ostean, sentimendu asko sor daitezke”. Badaude gustuko ez dituen lanak ere, hala nola produkzio eta banaketa lanak. Baina horiek ere bete behar dira.