Behaketa, enpatia, maitasuna, ausardia, gogoa eta harremanetarako gaitasuna. Horiek dira gizarte hezitzaile lanetan aritzeko behar diren gaitasun nagusiak, Lourdes Lasarteren (Etxarri, 1960) arabera. Jende helduarekin hasi zen lanean Lasarte. “Etxeetan lan egiten nuen normalean, pertsona nagusiekin eta arazoak zituztenekin, euren bizi-kalitatea hobetzeko”. Lanean ari zela konturatu zen formakuntza gehiago behar zuela, eta esku hartze sozialerako teknikari espezialistaren titulua atera zuen. Horren ondoren, Etxarri Larraungo Ingurumen Eskolan lanean hasi zen, Arotzenean. Bertan, hamaika urte eman ditu, eta lanean zegoen bitartean Gizarte Hezitzaile diplomatura atera zuen Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean. Duela bost urte hasi zen Lasarte Familia Hezkuntzarako Programan lanean. Pozik dago aldaketarekin. “Familiekin lan egitea interesgarria bezain gogorra da”. Pauma enpresan lan egiten du, Nafarroako Gobernuak kontratatua duen enpresa batean.
Azken urteetan, aldatu egin da gizarte hezitzailearen lana. Lasartek dio lehen arazoren bat zegoenean bakarrik erabiltzen zela gizarte heziketa. Gerora, gauzak aldatu ziren, eta erabaki zuten arazoak sortu aurretik lanean hastea. Etxarri Larraungo Ingurumen Eskolan ideia horrekin lan egiten dute. Bertara eskolako umeak joaten dira kanpaldietan, eta natura maitatzen eta errespetatzen ikasten dute. Betiere, eskolako eredu zurrunak alde batera utzita. “Batzuek esaten dute: ‘Hau haritza da’. Umeei inporta zaien jakin gabe. Gu jakin-mina pizten saiatzen ginen, adibidez, ipuinen bidez”.
Egun, Lasartek arazoak dituzten familiekin lan egiten du. “Nire lana da familiarengana joan eta harremanetan hastea. Bilkurak egiten ditut, helduekin eta seme-alabekin. Pixkanaka-pixkanaka, zer gertatzen den ikusten dut. Orduan, arazoei irtenbideak bilatzen dizkiegu”. Arazo mota asko daude, baina badira askotan errepikatzen diren kasuak. Gehienetan, gurasoek seme-alabak bideratzeko arazoak izaten dituztelako sortzen dira gatazkak. “Gatazka horien ondorioz, erasoak izaten dira, bai gurasoen aldetik, eta baita seme-alaben aldetik ere”. Beste batzuetan, gatazkak sortzen dira etxekoek ez dutelako elkar ulertzen. Seme-alaben aurkako sexu erasoak izan dira egokitu zaizkion arazo larrienak.
“Inor ez da perfektua, mundu guztiak ditu arazoak. Zaila da arazoak erabat konpontzea. Baina, gutxienez, lortzen dugu arazorik larrienak apaltzea, umeak ez daitezen gizartetik baztertu”. Hala ere, arazoak konpontzeko familien inplikazioa beharrezkoa da. “Aldatzea besteen esku dago; ni baliabide bat baino ez naiz”.
Edozein familiatan daude arazoak. Baina gizarte sare indartsua duten pertsonek errazago aurre egin diezaiekete arazoei. Pertsona dirudunek ere estal ditzakete euren arazoak. Horregatik, gizarte zerbitzuek lan handia egiten dute sarerik eta dirurik ez duten pertsonekin. “Nire familian arazoren bat gertatzen baldin bada, sekulako familia dut inguruan eusteko eta bideratzeko”. Horregatik, sarerik ez dagoen tokietan, sortu egin behar dela dio. Lasartek bakarrik lan egiten duen arren, talde oso bat du atzean. “Esaten didaten etxera joaten naiz, eta ikusi behar dut zer gertatzen den. Gero, bilerak egiten ditut, besteak beste, eskolako aholkulariekin edo tutoreekin, gizarte zerbitzukoekin eta osasun etxekoekin”. Behin egoera aztertuta, irtenbideak bilatzen hasten dira. “Lana faltan baldin badute, lana bilatzeko bitartekoak jartzen ditugu. Umeek eskolan zailtasunak baldin badituzte, etxean gauza batzuk lantzeko eskatzen zaio familiari. Hala ere, ez da lan erraza”.
Egoera gogorrak ezagutzen ditu Lasartek egunerokoan, eta kosta egiten zaio laneko kontuak ahaztea etxera sartzean. “Hasieran, etxera itzultzean beste hamar pertsonarekin batera sartzen nintzen. Dena nuen buruan. Baina ikasten da gauzak albo batera uzten. Gainera, beharrezkoa da, bestela norberaren interbentzioa ez da objektiboa, eta horrela ez bada, ez da lana ondo egiten”. Hala ere, haren lanak baditu alderdi positibo ugari ere. Alde batetik, asko ikasten dela dio Lasartek. “Oso inportantea da lan honetan etengabeko formakuntza”. Horretarako, norberak lantzen duen formakuntzaz gain, enpresak berak hainbat formakuntza saio eskaintzen ditu. “Familiekin biltzerakoan ez dituzte euren arazoak azaltzen, bereziki tratu txarrak baldin badaude. Baina badaude zantzu batzuk, ezagutu beharrekoak. Horiek formakuntzarekin baino ez dira ikasten”. Beste alde batetik, lanak sortzen dituen erronkak maite ditu. “Behin, ume batekin lan egin behar nuen, eta nire kontra zegoen erabat. Harriak eta guzti botatzen zizkion nire autoari. Baina lortu nuen nireganatzea”.
Egun, gizarte heziketa lantzen duten hainbat programa ematen dituzte telebistan. Lasartek, ikusten ez baditu ere, noizbait erabili ditu lanean. “Behin, ume bati jarri nion bere kasuaren antzekoa zen programa. Eta esan nion: ‘Ezagutzen dituzu zuk egiten dituzun gauza batzuk?’. Eta baietz erantzun zidan”.