Igandetik aurrera, zuria eta gorria izango dira nagusi Lesakan. Ofizialki, 12:00etan hasiko dira jaiak, txupinazoarekin batera. Hala ere, txozna batzordeak eta tabernariek antolatutako jai egitarauari esker, jai giroa gaurtik aurrera nagusituko da. Hain zuzen ere, asteburuan espero dute bisitari gehien. Igandetik aurrera, Lesakakoen txanda izango da.
Lesakako Kultur eta Turismo teknikaria da Belen Mutuberria. Azken egunak ero xamarrak izaten ari direla aitortu du, lanez gainezka baitabil. Izan ere, sanferminak hastear daude. Otsailean hasi ziren biltzen Jai Batzordeko kideak, egitaraua diseinatzeko. Mutuberriak azaldu duenez, herritarren parte hartzeari ematen diote batez ere garrantzia. Gaineratu duenez, lesakarrek asko parte hartzen dute beren jaietan, “eta horrek egiten ditu horren erakargarri”.
Aurten San Fermin egunaren bezpera igandea denez, asteburua profitatu nahi izan dute Txosna Batzordeak eta herriko tabernariek. Horregatik, hamaika ekitaldi izango dira txupinazoaren aurretik -igandean izango da, 12:00etan—. Mutuberriak argi du asteburuan batez ere kanpotik joango dela jendea. “Igandetik aurrera, kanpotar gutxiago izango da”, argitu du.
Izan ere, ohikoa da Lesakako jaietara joaten direnak asteburu pasa joatea. Herrian dauden zelaietan jartzen dituzte kanpin dendak. Mutuberriak azaldu duenez, zelai horiek berez ez dira kanpinentzat bereziki prestatzen. Hala ere, urtetik urtera ohitura zabaltzen ari dela jakinarazi du. Horren eraginez, herrian nahiko nahaste izaten da, batez ere, kanpinetan lo egiten dutenentzat ez dagoelako ez komunik ezta dutxarik ere.
Gaur, 18:00etan irekiko dituzte txosnak. Gauean, Sarkor eta Gose taldeen kontzertua izango da. Bihar, berriz, 17:30ean, Trikiti Txapelketa izango da, plazan. 23:30ean, Dolce&Tangana eta Revolutionary Brothers taldeen emanaldia izango da.
Igandean hasiko dira ofizialki jaiak. 12:00etan, plazan txupinazoa izango da. Mutuberriak jakinarazi duenez, askorentzat ekitaldi “maitatuenetakoa” izaten da. Aurten, Rafael Eneterreagak botako du txupinazoa, Lesakako kultur bilketan egindako lanagatik. Arratsaldean, dantza emanaldia izango da pilotalekuan. 20:00etan, Erraldoien eta Buru Handien konpartsa ibiliko da herriko kaleetan, danborradarekin batera. Gauean, Aske, Urban 13 eta Kalera taldeen kontzertua izango da, txosnetan.
Egun handia, astelehena, San Fermin eguna izango da. Ezpata dantzariek, eguerdi aldera, Zubigainekoa deituriko dantza dantzatuko dute Onin ibaiaren bi aldeetan. Arratsaldean, berriz dantzatuko dute, baina neskekin. Gauean, Trakets taldeak joko du.
Asteartea peñen eguna izango da; asteazkena, haur eta gazteen eguna, eta osteguna, berriz, bikoteen eguna. Mutuberriak jakinarazi duenez, aurten 58.000 euro eman dituzte sanferminetako egitaraua osatzeko. Azken urteen zenbateko bertsua.