Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren haur eskoletan lan egiteko, euskaraz jakitea ez da baldintzetako bat, eta ez du punturik ematen. Hori salatu dute Iruñeko Alde Zaharreko gurasoek. Haur eskoletarako lan eskaintza publikoaren ebazpena kaleratu berri du gobernuak, eta baldintzen artean ez da euskararen jakintza agertzen, “ez betebehar eta ezta meritu gisa ere”. Hori dela eta, euskarak UPNrentzat “piperrik ere ez” duela balio salatu dute Alde Zaharreko Euskarazko Haur Eskolaren Aldeko Plataformako kideek.
Nafarroako Gobernuaren menpekoa da Iruñeko Alde Zaharrean dagoen haur eskola bakarra, Descalzos kalekoa. Plataformako kideek diotenez, “haurrek euskaraz ikastea” nahi dute auzoko guraso gehienek, eta horregatik ari dira, aspalditik, auzorako euskarazko haur eskolaren aldeko borrokan. Nafarroako Gobernuaren ebazpenak, ordea, nahi horren kontra egiten duela uste dute.
Are gehiago, orain argitaratutako lan eskaintza bost urterako dela kontuan hartuta, euskara bazterrean uzteko erabakiak “Alde Zaharreko haurren etorkizuna baldintzatzen” duela uste dute. Horregatik, esan dute Nafarroako Gobernuak “inongo borondaterik” ez duela euskarazko haur eskola nahi duten herritarrei haien eskubidea bermatzeko.
Azaldu dutenez, langile euskaldunik ez dagoela esatea da administrazioak euskarazko haur eskolaren eskaera ez betetzeko ematen duen argudioa. Nafarroako Gobernuaren lan eskaintza, ordea, argitaratu den moduan gauzatuko balitz, “langile euskaldunik ez kontratatzea kontzienteki” hartutako erabakia litzatekeela salatu dute Alde Zaharreko plataformako gurasoek.
Horregatik guztiagatik, haur eskoletarako behin-behineko langileen zerrenda osatzea helburu duten baldintzen txostena atzera botatzeko eskatu dute.
Aldarrikapena, auzoz auzo
Iruñean auzoz auzo errepikatzen den eskaera da euskarazko haur eskolarena. Egun, Iruñean dauden haur eskola guztietatik bi baino ez dira euskarazkoak, eta biak daude Txantrean. Iruñeko Udalak —haren eskumenekoak dira horiek biak— horietako bat Arrotxapera pasatzea erabaki zuen orain gutxi.
Pozez hartu zuten erabakia auzo horretako gurasoek, baina nabarmendu zuten konponbidea ez dela auzo batetik kendu eta beste batera eramatea. Salatu zutenez, udalaren erabakiak ez du ekarriko euskarazko toki gehiago eskaintzea; besterik gabe, auzoz aldatuko dira eskaintzen diren tokiak.