Kaleratzerik gabeko “plan bideragarri bat” proposatu dute Faureciako langileek

Kaleratzerik gabeko “plan bideragarri bat” proposatu dute Faureciako langileek

Ez dago akordiorik ICF-Faureciako langileen eta enpresako zuzendaritzaren artean. Multinazionalak Burlatako lantegia ixteko hartutako erabakiaren ondotik, enpresaren bideragarritasuna defendatu dute behin eta berriro langileek, fabrikaren itxierari aurre egiteko. Orain, bideragarritasun hori erakutsiko lukeen plan bat aurkeztu dute. Astelehenean aurkeztu zion enpresa batzordeak zuzendaritzari, ahoz, eta asteazkeneko bileran erantsi zuten proposamenaren “bideragarritasuna” eta “legezkotasuna” erakusten duen dokumentazioa. Langileek aho batez onartu zuten plana.

Kaleratzerik gabeko eskaintza da sindikatuek egindakoa. Enpresako langile kopurua 70 ingurura jaistea nahi dute —190 dira gaur—. Horretarako, batetik, borondatezko bajak sustatzea proposatu dute, nahi duen langile orok lana utzi ahal izateko. Bestetik, Faureciak Burlatan zein Orkoienen dituen fabriketako langileei eragingo liekeen erretiro aurreratua hartzeko plana eskaini dute; horren arabera, 51 langilek hartu ahalko lukete erretiroa. Hirugarrenik, Burlatako langileak Orkoiengo lantegira eta Tecnoconfort enpresara eramatea eskatu dute. Azkenik, geratuko liratekeen ekoizpenak egin ahal izateko Orkoiengo lantegian eremu bat atontzea eta hara beharrezkoak diren langileak eta materiala eramatea eskatu dute. Ekoizpen hori Burlatako lantegian mantentzea ere onartuko lukete.

Ezberdintasun handiak

Langileen planak alde handiak ditu enpresak proposatutakoarekin. Asteleheneko bileran, oinarrizko eskaintza egin zuen zuzendaritzak, langileek “patetikotzat” hartu zutena. Alfredo Sanz langileen batzordeko presidenteak azaldu zuen proposamenaren funtsa: “100 kaleratze aurreikusten ditu, eta 70 langile lekuz aldatzea, baina horietatik 11 bakarrik Iruñerriko beste lantegietara”. Sanzek gaineratu zuenez, Valladolidera (Espainia) eta Bartzelonara nahiz Valentziara (Herrialde Katalanak) eraman nahi ditu enpresak langileak. “Halakorik ezin dugu onartu”. Enpresaren eskaintzak “140 eta 150 langile artean kalean uztea” dakarrela uste dute beharginek. 59 urtetik aurrerako langileen erretiro aurreratua ere proposatu du enpresak, baina hemeretzi langilek baizik ez lukete baldintza hori beteko.

Batzordearen plana defendatzeko eskatu diote langileek gobernuari. Asteartean aurkeztu zioten eskaintza Lourdes Goikoetxea Industria kontseilariari, eta, Ahotsa.info atariak dioenez, bideragarritasun plana langileek berek egin behar izatea salatu zuten, “are gehiago plan horrek ekoizpena Nafarroan geratzea, pertsona bakar bat ere kaleratua ez izatea eta multinazionalak dirua irabazten jarraitzea bilatzen duelarik”. Plana onartzeko eskatu diote enpresari, eta hala egiten ez badu “negoziazio estrategia errotik aldatuko” dutela aurreratu dute. Gaur, manifestazioa egingo dute Burlatan, 19:30ean hasita.