Nik ere maite zaitut

Sentimenduak esaten, baina, ez da hain gauza erraza”, halaxe dio Mikel Urdangarinen kanta batek. Ados nago, baina ez guztiz. Garaiak daude. Haurrak garenean, adibidez, ez dugu bi aldiz pentsatzen. “Gustuko zaitut, nahi duzu nire ‘nobioa’ izan?”. Makina bat aldiz egingo nuen galdera hori txikitan; niri ere egingo zidaten, seguruenik. Oraindik ez nekien zer zen pertsona bat gustuko izatea, zer bikotekidea izatea. Bost axola. Bota eta listo.

Gaztetxo garenean, aurkako jarrera izaten dugu. Norbait gustuko dugunean, gure esku dagoen guztia egiten dugu pertsona hori zirikatzeko; bere arreta geureganatzeko. Iletik tira, adarra jo, borragoma bota, zangotraba jarri… edozer. Hori bai, ez dugu sentitzen duguna onartzen. Lagunekin, ordea, ez dugu bertze gairik. “Zenbat maite zaitudan; ez dakit zer egingo nukeen zu gabe; betirako lagunak izango gara…”. Atzo ezagututako pertsona bat ere laguntzat jo, eta, ziurrenik, bizitza osorako maitasuna aginduko diogu.

Hortik urte gutxira, bestelako maitemin eta maitasun istorioak iristen dira. Ez beti. Ez du batere inporta bikotea dugun edo ez. Sentimenduak adierazteaz ari naiz, zentzu zabalean. Lagunei, gurasoei, anai-arrebei, bikoteari… Pertsona batzuk ur garbia bezain gardenak dira. Bertze batzuek, berriz, ez dute barrua askatzeko ohiturarik. Agian, beldur dira. Bertzeek ahul edo sentiberatzat hartuko dituzten beldur. Badakizue, gizonek ez dutela negarrik egiten, eta hori guztia.

Bueno, ni sentimenduak hitzez azaleratzeaz ari naiz lerrootan, baina maiz, askoz ere esanguratsuagoa da besarkada bat, irribarre isil bat, laztan goxo bat, masailean emandako muxu bero bat… Unean unekoa.

Helduaroan —orokortu gabe-, bi hitz magikoak oroimenaren kutxan gordetzen hasten gara. Ez dut uste lotsa denik hitz egokia. Beharbada, ziurtzat jotzen dugu ondokoak baduela gure sentimenduen berri. Zahartzaroan, berdin. Urteen poderioz sortutakoa ez da hutsaren hurrena, baina hitzezkoak ez diren baliabidetara jotzen dugu maizen.

Egia erran, niri bost axola aurreko guztia. Une honetan barruan dudana askatzeko beharra dut, eta hori eginen dut. Bat eta bakarra zarelako nire bizitzan. Goizero-goizero, zure mugimenduek alaitzen naute. Eskuinera, ezkerrera, aurrera, atzera. Gelditu gabe. Alde batetik bertzera lasterka. Ni ikusteak pozten zaitu, antza. Horrek pozten nau ni. Zure besarkadek indarra ematen didate. Zure muxuen truke laztanak eskatzen dizkidazu; eta nik eman. Gustura. Gogaikarria izaten ere badakizu, baina tira!

Sekula ez dizut hitzik entzun, ezta behar ere. Orain ere niri begira zaude, ordenagailuan idazten dudanaren jakin-minarekin-edo. Uste dut badakizula zutaz ari naizela. Zuri ari natzaizula. Ez diote alferrik txakurrak direla gizakiaren lagunik onenak. Baina zu niretzat laguna baino askoz gehiago zara. Horregatik, gaur ez naiz isilik geldituko, eta inoiz entzungo ez dizkizudan hitzei erantzungo diet: nik ere izugarri maite zaitut, Haika!