“Osasuna txotxongilo bat izan da, batzuen eta besteen eskuetan”

Osasunaren aktualitateari hurbiletik kasu egiten dio Rafa Aguilera Radio Euskadiko esatariak. Klubaren agintea bazkideei itzultzea xedetzat duen Kutz proiektuaren sustatzaileetako bat da.

Zer ari da gertatzen Osasunarekin?

Zehaztasun guztiak ez ditugu ezagutzen, eta, akaso, ez ditugu inoiz ezagutuko, baina laburbilduz, esanen nuke gertatzen ari den guztia aro baten amaieraren adierazlerik garbiena dela. Futbola ulertzeko (eta kudeatzeko) modu jakin baten amaiera, alegia.

Futbola aipatzen duzunean, futbol profesionalaz ari zara, ezta?

Bai, bai, eta ongi dago ñabardura hori azaltzea. Gauza bat da futbola, kirol jarduera gisa ulertuta; eta oso bestelako bat, futbol profesionalaren ikuskizuna. Negozioa.

Orain arte argitaratu dena izozmendiaren tontorra besterik ez dela diote adituek…

Hala ematen du, bai, baina goizegi da ezer ziurtatzeko. Oraingoz, ziur dakigun bakarra da Osasunaren diru kutxak hustu egin direla nolabait. Kontabilitateak adierazten duenez, diru hori atera egin zen klubetik, baina ez dago argi nora joan zen. Bizkai kudeatzaile ohiaren testigantza oinarri hartuta, badirudi partiden emaitzak erosteko erabili zela; baina gogoan izan behar dugu Bizkai ez dela lekuko soil bat. Aferan leporaino sartua dago, eta haren adierazpenak kontu handiz hartu beharko genituzke.

Horregatik diozu ‘Osasuna auzia’ ez, ‘Bizkai auzia’ dela hau…

Oraingoz, behintzat, bai. Finean, Angel Bizkai klubeko kudeatzaile nagusia izan da 24 urtez, eta denbora horretan, sei presidente izan ditu Osasunak: Fermin Ezkurra, Javier Garro, Juan Luis Irigarai, Javier Miranda, Patxi Izko eta Miguel Artxanko. Futbolaren negozioaren erdigunean egon da beti eta dirutzak maneiatu ditu. Erantzukizun apur bat izanen du auzi honetan guztian, ez?

Zein izan da, beraz, klubaren papera auzi honetan?

Antzezlan honetan, Osasuna tresna bat izan da, aktorea bainoago. Txotxongilo bat, zenbaiten eskuetan. Klubak partidak erosi zituen lehen mailari eusteko? Baliteke, baina kirolaz harago, futbolaren elitean mantentzeak baditu bestelako ondorioak ere; esate baterako, diru sarrera handiak kudeatzeko gaitasuna bermatzea. Are gehiago, klubak Nafarroako Ogasunari 53 milioi euro zor zizkiola argitaratu zenetik. Egoera horretan, batzuek ikusi zuten aukera bakarra zutela zorrak kitatzeko eta, aldi berean, kutxan eskua sartzen segitzeko: lehen mailari eustea. Nola edo hala.

Hain zuzen, Ogasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak beste alde batera begiratu dutela esan dute Bizkaik eta Izkok epailearen aurrean.

Argi dago Miguel Sanzen agintaldiak iraun zuen bitartean, laxokeria erabatekoa izan zela; bestela, ezin da ulertu Osasunaren zorra hainbeste handitu izana.

Eta hori ez al da partiden iruzurra baino larriagoa?

Falta den diru kopuruari erreparatuta, argi dago baietz. Normala da jendea haserretzea, Osasunak fabore tratua izan duelako, eta horri gehitu behar zaizkio klubak bestelako enpresa txikiekin eta hornitzaileekin dituen zorrak. Oso-oso handia da zuloa, eta administrazioak ez dio zentzuzko azalpen bat eman horri: nola liteke futbol talde batek halako zorra pilatu izana?

Zuk zeuk bota duzu galdera. Erantzunik baduzu?

Hasieran esan dizudan bezala, ziurtasunik ez dut, baina ezagutzen ditut aurrekariak. Jo dezagun, adibidez, San Antonio eta Itxako taldeen desagerpenera. Kirol erreferente handiak izan ziren biak ala biak, maila goreneko taldeak. Eta desagertu egin ziren, zorrek itota. Bide batez esanda, inork ez zituen zor horiek bere gain hartu. Bada, Osasunarekin antzeko zerbait gertatzen ari da, baina zorra askoz handiagoa denez, ez dut uste oraingo honetan gizarteak zapoa irentsiko duenik.