“Ikastolen izaera kooperatiboa defendituko dut beti”

Oin bat Lizarran, bestea Iruñean. Halaxe dabil Josu Reparaz egunotan (Arbizu, 1965), galtzak bete lan. Iragan astean hautatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari, baina ikasturtea amaitu arte, jardunean izanen da azken 16 urteotan zuzendu duen Lizarra ikastolan ere.

Ikastola bat zuzendu duzu orain arte. Hemendik aurrera, 15 ikastola koordinatzen dituen erakundea kudeatuko duzu. Prest ikusten duzu zeure burua?

Erabakia hartzea ez zitzaidan batere erraza egin, Lizarra ikastolan oso gustura nagoelako; baina behin erabakia hartuta eta ikastola guztien babesa izanda, kargu berri hau arduraz, baikortasunez eta ilusioz hartuko dut. Nire bizitza profesionalean erronka berri bat da. Lankideen profesionaltasunak eta parte hartzeak indar handia ematen didate. Dena den, iraila bitarteko hilabete hauek eromena izango dira.

Alde handia dago Lizarran zenuen karguaren eta oraingoaren artean?

Bigarren mailako kooperatiba da NIE; beraz, ikastola bakoitzaren autokudeaketa oinarrizko kontua da. Nire ahalegina lidergo predagogikoa, administrazioaren eraginkortasuna, lantaldeen kohesioa eta ikastolen modernizazioa bultzatzea izango da.

Nola baloratuko zenuke zure aurrekoaren, Pello Mariñelarenaren ibilbidea?

Urte hauetan, ikastolek hobekuntza garrantzitsuak izan dituzte, horietako asko NIEtik bultzatu diren proiektuei eta lortu diren diru laguntzei esker. Horretan, Pellok zerikusi handia izan du. Ikastolak handitu egin dira, eta kokatuta dauden gizarteetan erreferente bilakatu dira alderdi pedagogiko, linguistiko eta sozialean.

Zeintzuk izanen dira zure erronka nagusiak hemendik aurrera?

Batetik, harreman instituzionaletara hurbilduko nau nire jardun berriak; baina, oro har, ikastolen gardentasunaren eta koordinazioaren hobekuntza izanen da nire xede nagusia. Ikastolak bizitzarako eskolak izan daitezen ahaleginean jardungo dut, horrek esan nahi duen berrikuntza pedagogiko eta metodologikoarekin. Irakaskuntza euskaldun eleanizkuna bermatzen duen proiektuan sakontzen segitzeko ahaleginak ere toki garrantzitsua izango du; euskararen erabilera eskola eremutik harago zabaltzeko konpromisoarekin. Azkenik, NIEtik bultzatuko ditudan proiektuek ikasleak izango ditu ardatz, eta horien bakarkako pentsamendua eta zentzu kritikoa garatzea.

Otsailean, Euskararen Legearen erreforma onartu zen Parlamentuan. Zer deritzozu?

Erreforma honek biztanleen eskubideen berdintasuna bermatzen duen heinean, egokia da. Aldaketa positiboa da hezkuntza sistemarentzat, eta, bereziki, euskarazko irakaskuntzarentzat. Euskararen normalizazio prozesuan urrats bat gehiago da, baina oraindik urrats asko falta dira, eremu ez-euskalduneko ikasleek ere euskaraz bizi ahal izateko eskubidea bermatua izan dezaten. Ikastolak izango dira eremu horretan murgiltze linguistikoa eskaintzen segituko duten ikastetxe bakarrak eta hori oso faktore garrantzitsua da benetako euskalduntzea lortu nahi badugu.

UPNk lege erreformaren kontra erabili izan dituen argudioetako bat da “eremu ez-euskalduneko ikastolei” kalte eginen diela. Ados al zaude horrekin?

Ez dut uste ikastolek jasan dezaketen balizko kaltea denik UPNren benetako arrazoia lege aldaketaren kontra egiteko. Ez dakigu erreformak zer-nolako eragina izango duen matrikulazioan, dakiguna da eremu erdalduneko ikastolek 44 urte daramatzatela euskarazko eta kalitatezko irakaskuntza sustatzen, langileen lanari eta familia askoren ahaleginari esker. Ez dira urte asko pasatu ikastola hauek itunpeko izan zirenetik, baina horrek ez du arindu hauen zorra. Ikastolak aitzindari izan dira euskararen hezkuntza eleanizkunetan, metodologia berritzaileen ezarpenean eta gurasoen partaidetza zuzenean. Ez dut uste Euskararen Legea aldatzeak hori guztia bertan behera utziko duenik.

Beste arazo eta polemika batzuei ere aurre egin beharko diezu. Besteak beste, LOMCE legea, edota UPNk euskarazko testuliburuen kontra abiaturiko sorgin ehiza. Zer egin dezake NIEk halako esku-sartzeen aurrean?

Ez naiz nekatuko gure hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen, jakinda oso emaitza onak eman dituela. Ikastetxe pribatu eta publikoen arteko eztabaida antzu horretan, ikastolen izaera kooperatiboa defendatuko dut, Ikastolak herritik jaio direlako eta herriarentzat egiten dutelako lan, auzolanaren balio erantsiarekin. Historikoki, ikastolek sortu dituzten testuliburuek eta bestelako baliabideek Europako hainbat aintzatespen eta sari jaso arren, debekatuak izan dira hemen; baina guk material propioen diseinuari eutsiko diogu. LOMCEren ezarpenari dagokionez, berriz, aldaketarik gogorrenetako bat ezar litezkeen kanpoko probak eta amaiera azterketak dira. Legeak dioenaren arabera ezartzen badira, eman beharreko edukiak eta metodologia baldintzatuko dituztelako.

Aurtengo Nafarroa Oinez lehenbizikoa izanen da zuretzat, NIEko zuzendari gisa. Nola daramazue prestaketa lana?

Oraindik ez naiz Nafarroa Oinez-en antolaketa orokorrean murgildu. Azken urte hauetan bezala, Artea Oinez erakusketaren antolaketan ari naiz, eta esan dezaket erakusketa bikaina izango dela aurtengoa. Baztan: barrutik eta kanpora izenburupean, euskal artearen tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu. Bestalde, Erronka —euskara ardatz hartuta, gazteei aisialdi osasuntsua eskaintzeko eta partaidetza aktiboa sustatzeko egitasmoa— indarra hartzen ari da, iazko eskarmentuaren ondoren. Oinez Basoa ere indartsu dago Baztanen, haraneko biztanle bakoitzeko zuhaitz bat landatzeko asmoa baitugu. 8.000 zuhaitz landatuko dira guztira.