Atzo atera zen Korrika Urepeletik. Ordu arte, “egunero” bildu izan dira herritarrak herriko plazan, prestatze lanei ekiteko. Horietako bat da Xole Aire iparraldeko nafarra (Urepele, 1973). Korrika hasi aurretik erantzun ditu Nafarroako Hitza-ren galderak.
Zuentzat, nolakoak izaten dira Korrikaren aurreko egunak?
Sentitzen da emozioa orain heldu dela emeki-emeki. Egunero biltzen gara goizeko bederatzietan plazan, kafetxoa hartu eta lanean hasteko. Ohartzen gara hasieran batzordean ez zegoen jendea, alegia, herritar xumeak, orain ohartzen ari direla gertakari handia izanen dela Urepelen.
Ohore handia izanen da Urepele herri txikiarentzat.
Ohorea da, baina ez dakit jendeak halakotzat duen. Urepeldarrek Korrika pasatuta ulertuko dute zer gertatu den. Izan ere, bada oraino Korrika ezagutzen ez duen jendea. Jende zaharrak ere, karrikan bertan bizi ez denak, gero konprenituko du zer ohore izan duen Urepelek.
Zein da, gaur egun, euskararen egoera Urepelen?
Euskara ontsa bizi da Urepelen, naturalki mintzo garelako. Gure artean ez dakigu frantsesez mintzatzen, arrotza zaigu. Euskaldunak gara, baina kontzientziarik gabe. Gazteek badakite euskaraz, baina ez dira mintzo.
Korrikak, agian, bultzada eman dezake egoera hori hobetzeko.
Hori da hain zuzen gure xedea. Inarrosaldi bat ematea jendea ohartu dadin euskara zer den eta herria zer den, guk ez baititugu bi horiek bereizi nahi.