Hirugarren aldiz joanen da Irati Seijo (Lekeitio, Bizkaia, 1992) Korrikaren furgonetan, lasterketa gidatzen. Dioenez, txikitatik izan duen “ametsa” betetzen ari da horri esker.
Nola hasi zinen honetan?
Aita hasierako Korriketatik ibili izan da furgonetan, eta, beraz, guk txikitatik egokitu izan zaigu oso hurbiletik. Korrika guztietan joaten ginen aitaren atzetik, amarekin, eta, azkenean, sentimendu hori txikitatik izan dugu. Beraz, nire ametsa beti izan da furgonetan joatea.
Zein izaten da zuen egitekoa?
Batetik, furgonetak gidatzea bera. Mikrofonotik jendea animatzea ere izaten da gure funtzioa. Bestetik, lekukoa zaintzea ere izaten da gure ardura. Korrika ezin da geratu, eta lekukoa ezin da galdu, eta hori bermatzea da gure funtzioa. Horrez gain, zirkulazioa zaindu, eta korrikalari gutxi dauden tokietan babesa ematen dugu.
Nola antolatzen zarete lan hori egiteko?
Bi talde gara, eta 12 orduko txandak egiten ditugu bakoitzak.
Jendeak, oro har, Korrikaren aldi bat ezagutzen du, lasterketa norbere herritik pasatzen denekoa. Zuek etengabe jarraitzen diozue.
Norberari Korrikaren ordu erdi bat dagokio, baina guri denen ordu erdi horiek dagozkigu. Hamabi orduz emozioa eta jendearen euforia sentitzen ditugu. Oso hunkigarria eta ederra izaten da, eta negar pila bat ere egiten dugu, hunkituta. Kilometro bakoitza ezberdina da, baina denak dira oso hunkigarriak.