Hiru hilabete, beste horrenbeste heriotza. 2015. urtea hasi zenetik, hiru behargin hil dira Nafarroan, lan istripuz, LAB sindikatuak salatu duenez. Azkena, iragan larunbatean, martxoaren 28an, Noaingo Gescrap enpresan: hainbat behargin lanerako makineria mugitzeko lanetan zebiltzala, pieza metaliko bat hautsi eta J. M. A. R. 49 urteko lakuntzarrari gainean erori zitzaion. Kolpeak zauri larriak eragin zizkion burezurrean, eta egoera kritikoan egon zen Nafarroako Ospitale Gunean, astelehenean hil zen arte.
ELA eta LAB sindikatuek gaitzetsi egin dute langilearen heriotza, eta gaineratu dute istripuaren atzean “patronalak ezarritako lan baldintza eskasak” daudela. “Langileriaren lan eta bizi baldintza eskasak daude istripu honen eta beste guztien oinarrian. Prekarizazioan oinarrituriko lan harremanen eredua inposatzen ari zaigu patronala, eta horrek ondorio zuzenak dauzka langileen osasunean eta segurtasunean”, azaldu zuen LABek, ohar batean. Sindikatuko bozeramaileen arabera, “faktore ugarik” eragin ditzakete istripuak, eta, horien artean, ondokoak nabarmendu dituzte: lanaren prekarizazioa, kaleratzeen inguruan dagoen ziurtasunik eza eta lan erritmoaren bizkortze etengabea.
Sindikatu abertzaleak gogorarazi du, gainera, urtarriletik martxora bitartean sei langile hil zirela Euskal Herri osoan, lan istripuz.
ELAk, berriz, gisa honetako istripuak behin eta berriz gertatzea “onartezina” dela nabarmendu du, eta Gescrap enpresan gertatutakoa argitzeko “berehalako ikerketa” abiarazteko exijitu dio administrazioari. “Lan baldintza duinak eta segurtasuna bermatzeko neurririk ez dute hartzen enpresek. Aitzitik, gobernuak eta patronalak adostutako eskubide suntsiketaren ondorioz, gora doa lan prekaritatea ere, eta, neurri horiek Nafarroa osoan aplikatuko direla kontuan izanik, litekeena da ezbehar kopuruak ere gora egitea”.
Lan heriotzak, tantaka
LAB sindikatuak azaldu duenez, hiru nafar hil dira 2015eko lehen hiru hilabeteetan lan istripuz. 2014 osoan, berriz, 41 hil ziren, sindikatuaren arabera. Nafarroako Gobernuak, berriz, ez ditu horiek guztiak lan istripu gisa sailkatzen, eta horietatik bederatziri soilik aitortzen die izendapen hori.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak otsailean argitara emandako txostenaren arabera, 6.672 lan istripu erregistratu ziren Nafarroan iaz. Horietatik, 5.979 gertatu ziren lanaldian, eta 693, berriz, in itinere; hau da, etxetik lanerako edo itzulerako bidean. Sindikatuen ustez, ordea, askoz gehiago izan ziren.
ELA eta LABeko arduradunen ustez, UPNren eta PSNren politikak eragin kaltegarria izan du auzi honetan: “Langileriaren bizi eta lan baldintzek okerrera egin dute nabarmen, 1995. urtean elkarrizketa soziala deituriko hori abiatu zenetik”, azaldu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaileak. “Gaur egun, langabezia tasak altuagoak dira, eta prekaritatea ere bortitzagoa da, urte horretan baino. UPN-PSNren politikak zerbitzu publikoei egin die kalte, eta bazterketa soziala areagotu du”.
Horregatik, “benetako aldaketa soziala” aldarrikatu dute sindikatuek, “aberastasuna eta lana banatzeko eta guztiontzako enplegu duina bermatzeko”.
Hainbat elkarretaratze eta protesta ekintza antolatu dituzte sindikatuek datozen egunetarako, azken lan istripua salatzeko.