Urduri dago Iñigo Arregi (Garinoain, 1971). Alkategai izendatu berri dute, Garinoaingo hautagaitza herritarraren barruan, eta bozak irabaziko dituela ongi dakien arren —seguru asko, beste alderdirik ez baita aurkeztuko—, fokuen azpian egoteak ez dio zirrara berezirik eragiten. “Argazkia ere eginen didazue?”, esan, eta hasperen bat itzurtzen utzi du, irribarrez. “Tira, ohitu beharko dut”.
Zergatik erabaki zenuen zerrendan izena ematea?
Iaz hasi ginen hauteskunde zerrenda bateratu bat osatzeko planak egiten, baina inork ez zuen alkate izan nahi. Herri txiki batean, kargu publikoa izatea ez da pagotxa, buruhaustea baizik. Azkenean, zerrenda irekiak egitea otu zitzaigun, eta herriaren alde lan egiteko prest geundenok izena eman genuen. Nire izena izan zen gehien bozkatua, eta, beraz, ni izendatu ninduten zerrendaburu.
Nolakoak izan dira azken lau urteak?
Oso gogorrak. Garinoainez fitsik ere ez zekien jendeak eskuratu zuen udala 2011n, eta espero genuen huraxe egin dute legealdi osoan: polemikak eta arazoak sortu dituzte publizitatea lortzeko, eta kolpe zorrik ere ez dute jo.
Baina herritarrek buelta eman diozue egoerari…
Bai, hori izan da honek guztiak izan duen alde positibo bakarra, elkarlan horri esker kalteak ez baitira larriagoak izan. Herritarrok gure gain hartu ditugu udalak egin beharreko lan asko: futbol zelaia mantentzea, kaleak garbitzea, bideetako sasiak moztea, jaiak antolatzea… Horri esker ikusi dugu administrazioa bigarren planoan gera daitekeela, inportanteena beherago baitago: jendea da udalerri bat mugiarazten duena.
Aginte ofizialetik kanpo, udal alternatiboa osatu duzue, beraz?
Hori, agian, gehiegitxo esatea da. Legez, udalak baditu betebehar batzuk, ordezkaritza funtzio batzuk, eta horiek ezin ditu beste inork bete; baina eguneroko zeregin txikiei dagokienez, herritarren arteko auzolanak aise ordezka dezake administrazioaren egitekoa.
Zeintzuk izan dira, zure ustez, kasurik larrienak?
Abiadura handiko trenaren proiektuak, adibidez, bitan zatitzen du Garinoain, eta zirriborroa udalaren eskuetara heldu zenean, DNEko zinegotziek ez zuten karpeta ireki ere egin. Begiratu gabe sinatzen dute dena, hiru hilabetean behin bakarrik etortzen direlako herrira. Bestalde, udaletxeak egiturazko arazo larriak zituen, baina konponketa lanak ez zituzten baimendu, beranduegi izan zen arte. Azkenean, hustu egin behar izan zen eraikina. Han zegoen musika eskola ere, eta auzokideok arduratu ginen beste egoitza bat atontzeaz, zerbitzua eten ez zedin. Gaurdaino, alkateak ez du gaiaz galdetu ere egin.
Horri guztiari kalte ekonomikoa ere gehitu behar zaio.
Gure kalkuluen arabera, Garinoaingo familia bakoitzari 600 euroren galera eragin dio udal gobernu talde honek. Hainbat salaketa aurkeztu ditugu Nafarroako Administrazio Auzitegian udalaren kontra, eta epaiketak irabazi arren, herritarrok pagatu behar izan ditugu, alkateak ez baititu prozesuak bere poltsikotik ordaindu, udalaren diruarekin baizik. 27.000 euro galdu dira, sententzietan bakarrik. Eta horiek ez dira udalaren kontuetan ageri.
Jazarpen baten biktima dela dio alkateak. Egia al da hori?
Ez. Aitzitik, bera eta bere alderdikideak dira herritarrei jazartzen zaizkienak. Bizilagunak joaten gatzaizkionean, egiten duen lehen gauza Guardia Zibilari deitzea da. Eta gero, gainera, salaketa jartzen dizu, ustez, istiluak sortzeagatik. Indarkeriaz jokatzen dugula dio, baina udaletxeko idazkariek eta gainontzeko langileek ziurta dezakete hori gezurra dela, eta bera dela giroa narrasten duena.
Amaitu da amesgaiztoa?
Kostata, baina lortu dugu DNE kanporatzea. Hala ere, legeak eta instituzioek ez dute bermatzen halakoak errepikatuko ez direnik. Maiatzean gauza bera gerta dakioke beste herri bati.