Eroskik Idiazabal gaztaren alde egindako lana aitortu dute Ordizian

Beti egon da Idiazabalgo gazta Eroskiko saltokietan, kooperatibako Aliantza Estrategikorako zuzendari Gotzon Elizburuk gogoratzen duenez, "nahiz eta orduan oraindik ez zen Idiazabal deitzen". Azkenaldian, ordea, apustuari bultzada berri bat eman dio saltoki kateak, "produktua balioan jartzeko eta hartzailearenga hurbiltzeko aukera" ikusi zutenetik. Ongi atera da apustua, zenbakiek erakusten dutenez: 2014an aurreko urtean baino %14 Idiazabal gazta gehiago erosi zuen Eroskik; 129.00 kilo, osotara. Eta gehiago ere saldu zuen, %10,5 gehiago, hain zuzen ere. Gaur egun, han hemenka saltzen diren Idiazabal gazta guztien %10a da Eroskik saldutakoa. Gauzak horrela, produktuaren alde egiten duen lana aitortu zioten Eroskiri pasa den astean, Ordiziako Artzain Egunaren baitan. Hiru sari jaso zituen kooperatibak, beste horrenbeste aitorpenen partez: Ordiziako Udalarena bata, Idiazabal Jatorri Izeneko Kontseilu Erregulatzailearena bestea, eta Idiazabal Gaztaren Kofradiakoa hirugarrena. Hiru erakundeek eskertu zuten Eroskik Idiazabalgo Gaztaren bultzadan egindako ekarpena. Erakundeotako ordezkariekin batera, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea ere izan ziren ekitaldian. Jose Maria Ustarroz Idiazabal Jatorri Izeneko Kontseilu Erregulatzaileko presidenteak Eroski Idiazabalgo gaztaren "alde" ari dela eta "konpromiso zehatzak hartuak dituela" nabarmendu zuen. Era berean, kooperatibak Idiazabalgo gazta SeleQtia marka propioaren baitan merkaturatu izana goretsi zuen. Bere hitzetan, Idiazabalgo gazten "kalitate nabarmenean dagoen konfiantzaren" adierazgarri da erabaki hori. Elizburuk, bere aldetik, Eroskik 30 gazta ekoizleekin duen harreman komertziala goraipatu zuen. Adierazi zuenez, horietako gehienak enpresa ertainak eta txikiak dira. Hori dela eta, kooperatibak zentzu horretan egindako ekarpena nabarmendu zuen Elizburuk: "Eroski uztartzen ari da kontsumitzaileek tokiko produktuen autentikotasunarekin duten interes gero eta handiagoa eta tokiko enpresa txiki askoren profesionalizazioa eta hazkuntza". Idiazabal Jatorri Izenak eta Eroskik lankidetza hitzarmena sinatu zuten iaz, elkarrekin ardi latxa eta Karrantzako ardiaren esne gordinarekin egiten den gazta landu eta bultzatzeko. Halako akordio bat sinatzen lehen banatzailea izan zen Eroski. Itunaren atzean, gainera, kooperatibak Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuko INTIA-Reyno Gourmetekin sinatutako hitzarmenak daude. Tokiko elikagaien industria eta ekoizpen ehunaren aniztasuna bultzatzea da akordio horien helburua. Produktu "ikurra" Euskal Herriko berezko produktuen artean "ikurra" da Idiazabalgo Gazta Elizbururen arabera. Eta "inguruko produktuekiko sentsibilitatea geroz eta handiagoa" dela kontuan hartuta, zentzuzkoa da Eroski kooperatibak Idiazabalgo gaztaren alde egindako apustua. Dendetan, modu ezberdinean merkaturatzen dute produktua. Batetik, saltoki handietan, urdaitegian, langileek moztu eta zerbitzatua; Idiazabal gaztako hiruzpalau produktu ezberdin eskaintzen dituzte bertan. Bestetik, gazten eremuan, gainerako euskal gaztekin batera, modu berezituan. Eta azkenik, promozio eta kanpaina berezietan, saltokietako pasabideetan, "produktua jendearengana hurbilduz", Elizbururen hitzetan. Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Estatuan dituen gainerako dendetan ere saltzen du Eroskik Idiazabalgo Gazta. Kataluniako kasua nabarmentzen du Elizburuk bereziki; Capraboren bitartez, bertako saltoki guztietan dago produktua. Eta hedapena "ongi eskertua" da, Elizburuk dioenez: "Gaztazalea denarentzat eta gazta ezberdinakk probatzea gustatzen zaionarentzat produktu ezinbestekoa da Idiazabalgo gazta".