Jesu Kristorena

Maialen Belarra

Atzean geratu zaigu Aste Santua. Bukatu da aurtengoa ere. Baina nik hainbat kontu berreskuratu nahiko nituzke. Anitzek uste dutenaren aurka, txikitatik izan naiz oso fededuna. Bai, bai. Hagitz sinesgarria da hiru egunen ondoren berpiztearen kontua. Niri ere antzeko zerbait pasatu zitzaidan. Eta ez pentsa, nik ere sufritu nuen Kristoren heriotza. Kontatuko dizuet nolakoa izan zen Aste Santua sinestun amorratu honentzat.

Ortzegunetik hasiko naiz; ortzegun santutik. Goizean goiz mendira paseotxo bat ematera joan nintzen, ondotik zetozen egunei aurre egiteko indarrak hartzeko asmoz. Eguerdian lagun batzuekin bazkaria izan nuen. Badakizue duela 2.000 urte gure jaunak ere afari eder bat egin zuela lagunekin egun horretan. Ohitura onak ezin dira alde batera utzi, alajainkoa! Hari eskerrak ematearren, guk ere Jesu Kristoren bazkaria egin genuen. Guri ere ogia eta ardoa eman zizkiguten, guztiok hartatik jan eta edan genezan. Eta dena erran behar bada, oso goxoak zeuden.

Handik Zarauzko garagardo feriara joan ginen batzuk. Orduan hasi zen gure kalbarioa. Jainkoak emandako ardo hori kolorez aldatzen hasi eta hori bihurtu baitzen. Ardoa Kristoren odola bada, ez dut pentsatu nahi garagardoa zer izango den. Bueno, zalantza existentzialak alde batera utzita, jarrai dezagun. Bazkaritik Zarautzera, eta Zarauztik gure azken afarira; edo egun horretako azken afarira bai behintzat. Bapo afaldu eta etxera joan ginen, hurrengo egunean gurutzea hartu eta Lekunberritik Irurtzunera joatea tokatzen baitzen.

Ortziralean, goizeko seietan jaiki eta motxila izeneko nire gurutze partikularra prestatzen hasi nintzen. Bederatzietarako, Lekunberrin geunden, Gazte Martxaren Gurutze bidea hasteko prest. Irurtzuneraino 15 kilometro daude; eskerrak bidea nahiko erraxa den. Bertzela ere, a zer kalbarioa! Bezperatik zetorren buruko mina, sekulako eguzkia, motxilaren karga… Jesu Kristo sentitu nintzen une batzuetan. Irurtzunera iritsi eta ekitaldiak hasi ziren. Berriz edan genuen jaunaren odola, fededun zintzoen modura.

Larunbat santua doluaren eguna zen. Gutxi iraun zuen doluak, ordea. Goizean autoa hartu eta Doneztebera abiatu ginen, eguerdian bertso bazkaria baikenuen. Larunbatean, Sagardo Eguna zegoen nire herrian, eta bazkaldu baino lehen denok ur bedeinkatua edan genuen. Eta ez gutxi. Errango nuke han geunden guztiak urte osorako bedeinkatuta geratu ginela. Gauza bera bertso bazkarian. Bijilia egin genuen guk ere. Bueno, bazkaria diot, baina ia-ia afarira luzatu zen. Eta afaria gosarira. Kristoren gaua izan zen, eta guk ere Kristok bezala sufritu genuen biharamunean.

Iritsi gara igandera. Hilzorian geunden guztiak. Baina iratzargailuak jo bezain azkar, miraria gertatu zen. Gu ere berpiztu ginen. Indarrak hartu eta ohartzerako, Aberri Egunean geunden, Iruñean; gure berpiztea ospatzen. Batek baino gehiagok errezatu zuen gure alde, eta guk errezoei erantzun genien. Behar den bezala.

Eta azkenik, pazko astelehena. Gertatutako guztia barneratzeko eguna. Ez al duzue uste horrelako hiru egun pasatu eta gero, oraindik bizirik jarraitzea Jesu Kristoren miraria dela? Nik baietz errango nuke. Hortxe nire fedearen oinarria.