Hilabete bat falta da maiatzeko foru eta udal hauteskundeetarako, baina alderdiak kanpaina betean dira aspalditik. Partida, ordea, ez da plazetako mitinetan edo frontoietako ekitaldi politikoetan jokatzen ari, pantailetan baizik: telefono adimendunen, tableten eta bestelako gailuen pantailetan. Izan ere, sare sozialen hedatzeak sakoneko aldaketak bultzatu ditu alderdien barruan. Askok hausnarketa egin behar izan dute, beren mezua formatu eta komunikazio molde berrietara egokitzeko. Hori da aste honetako gai nagusia “Nafarroako Hitza”-n, eta kazetari eta komunikazio politikoan aditu den Javier Dominguezen laguntza izan du alderdi bakoitzaren analisia egiteko. Honatx aurrerapen bat:
UPN
Aste honetan iragarri du UPNk zein izanen den bere hauteskunde kanpainaren lelo nagusia: Navarrisimo. Igande arratsaldean egin zuten aurkezpen publikoa, eta ia aldi berean, sare sozialen bidez zabaldu zuten. Twitterren bolo-bolo ibili da azken egunetan, eta erabiltzaile askok leloaren kontura barre egin duten arren, Dominguezek uste du UPNri ez zitzaiola beste aukerarik gelditzen: «Ezin zuten besterik egin. Azken porroten ostean, bloke politiko zurrunen eredura bueltatzea eta nafar sentimendua astintzea zen gelditzen zitzaien karta bakarra, eta huraxe erabili dute».
EH BILDU
«EH Bilduri, momentuz, ez zaio estrategia komunikatibo uniformerik antzematen», laburbildu du Dominguezek. «Traola anitz erabiltzen dituzte Twitterren, eta horrek nahasmena sor dezake, baina gauza bat aitortu behar zaie; aldaketaren aldeko traolarik transbertsalena haiek asmatua da: #AgurUPSN. Hain da ona, Twitterren eta sare sozialen mugak gainditu ditu eta, gaur egun, edozein kolektibo, eragile sozial edo ezkerreko alderdiren adierazpenetan ikus dezakegu».
PSN
Zentraltasunaren eta moderazioaren ikur bilakatu nahi izan dute Maria Txibite hautagaia. UPNren gobernutik erabat aldenduta irudikatu dute, eta aldi berean, galdutako sinesgarritasuna berreskuratu nahian. «Nabarmentzekoa da, adibidez, ez dutela aldaketa hitza leloetan erabiltzen, ez Twitterren, ez inon. Ezta deskuidoan ere. Zergatik? Bada, 2007an eta 2011n gertatutakoaren ostean, mezu hori erreta dagoelako; gastatuta, erabat», azpimarratu du komunikazioan adituak.
GEROA BAI
Geroa Bairen kanpainaren ardatzetako bat mezuaren «pertsonalizazioa» izan da, Dominguezen ustez. «Logikoa da hori egitea, Uxue Barkos animalia mediatiko bat delako: ezaguna da, ibilbide luzea egin du… Hala ere, estrategia berbera erabili dute Itziar Gomez Iruñeko alkategaiarekin, eta kasu horretan, ez dut uste egokiena denik».
Erreportaje osoa, bihar irakurgai, “Nafarroako Hitza”-n.
Leave a Reply