Bi eredu, aurrez aurre

Iragan astelehenean, hedabide eta analista politiko guztien arreta erakarri zuen Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Javier Esparza (UPN) hautagaien arteko aurrez aurreko eztabaidak. Navarra Television katean eman zuten solasaldia, eta, bertan, politika ulertzeko bi eredu ikusi ahal izan ziren parez pare. UPNk azken urteetan eginiko kudeaketa goratu zuen Esparzak, eta "terrorismoa gaitzesteko" exijitu zion Araizi behin eta berriz. EH Bilduko hautagaiak, berriz, ustelkeria auziak eta aldaketaren beharra izan zituen hizpide.