Aukera galduen historia

Aukera galduen historia

Frankismoaren osteko lehen udal hauteskundeek ezustekoa ekarri zuten Iruñera. 1979ko apirilaren 3an, UCD indar garailetik 804 botora geratu zen Herri Batasuna. Emaitzek alkatetzarako atea ireki zioten ezker abertzaleari. Horra iristeko, ordea, PSNren botoak behar zituen Patxi Zabaleta HBko alkategaiak. Bi indarrek negoziazioak abiatu zituzten, alferrik. PSN prest agertu zen alkatetza HBren eskuetan uzteko, koalizio abertzaleak Nafarroako Parlamentuko presidentetza eta Altsasuko Udala sozialisten esku uztearen truke. Azkenean, HBk ez zuen onartu eskaintza, eta Julian Balduz PSNko hautagaia babestu zuen Iruñeko alkate izateko.

Gaur, ezinezkoa da HBk Iruñeko alkatetza hartzeak zer ekarriko zuen jakitea, baina, akaso, ezberdinak izango ziren hurrengo belaunaldietako indar korrelazioak. Kontuak kontu, PSNk hartu zuen boterea udalean. Eta geroztik, han bezala Nafarroako Gobernuan ere, alderdi horrek eta UPNk kudeatu dute boterea, ia salbuespenik gabe. Egun, maiatzaren 24ko hauteskundeek ekar dezaketen aldaketaz mintzo da kalea. Eta, hainbatek dioenez, inoiz baino agerikoa da “erregimenaren” aurkako gobernua osatzeko aukera. Aldaketa eskura egon daiteke, baina gobernu alternatiboa osatzeak zailtasunez betetako bidea ekarriko du. Aurretik ere ezerezean geratu da aldaketarako hainbat aukera.

1996, HIRUKO ESPERIMENTUA

1995eko maiatzeko hauteskundeek UPNren lidergoa berretsi zuten. Alderdi erregionalistak Nafarroako Gobernua hartua zuen lau urte lehenago, Juan Cruz Alliren eskutik, eta hauteskunde berrietan emaitza onak errepikatu zituen. Sendotasun horri aurre egiteko, formula berria estreinatu zen: Javier Otano sozialista presidente zuen hiruko gobernua osatu zuten PSNk, CDNk —UPNtik banatu eta Alli zuen buru— eta EAk. Urtebete baino ez zuen iraun esperimentuak: 1996ko ekainean Otanok Suitzan zituen kontu korronteen inguruko informazioa argitaratu zuen Diario de Navarra-k. Albisteak soka luzea ekarri zuen, Nafarroako historia garaikideko ustelkeria kasurik handienetakoa —Urralburu kasuarekin batera— argitara ateraz. Egoera ikusirik, Otanok dimisioa eman zuen.

Informazioa kaleratu baino astebete lehenago, Nafarroaren eta EAEren arteko lankidetza organorako egitasmoa onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Hainbatek horrekin lotuta ikusi du Suitzako kontuen informazioa argitaratu izana, nafar eskuinak ustelkeria kasua nahita kaleratu izan balu bezala, lankidetza organoaren proiektua hondoratzeko. Patxi Zabaleta orduko HBko parlamentariarentzat, ordea, horrek “ez zuen zerikusirik izan”; batez ere, balizko organo horrek “ez zuelako inolako ahalmenik”, eta, hortaz, ez omen zelako eskuinarentzako mehatxua. Hiruko gobernua deseginda, UPNk berreskuratu zuen boterea, eta Miguel Sanz jarri zuen presidente.

2007KO ABUZTU ZOROA

UPNren hamar urteko agintaldiaren ostean, 2007ko hauteskundeek aldaketarako aukerak ireki zituzten erabat. Nafarroa Bai koalizioak ezker abertzalea ez bestelako indar abertzaleak eta Batzarre bildu zituen, legez kanporatzearen garai bete-betean, eta emaitza onak bildu zituen bozketan: 12 parlamentari. Horrek mahai gainean jarri zuen PSN eta Ezker Batuarekin batera gobernua osatzeko aukera.

Balizko gobernua osatzeko negoziazioak abiarazi zituzten indar horietako ordezkariek. Fernando Puras PSNko presidentegai eta Carlos Txibite alderdiko idazkari nagusiak akordioa lortu zuten NaBai eta Ezker Batuarekin. Baina gobernu berria benetako aukera zenean, Ferrazek bidea moztu zuen. PSNko arduradunek Madrilen erabakia irentsi zuten, Sanzi gobernu berri baterako bidea irekiz. Eta nafar gizartearen aurrean egindako promesak —PSNk erabakitzen zuela Nafarroan— ezerezean geratu ziren.

Denborarekin, argituz joan da orduko negoziazioetan gertatutakoa. PSN, NaBai eta EB gobernu berrirako ados jartzen ahalegintzen ari zirela, Miguel Sanz eta Jose Blanco PSOEko antolamendu idazkaria batu ziren Madrilen, eta akordioa erdietsi: UPN eta PPren arteko akordioa haustearen truke gobernuan jarraitzeko baimena emango ziola agindu zion Blancok Sanzi. Purasek, iaz BERRIAri eskainitako elkarrizketan aitortu zuenez, “komunikabideen bitartez” izan zuen bilera haren berri. Sanzekin egindako tratuaren ondorioz, Blancok ezezko borobilarekin jaso zituen Puras eta Txibite, Ferrazera gobernu alternatiborako akordioa aurkeztera joan zirenean. “Etsipena eta erantzukizuna” sentitu zuen orduan Purasek, eta handik egun gutxitara dimititu zuen.

NaBaiko presidentegai gisa, Patxi Zabaletak parte hartu zuen gobernua osatzeko negoziazioetan. Haren ustetan, “zintzoa” izan zen Puras eta Txibiteren jokaera. Zerbait leporatzekotan, “ausardia falta” leporatuko lioke Zabaletak Purasi, behin dimisioa emanda ere ez zelako ausartu Ferrazen inposizioa salatzen. Orduko hartan, dioenez, “Ferrazen borroka izan zen”, eta Purasek eta Txibitek “beren papera jokatu zuten, baina galdu zuten”.

Azkenean gauzatu ez bazen ere, balizko gobernu berrirako aukerak urduritasuna sortu zuen ordura arte boterea kudeatu zuten sektoreen artean. “Erregimena erotuta” ibili zela dio Zabaletak, eta, besteak beste, gogoan du Enrique Goñi CANeko zuzendaria haiekin bildu zela, haren etorkizunaz arduratua. Aldaketarako aukera horretan geratu zen, aukera hutsean, baina, Zabaletaren ustez, ordukoak “izugarrizko aurrerakada” eman zion abertzaletasunari, “giltzarri izan ondotik alternatiba” bihurtu zelako.

“NAFARROAN, PSOE NI NAIZ”

PSN aldaketaren aldeko aldarriarekin aurkeztu zen 2011ko hauteskundeetara, Roberto Jimenez buru zuela. Kanpainan, UPNrekin akordioak egitearen aurka sendo mintzatu zen Jimenez. Baina, hauteskundeen ostean, gobernuan sartzeko gonbita egin zion Barcinak PSNri, eta eskaintza onartu zuen hark. Barcinak, ordea, nahi izan duen modura kudeatu du gobernua azken lau urteetan. Legealdia hasi eta urtebetera, gobernu akordioa hautsi eta bertatik kanporatu zituen PSNko kideak. Jimenez oposiziora pasatu zen, eta UPNren aurkako diskurtsoa berreskuratu zuen. Ordurako kalean zen gizarte mobilizazioarekin bat egin nahian, Barcina gobernutik kentzeko mehatxua egin zuen.

Hitz horiek praktikara eramateko aukera izan zuen 2014 hasieran. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendariak gobernuaren faborezko tratuak salatu zituen, eta lurrikara politikoa eragin. PSNk Barcina boteretik kentzeko mugimenduak iragarri zituen. Jimenez sendo mintzatu zen erabakiaren inguruan, eta argi utzi nahi izan zuen bere zilegitasuna: “Nafarroan, PSOE ni naiz”. Ferrazek, ordea, zentsura mozioa jartzeko debekua ezarri zion PSNri, eta hitzak irentsi behar izan zituen Jimenezek. EH Bilduk, orduan, Barcinaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuen, baina sozialistek ez zuten babestu.

Hala pasatu zen, beste behin alferrik, aldaketarako azken aukera. Eta gorabeherak direla medio, legealdiari eustea lortu du Barcinaren gobernuak. Hauteskunde berriek, ordea, UPNren nagusitasunaren amaiera ekar dezakete. Horretarako ados jarri beharko dute aldaketaren aldeko indarrek. EH Bilduk honezkero iragarri du PSNrekin ez duela kontatzen, baina Geroa Baik eta Podemosek ez dituzte erabat argi utzi marra gorriak. Aldaketa matematika kontua izango da, baina baita borondate kontua ere.