Ander Perez / NAFARROAKO HITZA
“Joko arauetan sakoneko aldaketa” nahi du Aranzadik, eta asmo horrekin aurkeztu da bozetara. Ana Lizoain (Iuñea, 1968) da “hautagaien-zerrendako” alkategaia.
Zer berritasun dakar Aranzadik Iruñeko eszenatoki politikora?
Orain arte, inork ez du lortu instituzioetako eskumenak auzoei edo gizarte mugimenduei modu zabal, iraunkor eta eraginkorrean transferitzea, demokrazia zuzeneko eredu parte hartzaile eta gardena martxan jartzea, edo desobedientzia zibil instituzionalerako praktikak bultzatzea, adibidez, zilegia ez den zorra ez ordainduz. Gu saiatuko gara.
Ahal Dugu-k Iruñean babesten duen hautagaitza da Aranzadi. Zer puntutaraino zarete independente?
Erabat independente garela esatea gutxi esatea litzateke. Ezinezkoa da Ahal Dugu, Equo edo beste edozein alderdik Aranzadi baldintzatzea, ez baitago horretarako tresnarik. Ez gara sigla zopa bat, eta inor ezin da hemen beste ezeren ordezkari gisara egon, maila pertsonalean baizik. Bestetik, gure erabaki garrantzitsuenak galdeketan berretsi beharko dituzte herritarrek. Nahi duen orok parte ahal izango du bertan
Nortzuk osatzen duzue Aranzadi?
Hautagaitza anitza da gurea. Jende sinestuna, agnostikoa eta ateoa dago. Ideologia zaharrak aldarrikatzen dituzten pertsonak daude, eta baita emantzipaziorako diskurtso handiek epel uzten dituzten pertsonak.
Zerk batzen ditu horiek guztiak?
M15ko plazek 1978ko erregimena kolpatu zuten, fase eratzailearen mugarria ezarriz. Aro baten bukaeran gaudela egiaztatzeak urrun zegoen jendea hurbildu du. Gainera, gauza batek batzen gaitu: politikaren ohiko aktoreak ez dira gai berriki politizatu diren sektoreetaz arduratzeko.
Zeintzuk dira zuen lehentasunak?
Hemen tokiko oligarkek, eraikitzaile bilakatutako lur-jabe handi zaharrek agintzen dute. Gure lehentasunak jende arruntarenak izango dira. Gure aldetik, zerbitzuak udalari bueltatu, komunalizazio prozesuak abiatu eta demokrazia zuzenerako praktikak sustatzeko asmoa dugu. Haustura demokratikoarekin zer ikusirik ez duena ez da gure interesekoa.
Zer iritzi duzue euskarari dagokionez?
1987ko euskararen ordenantza egokitu eta betetzea bermatu behar dugu. Euskal hiztunen, erabat hiztun ez diren eta euskara ezagutu ez baina hurbildu nahi dutenen hizkuntza eskubideak bermatu behar dira. Euskara ondare kolektibo bereziki kaltebera da, eta zaindu nahi dugu.
Hauteskundeen ostean, zer egingo du Aranzadik aldaketa gauza dadin?
Joko arauetan sakoneko aldaketa nahi duten talde guztiekin akordioetara iristeko prest gaude. Ez dugu nahi eliteen ordezkapenean oinarritutako erreformarik, haustura bat baizik. Bakoitzak jakingo du noraino nahi duen eraman aldaketa politikoa. Badakigu gure proposamenetako batzuk ez direla gauzatzen errazak, baina ez gaude iraganeko prozesu historikoak errepikatzeko prest. Iruzurra litzateke hori.