Jakin-min aseezina du Jose Mari Esparza editoreak (Tafalla, 1952), eta horrek hamaika ikerlan eta egitasmo abiatzera eraman du. Txalaparta argitaletxearen sortzailea izateaz gainera, Euskal Memoria fundazioko, Altaffaylla elkarteko eta Eraildakoen Senideen Elkarteko kide eta bultzatzaile ere bada. La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardia? (Osina. Zer gertatu zen Sagardia familiarekin?) liburuan, gehien jorratu duen gaietako bati heldu dio berriz: 1936ko gerra eta memoria historikoa. Eta, bide batez, azalera ekarri du hainbat urtez memoria kolektiboaren sotoetan lurperatuta egon den gertakari lazgarri bat: Gaztelu herrixkako familia oso baten erailketa.
Nafarroako historiaren pasarterik ilunenetako bat ikertu duzu lan honetan…
Egiteko geneukan lan bat zen hau. 1986an, Altaffayllak Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua [Nafarroa 1936, itxaropenetik terrorera] argitaratu zuenean, agirien artean azaldu zen Gaztelu herrixkako familia baten desagertzea, 1936. urtean. Zurrumurruen arabera, haurdun zegoen emakume bat eta haren sei seme-alaba osin batera bota zituzten. Oso gertakari iluna zen, eta ezaugarri propioak zituen: ez zirudien hilketaren motibazioa politikoa zenik; ia errepresiorik gabeko eremu batean gertatu zen, eta, gainera, ordura arte ikusitako guztia gainditzen zuen krimenaren krudelkeriak. Horregatik, liburu hartan tarte txikia eskaini genion. Baina ni jakin-minak jota gelditu nintzen. Inguruan galdezka hasi nintzen, norbaitek gertakariaren gaineko informazioa zabaltzen lagunduko zidan esperantzarekin, baina alferrik izan zen. Tabua zen herrian.
Zergatik?
Ikerketa prozesuan jakin ahal izan dugunez, Sagardia Goñi senar-emazteek zazpi seme-alaba zituzten, eta bidean zen zortzigarrena ere. Argi ez dauden arrazoiengatik, haien kontrako zurrumurruak eta esamesak zabaltzen hasi ziren Gaztelun. Lapurreta txikiak leporatu zizkieten: barazkiak, fruta, oilaskoren bat… Azkenean, 48 orduko epea eman zioten emazteari herritik alde egiteko. Egun horietan, senarra mendian zebilen lanean, eta herrira itzultzen saiatu zenean, atxilotu egin zuten, eta ziegan eduki zuten zortzi egunez. Bitartean, familiak mendira ihes egin behar izan zuen, eta han zirela, Legarreako 50 metroko osin batera bota zituzten: haurdun zegoen emakumea eta haren sei seme-alaba. Urte eta erdi zituen gazteenak. 18 urteko seme zaharrena soilik libratu zen.
Lapurretena izan zen motibazio bakarra?
Hori da misterioetako bat, baina baditugu zenbait zantzu. Lapurreta txikiez gain, bestelako akusazioak ere egin zizkieten. Batez ere, Juana Josefa Goñi emazteari: ederregia zela, seme-alaba guztiak ez zirela senarrarenak, ez zela mezara joaten, gizon askorekin ibiltzen zela… Guardia Zibilak eta herriko apaizak zeresan handia izan zuten zurrumurru horien zabalkundean. Primizia bat ere emanen dizut: liburuaren aurkezpenean, Juana Josefa Goñiren ondorengo bat ezagutzeko aukera izan nuen. Hark aitortu zidan bere birramona [Juana Josefaren ama] ez zela inoiz mezara joaten, euskaldunon jainkoak gurtzen zituelako. Sorgina zen. Horrek dimentsio berria eman dio ikerketari, lotura izan dezakeelako familia horren kontrako jazarpenarekin. Liburuaren bigarren edizioan aipatuko dut.
Zergatik azaleratu da auzia orain?
Duela urte gutxi, 167 sumarioaren txostena aurkitu nuen Iruñeko Epaitegiko artxibategian, Sagardia Goñi familiaren auziari erreferentzia egiten diona. Zur eta lur gelditu nintzen, oso arraroa baita 1936ko hilketa baten ondorioz sumarioa zabaldu izana. Garai hartan, herritarrak zientoka atxilotu, desagerrarazi eta erail zituzten guardia zibilek nahiz militarrek, eta ez zuten azalpenik ere ematen. Are gutxiago epaile baten aurrean. Desagertzen zirenak desagertuak ziren, eta kito.
Hori horrela izanda, zergatik zabaldu zuten sumarioa?
Bada, Gaztelu herriko biktimak Sagardia jeneralaren ahaideak zirelako. Altxamendu militarrean rol aktiboa izan zuen jeneral horrek, eta krimen odoltsu askoren erantzulea izan zen. Horregatik, auziak bederatzi urtez iraun zuen zabalik. Hiru aldiz itxi zuten, eta beste horrenbeste alditan zabaldu, Sagardia jeneralaren ahaleginengatik, batez ere. Erregimenak behin betiko itxiarazi zuen 1946an, oso gertakari lotsagarria zelako haientzat. Besteak beste, sumarioan azaltzen ziren akusatu guztiak herriko eskuindarrak ziren.
Herriko askok ere ez zuten auzia azaleratzea nahi…
Egia da hori, baina nik liburuan aipatzen ditudan datu gehienak publikoak ziren jada. Gainera, iazko abenduan, espeleologoek beste gorpuzki batzuk atera zituzten Legarreako osinetik. Hedabideen arreta erakarri zuen horrek, eta argi zegoen gaia azaleratuko zela handik edo hemendik. Bestalde, oso garrantzitsua deritzot 80 urtez zutik iraun duen isiltasun hesia botatzeari. Gazteluko bizilagun askok ez dute auzia aipatu ere egin nahi, garai hartako herritar gehienek zerikusia izan zutelako krimenarekin. Batzuek, parte hartu zutelako, eta beste asko, isilik geratu zirelako. Baina herriak garaia du zama hori gainetik kentzeko, eta egia azaleratzeak horretarako balio du: gerraren eta erruaren zauriak ixteko.