Maialen Belarra
Jaiotzeko momentutik bertatik bortz zentzumen eskuratzen ditugu: ikusmena, usaimena, ukimena, entzumena eta dastamena. Bizitza eta mundua hautemateko ezinbertzeko tresnak. Ez beti, noski. Zoritxarrez, nahi baino kasu gehiagotan horietakoren bat ez dabil behar bezala, edo ez digu nahi adina gaitasun ematen errealitatea den moduan geureganatzeko. Edo, bertzerik gabe, zuk modu batean hauteman dezakezu aurrean daukazuna, eta nik bertze batean.
Urrutiago joan gabe, hor dago soineko famatu haren adibidea. Askok zuria eta urre kolorekoa ikusten zuten, eta bertze askok, berriz, beltza eta urdina. Edo niri gustatzen zaidan ardoa nire ondokoari agian ez zaio gustatuko. Edo zure belarriak rockarekin dantzan jartzen diren moduan, nireek mina senti dezakete. Mila aukera daude. Zenbat buru hainbat aburu! Ongi dio esamoldeak.
Gainera, askotan ahantzi egiten dugu uneren batean gure bizitzaren zati izan den hori. Izan ezagutu berri dugun pertsona baten aurpegia, izan atzo jan genuen bisiguaren zaporea, edota gure atzeko kamioiak jotako bozinaren hotsa. Baina atzo gauean ohartu nintzen badagoela hain erraz ahazten ez dugun zerbait. Usaina. Momentu batek, txoko batek, xaboi batek… duen usaina.
Momentuan ez gara ohartzen, edo, bizitzak hainbertze usain dituenez, zuzenean ez dugu horretan erreparorik jartzen. Ohitu egiten gara. Egia da usain batzuk nabarmenagoak direla. Adibide bat jartzearren, nork ez du pentsatu noizbait ondoko etxean bazkari goxoren bat prestatzen ari direla guk oraindik tripa huts- hutsa dugun momentuan? Usain hori barruraino sartzen zaigu, eta norbaitekin baldin bagaude, erran ere erraten dugu: “Kontxo! Hor patata tortilla prestatzen ari dira”. Gauza bera lagunen batek zure ingurukoren baten xaboi bera erabiltzen duenean: “Garnier erabiltzen duzu? Nire arrebak ere usain hori du ilean”.
Baina atzo gauean ahaztuta neukala uste nuen usain bat berreskuratu nuen. Lanetik etxera itzuli eta nire gelan sartu nintzenean, usain berri bat sentitu nuen; bueno, ez zen berria. Baina nire etxean bai. Antza, amak gelako girotzailea aldatu zuen, eta ohartu gabe sekulako oroitzapenak ekarri zizkidan gogora. Dirurik batere gastatu gabe izugarrizko bidaia egin nuen. Zazpi urte egin nituen atzera, eta itsaso oso bat zeharkatu. 2008ko udan hilabete oso bat Kanadako Hamilton hirian pasatu nuen, eta han gauero-gauero ohean sartzean lurrin bera usaintzen nuen. Azkenean ohitu egin nintzen arte. Ohitu eta ahaztu. Atzo gauera arte.
Polita izan zen sentsazioa. Nostalgia pixka bat ere izan nuen garai zaharrak gogoratzean, baina polita izan zen. Eta, egia esateko, txundituta gelditu nintzen usaimenaren indarrarekin. Harrigarria da erabat ahaztuta neukan zerbaitek edo, bueno, ia existitu zenik ere ez nekien usain batek nola mugiarazi zidan gorputz osoa berriz usaindu nuenean. Une batez neure burua ingelesarekin ezin moldatuz irudikatu nuen. Egun osoa burua nekatzen ibili ondotik, gelan sartu eta neure buruarekin nola hasten nintzen euskaraz hitz egiten, nolabaiteko ihesbide moduan. Han, auskalo zenbat kilometrotara, duela 2.500 egun, ia ezagutzen ez nuen familia batekin… Eta guztia nire amak gelako usaina berritzea erabaki zuelako. Luze idatz nezake nire amak oharkabean lortzen dituen emaitza harrigarrien inguruan, baina oraingoz eskerrak ematearekin konformatuko naiz; jaiotzean eman zenidan usaimenari esker hain sentsazio itzelak oparitzeagatik. Eta gainontzekook, disfrutatu udaberriaz, eta usaindu bizitza! Ederra da eta!