Eta Tafallak abestu zuen

Tafallak abesten badu, Euskal Herriak abestuko du, dio esaerak. Eta iragan maiatzaren 24ko bozetan, Tafallan eta Nafarroa Garaian (ez hainbeste Euskal Herrian), aldaketaren aldeko kanta ozen aditu zen. Beste inon baino ozenago, kasik, Zidakos ibaiaren ertzeko hirian.

Inor gutxik espero zituen emaitza horiek, alternantzia hutsaz harago, ezkerreko indarren blokearen aldera lerratu baitira Tafallako boto-emaileak. Finean, hauteskunde paisaiaren goldatzea eragin zuten bozek. EH Bildu izan zen garaile garbia, zortzi zinegotzi lortuta, eta gehiengo osotik eserleku bakarrera. 2.405 botopaper jaso zituen koalizio abertzaleak (boto guztien %40 inguru); Bilduk 2011n baino 600 boz eta bi zinegotzi gehiago. Eta duela lau urteko emaitzak, jada, “bikainak” izan ziren ezker abertzalearentzat —2007an, bina zinegotzi lortu zituzten EAE-ANV alderdiak eta Nafarroa Bai koalizioak—. Garaipenaren benetako neurria ematen du horrek.

Txanponaren ifrentzua, berriz, UPNri egokitu zaio. Nafarroako Gobernua zipriztindu duten polemikek, murrizketa bortitzek, hautagaiaren erakarmen-gaitasunik ezak eta Tafallako Udalean erakutsitako jarrera zurrunak hondora bultzatu dute alderdi erregionalista.

Guztira, 618 boto eta hiru zinegotzi galdu ditu UPNk, eta seguruenik, alkatetza ere galduko du, zortzi urteren ostean. Kolpe latza nafar eskuinarentzat, batez ere, Tafallaren izaera sinbolikoa kontuan hartuta. Izan ere, 2003-2007 agintaldiaren salbuespenarekin, erabatekoa izan da UPNren nagusigoa 1991etik aurrera, Luis Valero eta Cristina Sota alkateen agintaldi sendoek zedarrituta.

Eskuinaren blokean, PPk ere boto ugari galdu ditu: 68 tafallarren babesa besterik ez zuen jaso maiatzaren 24an (botoen %1); duela lau urte baino 188 gutxiago. Ondorioz, udalbatzatik kanpo gelditu da.

PSNk jasotako uzta ere aspaldiko txarrena izan da. 2003an alkatetza lortu zuen alderdia laugarren indar politikoa izanen da udalbatza berrian, bi zinegotzi lortuta. 2011n, hiru eserleku egokitu zitzaizkien sozialistei; eta 2007an, berriz, lau. Bi agintalditan, beraz, Tafallan zeukan babesaren erdia galdu du Maria Txibiteren alderdiak.

UPNren eta, batez ere, PSNren galerak mesede egin dio IT Iniciativa por Tafalla hautetsien zerrendari, bi zinegotzi izanen baititu agintaldi honetan (ordezkari bakarra izan du 2011tik). Ezkerra koalizioa, azkenik, estreinakoz izanen da Tafallako Udalean, zinegotzi bat lortuta.

Ilusioa pizten

EH Bildu, IT eta Ezkerra alderdien goranzko joeraren eta eskuinaren amiltzearen atzean dauden faktoreak aztertzea ez da erraza. Hauteskundeen osteko lehen agerraldian, aginteak eragindako higadura eta krisialdi ekonomikoaren eragina aipatu zituzten UPNko agintariek, emaitza kaskarrak justifikatzeko. Tafalla, ordea, ez da krisiak gehien zigortu duen herria, inondik inora; udalaren egoera ekonomikoa, txarra izanagatik, beste administrazio askok dutena baino dezente hobea baita. Gainera, UPNk aise maneiatu zituen krisiaren lehen urteak, eta 2011ko hauteskundeetan, gehiengo zabala lortu zuen. Beraz, aldaketaren arrazoia ez da soilik ekonomikoa.

Abstentzio txikiak ere zerikusia izan du udal hauteskundeetako emaitzekin. %73,05ekoa izan zen parte hartze tasa iragan maiatzaren 24an, azken urteotako altuena. Datuek agerian utzi dutenez, gainera, ezkerreko indarrek modu eraginkorrean mobilizatu zuten botoa, abstentziora jo zuten gehienak eskuineko alderdien boto-emaile ohiak izan baitziren.

Badago, baina, inkestetan eta alderdien txostenetan azaldu ez den beste faktore bat. Balantza ezkerrera mugiarazteko lagungarria izan den elementua: pertsonalismoa. Izan ere, UPNren agintaldirik egonkorrenek ezaugarri hori izan dute komunean. 1995etik 2003ra, kudeatzaile onaren irudia landu nahi izan zuen Luis Valero alkate ohiak, baina udalak dituen betebeharren gainetik irudi pertsonala lehenestea leporatu zion oposizioak. Azken bi agintalditan alkate izan den Cristina Sotari, berriz, Tafallako Barcina izengoitia jarri zioten, Nafarroako Gobernuko presidentearen jarrera pertsonalistak imitatzeagatik.

Aurtengo bozetan, berriz, Pablo Larrasoaña zinegotzia izan da UPNren alkategaia, eta hautagaitza horrek desmobilizatu egin ditu eskuineko boto-emaileak.