Alfonso Etxeberria (GBai): “Bakoitza bere tokian jarri dute bozek”

“Garai aztoratuan” lortu zuen alkatetza Alfonso Etxeberriak (Iruñea, 1965), 2013an, orduko alkate Josetxo Andiak (UPN) dimisioa eman zuenean, ustelkeria zantzuek bultzatuta. Orain, orduko aldaketa berretsi dute hauteskundeek. Eta duela bi urte martxan jarritako aldaketari jarraipena eman nahi dio Geroa Baiko alkateak.

Nola gogoratzen duzu 2013ko inbestidura?

Oso garai aztoratua izan zen, UPNko alkateen ustelkeria eta kudeaketa negargarriak erabat zipriztindu zutelako udala. Horren aurrean, gainerako talde politikoak elkartu ginen, utzikeria egoera horri buelta emateko, uste genuelako udala bidezkoa ez zen irudia ematen ari zela. Alde batetik, ilusionagarria izan zen, baina baita ardura handikoa ere, errealitate horri konponbidea eman behar geniolako.

Hauteskundeek orain arte behin-behinekoa zen aldaketa berretsi dute. Hala uste duzu?

Bai, argi eta garbi. Esan beharra dago orain dela bi urte gehiengo aurrerakoi eta ezkertiarra zegoela udalean, eta, oraingoan, gehiengo horrek gainezka egin du, babes handia lortu dutelako talde aurrerakoi eta ezkertiarrek, eta zehazki gureak, hain zuzen ere, azken bi urteetan lema eraman duenak. Ikaragarria izan da Geroa Baik jaso duen babesa: duela lau urte baino 800 boto gehiago jaso ditugu, eta, beraz, herriak azken bi urteetan egindako politikak babestu ditu. Herritarrei udaleko ateak ireki dizkiegu, eta udala kudeatzeko orduan, norabide aldaketa argia eman dugu, eta herriak ongi ulertu du. Alde horretatik, hauteskundeek bakoitza bere tokian jarri dute. Ez diegu huts egingo babesa eman digutenei.

Luzaroan, ustelkeriarekin lotu izan da Eguesibar. Zaila da itzal horren zamatik askatzea?

2003an Ignacio Galipienzo alkatearekin lehen ustelkeria kasua agertu zenetik, argi ikusi da UPNren gobernuek zein politika daramaten Eguesibarren. Galipienzok alkatetza utzi zuenean, gauzak ongi zihoazela zirudien, baina gerora ikusi zen ezetz, agintariak politika negargarrietara eta irregulartasunetara itzuli zirela. Azken urteetan, hedabideen lehen lerrora itzuli da Eguesibar, diru publikoaren inbertsio irregularrak egin direlako, agintarien gertuko enpresa pribatuei mesede eginez. Espainiako Estatuan Marbellaz hitz egin izan den bezala, Nafarroan Eguesibar izan da ustelkeria kasuek markatutako udalerria. Ustelkeriaren mapan, beti izan da puntu beltz bat Eguesibarren gainean.

Aipatzen duzun azken kasu horretan, absolbitu egin dute Josetxo Andia alkate ohia. Geroa Baik helegitea jarri dio erabaki horri. Zer espero duzue?

Justizian sinesten dugu, baina epaitegiak dioenaz harago, badakigu Josetxo Andiak lehentasunezko partaidetzak erosi zituela diru publikoarekin, non eta bere bankuan [eszedentzian zegoen], eta inori baimenik eskatu gabe. Justiziak dioena dioela, galdutako dirua izan da hori. Arduragabekeria handia izan da. Beste eztabaida bat da hori delitua den edo ez.

Gertatu dena gertatuta, nola azaltzen da UPN, oraindik ere, lehen indarra izatea?

Bada esaten duenik: “Galduta ere, ni Betis beti”. Honetan ere antzera gertatzen da: jende batek ez du botoa aldatzen, nahiz eta jakin alderdi horretako agintariak herriaren interesen aurkako kudeaketa negargarria egin duela. Jende horrek agintzea nahiago dute, baskoak etortzeko beldur direlako. Guk behin eta berriro esan dugu guk ez dugula inondik etorri beharrik, ez garelako inora joan, eta mendeak daramatzagulako hemen. Bestalde, Eguesibarren Gorraizko berezitasuna dugu. Maila erdi-altuko urbanizazioa da Gorraitz, eta bertan bizi direnak, oro har, UPN eta PP bozkatzen duten kontserbadoreak dira. Hori bai, oraingoan gu [Geroa Bai] izan gara bigarren indarra.

Gorraitzek argi adierazten du Eguesibarko aniztasuna. Nola kudeatzen da halako udalerri plural bat?

Zaila da. Sarrigurenen, udalerriko populazio gunerik handienean, ongi islatzen da botoen aniztasuna. Kontzejuek presidentea dute, eta haiek esaten digute zer behar duten. Bi urte hauetan haien babesa izan dugu. Argi dago hainbeste populazio gune dituen udalerri bat kudeatzea ez dela hirigune bakarra duena kudeatzea bezain erraza, baina uste dut ongi ari garela herri guztietara iristen. Eta hobeto iristeko, talde eta elkarteen laguntza nahiko genuke, haien beharrak ezagutzeko.

Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara eta Ezkerrak eman dizute alkatetza. Udal gobernuan ere denek parte hartuko dute ?

Akordioaren lerro nagusiak kenduta —gardentasuna, parte hartzea, era guztietako eskubideen defentsa, enplegua…—, gobernuaren osaketari dagokionez ez dugu ezer erabaki. Guk nahiko genuke denok parte hartzea, bai akordioaren bitartez edo gobernuaren parte izanda. Eta azken egoera hori lortuko ez balitz, gu prest gaude gutxiengoan gobernatzeko, baina gobernagarritasuna bermatuko duen akordio zabal baten barnean.

Ikaragarria da azken hamar urteetan Eguesibarrek izan duen hazkundea. Etxebizitzen eraikuntza neurrigabea izan da?

Eguesibarrek, Iruñearen mugakide izanda, askotan ezagutu ditu hiriaren garapen prozesuak bere lurretan. Urbanizazioen arazo nagusia zerbitzuak dira. Sarrigurengo eskolako kasua ikustea besterik ez dago: epeka egiten ari da, eta bailarako beharrak ase gabe. Beraz, bai, uste dugu gure udalerriko hazkundea neurrigabea izan dela, baina, batez ere, ez direlako hasieratik zerbitzuak bermatu. Etxebizitzak eskaini behar dira, noski, baina baita zerbitzuak ere. Ezin dugu bata eman bestea eman gabe.