“Ablazioa zer den dakigunok hartu behar dugu hitza, kontatu”

Edurne Elizondo / Nafarroako Hitza

Aretoa bete egin da. Jendetza du zain Fatima Djarrak (Ginea Bissau, 1968), liburua aurkeztera iritsi denerako. Sumatzen zaio emozioa. Hitza hartu orduko, aitortu egin du: “Mingarria izan da niretzat liburu hau idaztea”. Barrua hustu du. Agerian utzi du sentitu duena. Sufritu duena. Eta ez da erraza izan. “Baina egin behar nuen”, nabarmendu du. Lau urte zituenean egin zioten ablazioa. Indomable (Menderaezina) liburuan kontatu du. Gorka Moreno kazetariarekin idatzi du (Planeta).

Liburua idazteak min egin dizula erran duzu; baina idatzi duzu, hala ere. Zer helbururekin?

Agerian utzi nahi izan dut ablazioa zer den. Mutilazio genitala egin diguten emakumeon errealitatea zein den. Ablazioaz anitz hitz egiten da, baina jendeak ez daki hori zer den; zer-nolako ondorioak dituen. Emakume baten bizitza osoa baldintzatzen du ablazioak. Garrantzitsua da mutilatuta gauden emakumeok gure esperientziaren berri zabaltzea.

Noiz egin zizuten zuri?

Lau urte nituenean.

Gogoan dituzu ordukoak?

Bai. Gogoan dut orduan sentitu nuen min fisikoa. Egun hartan, amak erran zidan besta batera eramanen nindutela. Poztu nintzen. Familiak bat egin zuen, musika bazen. Baina, bat-batean, hainbat emakumek eskuetatik eta hanketatik heldu ninduten. Komunera eraman ninduten. Ahoa tapatu zidaten. Eta moztu.

Orduan zaila izanen zen gertatutakoa ulertzea, ezta?

Bai. Orduan, haur bat bertzerik ez nintzen. Ez nuen pixa egin nahi, min ematen zidalako. Baina mutilazioa ez da bakarrik hori. Gero ohartu nintzen bizitza osorako ondorioak utzi zizkidala gertatutakoak. Sexualitatean du eragina; erditzeko unean. Bizitza osoan.

Noiz ohartu zinen horretaz guztiaz?

Hamahiru urte nituenean, zientzietako eskola batean ohartu nintzen nire gorputzari zerbait falta zitzaiola. Haur bat nintzen, orduan. Lotsa ematen zidan horri buruz hitz egiteak. Baina laster hasi nintzen galderak egiten. Ikasketak hasi nituenean, aske sentitu nintzen, azkenean. Eta argi ikusi nuen askatasun horren alde egin behar nuela lan. Nik errespetua diet bertzeei; errespetua diot kulturari eta ohiturei, baina nik ere errespetu bera exijitzen dut. Ezin dugu ablazioa onartu kulturaren eta ohituren izenean. Mugak badira. Ablazioa ez da kultura; ablazioa osasun arazo larri bat da emakumeontzat. Horregatik erabaki nuen ablazioaren aurka egin behar nuela.

Familiak nola hartu zuen ablazioaren aurkako zure lan hori?

Afrikan familia dena da. Eta ez da erraza. Niretzat ez da erraza izan nire familiak berak egindako zerbaiten aurka aritzea. Baina lortu dut, adibidez, nire ilobei ablazioa ez egitea. Eta bakarrik horregatik merezi izan du egindako guztiak.

Osasun arazotzat jo duzu ablazioa. Zer-nolako ondorio fisikoak izan ditzake?

Haur anitz hiltzen dira ablazioa egiteko momentuan, odolustuta. Ez dugu ahaztu behar ablazioa egiten duten emakumeek ez dutela medikuntzako ezagutzarik; ebakitzeko hortz bera erabiltzen dute hamaika neskato mutilatzeko, gainera, eta horrek ekartzen du gaixotasunak kutsatzea. Erditzerakoan ere arazoak ekartzen ditu ablazioak, eta sexu harremanetan eragiten du.

Zaildu egiten ditu sexu harremanak?

Mingarriak izaten dira emakume anitzentzat. Ablazioak ekartzen du penetrazioa ez izatea atsegingarria. Nik ezagutzen ditut emakume anitz orgasmo bat zer den ez dakitenak. Inoiz ez dute sentitu. Ablazioaren bidez, gizonek emakumeon sexualitatea kontrolatu nahi dute. Sexua jarduera mingarri bilakatzen da.

Gizonekin egin behar da lan ablazioa behingoz bazter utzi ahal izateko?

Bai. Gizonen inplikazioa funtsezkoa da. Eta funtsezkoa da, halaber, ablazioaren aurkako lan horretan ablazioa zer den badakigun emakumeok izatea protagonista. Guk hartu behar dugu hitza. Guk kontatu behar dugu nola sentitzen garen, nola eragin digun mutilazioak. Gure gizonei erran behar diegu.

Afrikan bertan ari dira hainbat gobernuz kanpoko erakunde lan hori egiten, hango bitartekariekin. Ez da nahikoa?

Elkarte horiek eta hango bitartekariek lan handia egiten dute. Urrats guztiak dira garrantzitsuak, eta badakigu ez dugula ablazioa egun batetik bertzera bazter utziko. Kontua da lan hori, batez ere, hiriburuetan eta hiri nagusietan egiten dela. Landa eremuetara ez da ailegatzen. Ez dago hori lortzeko baliabiderik. Eremu horietan ez dago telebistarik; pobreziak gogor jotako tokiak dira, eta horrek ere badu eragina. Zailagoa da milaka urtez indarrean izan diren jarduerak atzean uztea. Baina hori da helburua: herri horietara ailegatzea; herri horietan eragina duten pertsonekin lan egitea.

Hainbat herritan legez debekatuta dago ablazioa. Horrek ez du bermatzen ez dela eginen, ordea?

Ez. Egin beharreko urrats bat da, baina landa eremu horietara legea ez da ailegatzen. Inork ez daki han zer gertatzen den. Eta polizia etxeren batean agertzen bada, erosi egiten dute haren isiltasuna. Herri pobreak dira, eta ustelkeria handia dago. Legez debekatuta dagoen arren, ablazioa egiten dute oraindik ere.

Zu Nafarroan ari zara lanean, Afrikatik heldu diren familiekin. 2008an hasi zinenetik, egin dira urratsak?

Egoera hagitz ezberdina da. Egin dugu aurrera, bai. 2008an, Afrikatik heldutako familiekin hitz egiten saiatzen nintzen, baina ezinezkoa zen gehienetan. Iraintzen ninduten, bakean uzteko eskatzen zidaten. Baina egoera hori aldatuz joan da. Lortu dugu gure mezua zabaltzea. Afrikako gizonei erran diet beren emakumeei galdetzeko nola sentitzen diren, zer ekarri dien ablazioak. Egin ditugu urratsak.

Heziketa da bidea?

Heziketa landu behar dugu, bai, zalantzarik gabe. Lortu behar dugu hemengo neskato afrikarrei ablazioa ez egitea. Anitzetan gertatzen da oporretan Afrikara itzultzen direnean egiten dietela. Anitzetan, gurasoek ez dute horretarako baimena ematen. Ez dakite eginen dietenik ere. Baina familiako kideren batek neskatoa hartu, eta egiten diete.

Zer egin daiteke kasu horietan?

Nafarroan badago protokolo bat. Hori garrantzitsua da. Familiekin egin behar dugu lan, lehenik eta behin ablazioa zer den ongi azaltzeko. Protokolo hori ere tresna erabilgarria da. Familiek ablazioaren aurkako konpromisoa sinatu behar dute Afrikara joan baino lehen. Eta, protokolo horren arabera, itzultzen direnean, medikuek ziurtatu behar dute ez diotela ablazioa egin neskatoari. Hori jakinda, zigor bat jasotzeko aukera mahai gainean egoteak balio dezake ablazioa bazter uzteko.