Idoia Fernandez: “Ezin dira ordaindu kalte emozionalak”

Idoia Fernandez: “Ezin dira ordaindu kalte emozionalak”

Esakoa du familia Idoia Fernandezek (Iruñea, 1977). Hango Lasaitasuna urbanizazioan etxea erosi zuen duela zortzi urte. Baina galdu egin du. 2013an urbanizazioa hustu behar izan zuten, Esako eskuineko magalean lur mugimendua izan eta gero. Ezin izan da itzuli. Ebroko Ur Konfederazioarekin desjabetze akordioa sinatu dute bizilagunek, baina hurrengo urtera arte ez dute kalte-ordaina jasoko.

Ia bi urte eta erdi joan dira etxetik alde egin behar izan zenuenetik. Gogorra izan da hilabeteotako ziurgabetasuna?

Oso gogorra. Batez ere ezin izan dugulako aurrera egin. Zain egon behar izan dugu. Behin-behineko neurria zela esan ziguten, etxetik alde egin behar izan genuenean. Itzuli ahal izanen ginela. Baina azkenean etxerik gabe gelditu gara.

2013ko lur mugimendua gertatu zenean, zegoen arriskuaz ohartzen zineten?

Ez. Lur mugimendu handi hori gertatu baino lehen, agertu ziren pitzadurak. Ez genekien zerk eragiten zituen. Ezkerreko magalari so egiten genion, eta uste genuen ez zela mugitzen ari. Baina ez ginen ohartzen gure etxe azpiko lurra, bai, mugitzen ari zela. Luizia gertatu eta gero, egun batetik bertzera alde egin behar izan genuen. Erabat jokoz kanpo gelditu ginen. Hori izan zen okerrena, ez genekiela zer gertatzen ari zen.

Bazenuen, hasieran, itzultzeko esperantza?

Egia esan, ez. Geologo bat kontratatu genuen, eta argi esan zigun ezin izanen ginela itzuli. Ez zela segurua. Ez nuen inolako esperantzarik.

Akordioa sinatu duzue jada Ebroko Ur Konfederazioarekin. Kontent?

Kontent nago, akordio hori nolabaiteko konponbidea delako. Baina egindako kaltea hor dago, eta hori ezin izanen dugu ahaztu. Etxetik atera behar izan genuen une berean argi zegoen ezin izanen genuela atzera egin; han ezin ginen lasai bizi, hurrengo pitzadurak noiz agertuko ziren zain.

Kalte-ordaina jasoko duzue?

Bai. Bakoitzak bere etxebizitzaren ezaugarrien arabera jasoko du bere kalte-ordaina. Beste hainbat gastu ere kontuan hartuko dituzte. Baina ez dakigu noiz. Aurten ez dugu jasoko, hori badakigu. Hurrengo urtean emanen digutela esan digute, baina ez dakigu noiz. Urte hasieran izan daiteke, edo bukaeran. Auzi hau oraindik ez da amaitu. Nik ez dut borrokatzen jarraitu nahi, egia esan. Hau dena bukatzea nahi dut, eta beste lekuren batean etxea erosi edo alokatu. Kalte emozionalak ezin dira ordaindu.

Eta bitartean hipoteka ordaintzen jarraitu behar duzu?

Bai, kalte-ordaina jaso eta akordioa erabat gauzatu arte, ordaintzen jarraitu beharko dut. Bankuak hipoteka ordaintzea nahi du, eta ez zaio axola nire egoera zein den.

Etxetik alde egin behar izan zenuenetik ari zara ordaintzen?

Bai, noski. Horrek ere baldintzatu du hilabeteotako nire egoera, ez baitut aukera izan beste etxe bat erosi edo alokatzeko. Ni hilabeteotan lagun baten etxera joan naiz bizitzera. Kontua da gure bizitza planak aldatu behar izan ditugula. Esako urtegia handitzeko lanen biktimak gara, finean.

Proiektuak aurrera jarraitzen du, oraingoz. Zer deritzozu?

Esan gertatu denak balio behar du gogoeta egiteko. Guk kaltea jaso dugu, baina ez gara bakarrak. Zangozan bizi direnak, adibidez, urtegiaren mehatxupean bizi dira. Gure etxebizitzetan gertatu denak agerian utzi du, zalantzarik gabe, urtegia ez dela segurua, eta ezin dela handitu. Ebroko Ur Konfederazioak ere badaki hori. Desjabetzeekin onartu behar izan dute ezinezkoa dela.