“Garai historikoa” bizi du Iruñeko Mendillorri auzoak, Armando Lopez de San Roman (Iruñea, 1966) Auzo Elkarteko presidenteak dioenez. Fruituak ematen hasia da auzokideentzako lokalak eskuratzeko borroka. Joan den asteburuan, okupazio sinbolikoa egin zuten, Mendillorriko Jauregiaren kudeaketa bizilagunen esku utz dezatela eskatzeko, eta Iruñeko Udalarekin izandako lehen kontaktuak bide onetik doaz. Auzoan ilusioa nabari dela dio Lopez de San Romanek.
Zer behar du Mendillorrik?
11.400 biztanle inguru gara. Gainera, bada datu esanguratsu bat, azpimarratzea komeni dena: populazioaren %37 osatzen dute 20 urtetik beherakoek. 1990eko hamarkadan, baby boom-a izan zen, alegia, Europa osoko jaiotza tasarik handiena izan zen Mendillorrin. Oro har, bi seme-alaba dituen bikotearena da biztanleen profil nagusia, baina bada ere adineko jendeak osatzen duen %10eko multzo bat. Beraz, auzoa sortu zenetik 20 urtera, esan dezakegu aniztasun handia dagoela. Nafarroako Gobernuak Iruñeko Udalari auzoa eraikitzeko lurzorua eman zionean, konpromisoa hartu zuen azpiegiturak eraikitzeko. Egia da osasun etxea eta trinketa —kiroldegiaren funtzioa betetzen duena— egin direla, baina ez dira nahikoa izan horrenbeste ume eta gazterentzat. Horregatik, aspalditik dago mahai gainean gazteentzako espazioen eskaera, haien ekintzak egin, eta bildu daitezen.
Lokalen eskaera gauzatzeko plataforma sortu duzue auzoko eragileek.
Bai, hori da. Gure asmoa auzoko eragileen iritzia jasotzea da, proposamenak Iruñeko Udalera eramateko. Auzoko hamabost eragileri egin diegu gonbita, eta oraingoz, hamar eragilek parte hartzen dugu plataforman. Talde txikiago bat ere eratu dugu, funtzionamendua arintzeko, eta Iruñeko Udalarekin hitz egiteko mahai bat sortu dugu, lokalak izateko ametsa egia bihurtzeko.
Mendilloriko Jauregian nahi duzue espazio hori eraiki.
Bai. Mendillorrin bada XIV. mendeko jauregi bat, Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa. Oso historia luzea du, eta polita da, baina hutsik egon da nik Mendillorrin daramatzadan hogei urte hauetan. Orain dela hamar urte, kanpoko paretak indartzeko lanak egin ziren. Iruñeko Udalari proposatu diogu eraikina eska diezaiola Nafarroako Gobernuari eta, zehazki, Nasuvinsa enpresa publikoari. Aste honetan bilera bat izan dugu udalarekin, eta badirudi hori egingo dutela. Jauregia lortuz gero, proiektu estrategiko bat egin dezala eskatu diogu udalari, lokala guk eskatzen dugun erabilerarako egokitzeko zenbateko inbertsioa beharko den kalkulatzeko.
Joan den asteburuan sartu zineten jauregian.
Modu sinbolikoan sartu ginen, auzoan gaia zabaldu ahal izateko. Nasuvinsari baimena eskatu genion sartzeko; ez ziguten baimenik eman, baina esan ziguten sartuz gero ere ez zutela neurririk hartuko. Beraz, auzolanean barnealdea txukundu genuen, belarrak eta hondakinak garbituz, auzokideek jauregia barrutik ezagutu ahal izateko.
Udala estutzeko era izan al zen?
Esan dezakegu jauregiko ateetan joka ari garela. Badu presiotik pixka bat, urte asko daramatzagulako lokalak eskatuz, eta orain arte ez digutelako kasurik egin. Badirudi orain, udal gobernuan aldaketa gauzatu denez gero, posible izanen dela.
Zer motatako kudeaketa izango luke jauregiak?
Mota askotako kudeaketa ereduak egon daitezke. Guk Burgosko (Espainia) Tangente espazioa bisitatu dugu, eta Gernikako espazio bat [Astra] bisitatzeko asmoa ere badugu. Uste dugu sinergiak sor daitezkeela, eta ikasi eta irakats dezakegula beste esperientzia batzuk ezagututa. Guk ez dugu autogestioan esperientziarik, baina besteen erreferentziak hartu nahi ditugu. Hala ere, oraindik ez dugu kudeaketa eredua zehaztu.
Adin ezberdinetako jendeak partekatutako lokala litzateke?
Noski. Belaunaldien arteko erreleboa bultzatu nahi dugu, eta lokalera gazte zein zaharrak etortzea nahi dugu. Uste dugu elkarrekin bizi gaitezkeela, eta gai garela gizarte sektore guztietarako programa erakargarri bat osatzeko. Ez dugu bazterketarik nahi, ez politikagatik, ez eta arraza, etnia, erlijio edo bestelako arrazoiengatik ere. Oso lokal gardena nahi dugu, plurala eta parte hartzailea.
Lokalen eskaerarekin batera, igogailua jartzea izan da auzoko aldarrikapen nagusia, adineko jendearen aldetik, batez ere. Udal berriak, ordea, alboratu du UPNk onartu zuen proiektua.
Udalak azaldu digunez, Nafarroako Unibertsitateak mugikortasun bertikalari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, eta udalak dirua eman die Mendillorriko mugikortasunari buruzko ikerketa orokorra egin dezaten. Esan zigutenez, igogailuaren gaia oraingoz alde batera utzi dute, ez UPNren proposamena izan zelako, baizik eta iruditzen zaielako gastu handiegia dela (800.000 euro inguru). Gainera, igogailuak arazoa erdizka baino ez duelako konpontzen. 20 metroko tartea lotuko luke, baina bide erdian. Lortu beharko genuke adineko jendea osasun etxera erraz iritsi ahal izatea auzoko lekurik urrunenetik. Horregatik, bestelako alternatibak aztertzen ari da udala: besteak beste, bi norabideko billabesa bat. Beraz, adituen eskuetan jarriko dugu arazoa, eta bizilagunen iritziak jasoko ditugu. Oraingoz, ondorioztatu dugu auzokideok ezin garela gure artean lehiatu, hainbat lehentasun daudela, baina denak direla beharrezkoak. Norabide berean arraun egiten saiatu behar dugu, alde guztiak pozik egoteko. Helburua auzokide guztien ongizatea eskuratzea da.