Ion Orzaiz
Iragan asteburuan, Bartzelonan izan zen Joseba Asiron, Ciudades por el bien común (Guztion ongizatearen aldeko hiriak) izeneko bilkura instituzionalean. Espainiako, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko hiriburuetako udal ordezkariak batzartu ziren han.
Zeri buruz hitz egin zenuten joan den asteko bilkuran?
Bartzelonako alkate Ada Colauren ekimenez antolatutako lan saioa izan zen, eta helburu argi bat zuen: agintaldiko lehen ehun egunak betetzear gauden honetan, esperientziak, kezkak, arazoak, erronkak eta bestelakoak guztion artean partekatzea. Oso aberasgarria izan zen, alderdi eta ideologia ezberdineko hautetsiak bildu ginelako, aldaketaren kontzeptuaren inguruan. Han ziren, besteak beste, CUPeko ordezkariak, Podemosen ingurukoak, plataforma hiritarrak…
Hiri arras ezberdinak izan arren, kezka eta arazo bertsuak dituzue, beraz?
Bai. Adibidez, polizia ereduaren inguruan ezinegona handia da Badalonan, Zaragozan, Bartzelonan eta, zer esanik ez, Iruñean. Eta horri buruzko gogoeta sakona egin beharra dago. Bada, hiriburuon artean komunikazio bideak indartzea oso garrantzitsua da ideiak eta proposamenak partekatzeko eta halako aferei erantzun eraginkorra emateko.
Harreman sendoago baten oinarriak paratu dituzue lehen bilera honetan?
Bai, eta horregatik izan da hain garrantzitsua. Han ziren Bartzelona eta Madrilgo udal gobernu taldeak, Coruña, Badalona… Iruñea baino dezente handiagoak diren hiriak, eta guretzat eredu izan daitezkeenak. Foro horren parte izateari eta gure arteko ezagutzan sakontzeari oso interesgarria deritzot, eragin handia izan dezakeelako eguneroko politikan. Une jakin batean, telefonoa hartu eta zuzenean hitz egin dezakegu elkarren artean, unean uneko arazoak konpontze aldera. Bileraren aurretik ere, denok argi genuen, argazkiaz harago, tresna praktikoak behar genituela.
Siriako errefuxiatuez eta hiriak babesleku bihurtu beharraz ere hitz egin zenuten…
Bai, gaiaren larritasuna eta gaurkotasuna direla eta, berebiziko garrantzia eman genion errefuxiatuen auziari. Hiriak harreragune bihurtzea Bartzelonako Udalak sustatutako ekimena izan zen, eta guk bat egin genuen planteamendu horrekin. Gainera, ia aldi berean, aterpea eta laguntza eskaintzen zuten hiritarren mezuak iristen hasi zitzaizkigun, sare sozialen bidez. Larrialdi egoera horren aurrean, Iruñeak maila eman behar zuela pentsatu genuen.
Hori guztia kudeatu egin behar da, ordea.
Bai, jakina. Errazena izan zen aurrerapausoa ematea, geure burua aurkeztea eta alderdien babesa lortzea. Benetako erronka, baina, orain datorkigu. Arazoa oso larria da, eta are dimentsio handiagoa har lezake etorkizunean. Ez da bi asteko arazoa. Beraz, erantzukizunez jokatu behar dugu; alde batetik, iristen zaizkigun laguntza eskaintzak zentzuz bideratzeko, eta, bestetik, udalaren baliabideak ongi erabiltzeko. Horregatik guztiarengatik, batzartu egin gara arloko zinegotzia —Edurne Egino— eta ni neu gobernuz kanpoko erakundeekin, haien iritziak, proposamenak eta planteamenduak ezagutzeko, eta estrategia orokor bat adosteko.
Halakoetan, Madrilek ez al luke ekimena hartu behar?
Halako auzi baten aurrean, erantzukizun maila ezberdinak daude: estatuak badu berea, Nafarroak berea, eta udalek ere badugu ardura horren zati bat. Tamalez, ordea, errefuxiatuen arazoa azaleratu zenean, erantzunik eza izan zen Madrilen jarrera nagusia. Hainbat udalerri mobilizatu egin ziren, hain zuzen, Espainiako Estatuak ez zuelako ezer egiten. Ilogikoa eta ulergaitza izan zen jarrera hori. Herritarrek aurrea hartu diote estatuari; gizartea, zorionez, eredugarria izaten ari baita afera honetan.
Leave a Reply