Ion Orzaiz / Nafarroako Hitza
Hutsik dagoen gela bat daukat etxean, bertan aterpea ematen ahal diet behar dutenei”; “etxean tokirik ez, baina ekarpen ekonomiko txiki bat egin dezaket nik”; “badakit arabiera pixka bat; ez dakit baliagarria suertatuko zaizuen”. Siriako gerraren ondorioz errefuxiatuen krisiak eztanda egin zuenetik, etengabeak dira gobernuz kanpoko erakundeek jasotzen dituzten elkartasun mezuak eta telefono deiak. Emateko asko ez, baina bihotza bete ilusio duen jendea da, hein handi batean, bere burua eskaini duena. Gainera, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala errefuxiatuak hartzeko prest agertu zirenetik, gora egin du eskaintzen kopuruak, GKEen aurreikuspenak gainditzeraino. “Nafar gizartearen erantzuna hunkigarria izan da”, laburbildu du Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareko presidenteorde Eduardo Jimenez iruindarrak.
Gobernuak eta udalak hartutako erabakia positiboa izan dela adierazi dute elkarte eta eragile sozialetako arduradunek, baina ohartarazi dute lehen pausoa besterik ez dela, eta segur aski, bidea luzea eta malkartsua izanen dela. “Bai Nafarroako Gobernuak bai Iruñeko Udalak aurrera urrats bat egin dute errefuxiatuen auzian, eta hori pozgarria da guretzat. Errefuxiatuekiko diskurtsoa moldatzen lagundu dute, eta hein batean, Espainiako Gobernuaren jarrera aldatzeko lagungarri izan dira”, esan du Jimenezek. “Errefuxiatuen kuotak ezartzen dituen eztabaida lotsagarri horren erdian, elementu positiboa izan da nafar instituzioen jarrera. Pertsonak salerosgaien gisara tratatuak dira Europako estatuen artean, eta hori ikusirik, Nafarroako erakunde publikoek hartutako erabakiak balio izan du ‘aski da‘ esateko”. Iritzi horrekin bat egin du Patricia Ruiz Munduko Medikuak erakundeko ordezkariak ere: “Estatuaren diskurtsoa eraisteko balio izan du, frogatu baita laguntza ematea eta hiriak babesleku bihurtzea ez dela utopikoa, erabat egingarria baizik”.
Administrazioaren jarrera txalotu arren, ordea, SOS Arrazakeria taldeko ordezkari Beatriz Villahizanek gogorarazi du harrera egitasmo horietako asko “beranduegi” heldu direla, eta borondateaz gainera, neurri konkretuak beharko direla afera konpontzeko. “Erantzun espontaneoak, asmo onekoak izan arren, ez dira nahiko krisiari aurre egiteko; beharrezkoak izanen dira ongi egituratutako egitasmoak, irtenbidea iraunkorra izan dadin”.
Gobernuarekin elkarlanean
Irailaren 2an, Iruñea hiri babesleku bihurtzeko asmoa agertu zuen udalak, eta hurrengo egunean, antzeko erabakia plazaratu zuen Nafarroako Gobernuak ere, herrialdeak “200 bat errefuxiatu” hartzeko gai izanen dela adierazita. Handik egun gutxira egin zituzten lehen bilerak gobernuz kanpoko erakundeekin. “Lehen kontaktuak egiteko balio izan zuten bilera horiek”, dio Ruizek.
Nafarroako Gobernuak, gainera, lan saioa baliatu zuen Espainiako Atzerri Ministeriotik jasotako informazio guztia erakunde sozialei helarazteko. “Madrilek emandako informazioa oso eskasa zen, eta agerian gelditu zen Europako estatuek ez dutela neurria eman, erreakzio gaitasun urria izan dutela, eta mantsoegi ari direla erabakiak hartzen. Hala ere, lehen urratsak egin genituen bilera hartan. Besteak beste, zerbitzu guztiak Nafarroako Gobernuan zentralizatzea erabaki genuen”.
Bilera horietan argi gelditu zen, gainera, Madrilen erabakiek baldintzatuko dituztela harrera planaren nondik norakoak, eta horrek, gainera, prozesu osoa luza dezakeela. “Airean dago dena oraindik: zein izanen da etorriko diren pertsonen egoera juridiko-administratiboa? Paperak emanen dizkiete? Errefuxiatu izaera aitortuko diete?”, galdetu du Jimenezek. Haren irudiko, galdera horiei erantzuna eman arte, gutxieneko koordinazio lana besterik ezinen dute egin eragile sozialek: “Oso goiz da oraindik aurreikuspenak egiteko. Ez dakigu [errefuxiatuak] zenbat diren, nortzuk diren, noiz etorriko diren, luzerako etorriko diren ala ez, zeintzuk diren haien beharrizanak… Kontingentzia plana orain diseinatuko bagenu, gerta liteke gero ezertarako balio ez izatea, ez legokeelako migratzaileen beharretara egokitua”.
Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeria erakundeetako arduradunen esanetan, berriz, kontzientziazio lan handia egin daiteke, Madrilen erabakien zain egon gabe. “Gauza asko egin ditzakegu: kalera atera, egoera salatu, sentsibilizazio kanpainak egin, informazioa eman… Ezinbestekoa da jarrera hori, Europak eta Espainiak aplikatzen dituzten migrazio politikak aldatuko baditugu”, adierazi du Ruizek.
Haren ildo beretik, salaketaren eta kontzientziazioaren beharra ere azpimarratu du Villahizanek: “Gizartearen erantzuna gauza ederra da, baina hori bideratu beharra dago; instituzioak behartu egin behar ditugu, dagokien lana egin dezaten”. Izan ere, SOS Arrazakeria taldeko eledunaren esanetan, erakunde publiko guztiek izan beharko lukete migratzaileei babesa emateko plan bat. “Euren betebeharra da. Nazioarteko arauak eta legediak sinatu dira zentzu horretan, baina egungo errealitatea oso bestelakoa da: pertsonen eskubideak mutilatzen dituen atzerritartasun lege bortitza daukagu, muga zurrunak, Frontex… Gaur egun, herritar askorentzat Europara etortzeko legezko biderik ez da existitzen. Eta jendeak ezagutu behar du errealitate latz hori”.
Beharrak eta baliabideak
Europako gobernuek etorkinen kuotaz eztabaidatzen duten bitartean, Nafarroako administrazioa hasia da lanean, eskura dituen baliabideak zerrendatzen. Hala, migratzaileei babesa eskaini nahi dieten herritarrek telefono bakar bat izanen dute aurrerantzean —012—, laguntzaileen zerrendan izena emateko. “Oinarri-oinarrizkoena bizitokiak bilatzea da, bizimodu duina bermatuko duten azpiegiturak behar direlako. Eta horrekin batera, elikadura, osasuna eta bertako hizkuntzen ezagutza ere bermatu behar dira. Adingabeen kasuan, gainera, hezkuntza eskubidea ere kontuan izan behar da, eta, beraz, hezkuntza sisteman txertatu behar dira”, azaldu du Eduardo Jimenezek.
Hori guztia migratzaileen eskura jartzea, ordea, administrazioen ardura dela berretsi du Ruizek. “Pertsonei eskubideak aitortzea eta bermatzea gobernuen lana da; ez dezagun hori ahaztu. Zergak ordaintzen ditugu, hain zuzen, gobernuek euren betebeharrak egin ditzaten, eta horietako bat da, hain zuzen, errefuxiatuei laguntza ematea”.
Horregatik guztiarengatik, GKEetako ordezkariek hainbat aholku eman nahi dizkiete lagundu nahi duten herritarrei. “Jendeak jakin behar du larrialdi egoera ez dagoela hemen, Hungarian, Libanon edo Turkian baizik. Herritarrek laguntza eman nahi badute, akaso eraginkorragoa izanen da lurralde horietan lanean diren erakundeak diruz laguntzea”, azaldu du Jimenezek. “Horrekin ez dut esan nahi jendearen elkartasuna eskertzen ez dugunik. Aitzitik, hunkigarria iruditzen zait, gutxien duen jendea baita laguntzeko prest agertu ohi dena. Baina beharra, gaur egun, ez dago Iruñean, errefuxiatuen kanpalekuetan baizik”.
Horrez gainera, pazientzia izateko eskatu diete boluntarioei. Ruizen irudiko, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta beste zenbait erakunde prestatzen ari diren harrera prozesua ez da batere erraza eta, seguruenik, asko luzatuko da: “Gogoan izan behar dugu hona datozen errefuxiatuak ez datozela bizpahiru asterako. Asko eta asko hemen geldituko dira hainbat urtez. Hori da, behintzat, ohikoena. Beraz, etxebizitza eskaintzen duenak jakin behar du epe luzerako izanen dela. Integrazio prozesu bat da, azken finean”.
Azken eskaera bat egin die Villahizanek herritarrei, baina batez ere, erakunde publikoei: “Errefuxiatuen dramaren ondorioz, ez dezatela ahaztu beste hainbat pertsonak ere premia larriak dituztela, eta denon laguntza behar dutela. Sailkapen arriskutsua egiten hasiak dira batzuk, Siriako errefuxiatuen eta gainontzeko migratzaileen artean. Ezin ditugu lehen eta bigarren mailako pertsonak sortu, denek baitituzte eskubide berberak”.