Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarlanerako deia egin dio Nafarroako Gobernuari, herrialdera etor litezkeen errefuxiatuen beharrizanei erantzuna emateko eta “gizarteratze prozesuan laguntzeko”.
NUPeko Internazionalizazio Errektoretzaordeak sustatutako ekinbidea da, eta, Europako beste zenbait unibertsitaterekin elkarlanean, zenbait neurri proposatu dituzte, “errefuxiatuen egoera dramatikoa nolabait arintzeko”.
Besteak beste, goi mailako ikasketekin jarraitzea eskainiko diete unibertsitate ikasleak diren errefuxiatuei; eta irakasleentzat, berriz, lanean segitzeko eta unibertsitatearekin kolaboratzeko programa bereziak onduko dituzte. NUPeko komunitatearen barruan, gainera, boluntarioen zerrenda osatuko dute, errefuxiatuek laguntza “pertsonalagoa” izan dezaten.
Bestelako neurrien artean, nazioarteko kooperazio egitasmoak ere bultzatuko ditu NUPek, “gradua, masterra edota doktoretza egiten ari diren irakasleak erakartzeko”; eta hainbat ikastaro, mintegi eta hitzaldi antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Besteak beste, sentsibilizazio saioak eta errefuxiatuei buruzko mahai inguruak eginen dira.