Iritzia: «Aske izan arte»

Lur Albizu Etxetxipia

Irailaren 10ean hil zen. Hil zuten, erail. Bizitza lapurtu zioten, haurdun zegoela. El Salvadorren zebilen lanean, borrokan, FMLNko kideekin batera. Medikuntza ikasketak amaitu berri zituen, eta Gares txikitik itsasoa zeharkatzea erabaki zuen, utopiaren bidean zeuden beste batzuekin ere lan egiteko. Internazionalismoak eraman zuen haraino. Ezagutu zutenengan mirespena ikusten da hari buruz galderak egiten dizkiegunean.

1990ean hil zuten Begoña Garcia Arandigoien, Alba. Herri mugimenduak bizirik gorde du haren memoria herrian, Garesen. Udalak ere alaba kutun izendatu zuen, eta zubi berriaren azpian ditu berari eskainitako plaza, plaka eta murala. Haren omenez egin izan dira, halaber, Cómo no quererte, Alba! liburua eta La lluita a la motxilla dokumentala.

Bortizki bortxatu, torturatu eta hil zutenean batzuk jaio gabe geunden oraindik. Harritzen nau nolako lotura sortu dugun berarekiko, Alba zenarekiko. Pentsatzen dut geure ideia propioa garatzen joan garela, eta norberak Begoñaren irudi desberdina dugula. Ezin da ukatu herriaren oroimenean segituko duela urte luzez.

Hogeita bost urte bete ziren duela bi aste, eta omenaldia egin genion bere plazan. Emozioz betetako uneak izan ziren, eta bertan, Emakumeen Mundu Martxako ereitea egin genuen. Haren ondoan. Landatu genuen zuhaitza Begoñarekin haziko da. Izan ere, lurraren zati bat hura erail zuten tokitik bertatik ekarri zen.

Oroimenak egiten gaitu, memoria kolektiboak. Ezinbestekoa da geure genealogiak ezagutzea, nondik gatozen, zertarako egiten dugun egiten duguna, nora joan nahi dugun. Begoñak lagundu digu, pixka bat bada ere, bidea argitzen. Lagundu digu, eredu delako orain ere. Beste asko diren moduan. Begoñak beste mundu batekin egiten zuen amets, beste askok egiten dugun moduan.

Emakumea zen. Iruditzen zait bizirik egonen balitz geure arteko sareak fintzen, lotzen ibiliko zela. Uste dut hura ere feminismoaren harietan kiribildurik ibiliko zela. Astelehenean, irailaren 28an, Euskal Herrira etorriko den Emakumeen Mundu Martxaren antolaketan parte hartzen ibiliko litzateke, seguru nago. Bere herrian ibiliko zen egun hartan, batetik bestera.

Tafallatik joanen da martxaren karabana Garesera, astelehen eguerdian, 13:30ean. Eta ongietorria, nola ez, Begoñaren plazan eginen diogu, non bestela? Ezin da toki hoberik izan geure aldarrikapenak ozen entzun daitezen. Burujabetzaren bila goaz, eta askatasuna dugu helburu, guztiak libre izan arte. Elkartasuna eta internazionalismoa ardatz hartuta, martxan jarraituko dugu. Guregatik, eta baita zuregatik ere, Alba. Baita zuengatik guztiengatik ere.