«Rodezno plazari izena aldatzea lehen pausoa besterik ez da»

«Rodezno plazari izena aldatzea lehen pausoa besterik ez da»

Rodezno kondearen plaza, Imaz anaien kalea, Irurita gotzainaren plaza, Victor Pradera eskola… Legeak kontrakoa adierazi arren, izen frankista asko gelditzen dira oraindik kale-izendegietan. Horiez gainera, laureadak, arrano inperialak eta falangisten geziak ere ikus daitezke hainbat eraikin publiko zein pribatutan. Iruñeko Udalak urrats garrantzitsua egin du horiek desagerrarazteko bidean, eta, besteak beste, Serapio Esparza izena jarri dio orain arte Rodezno kondearen plaza zenari. Oroimenaren Autobusa elkarteko kide Carlos Otxoak (Iruñea, 1952) begi onez hartu du erabakia, baina ohartarazi du frankismoaren ikurrak ezabatzeko bidea ez dela amaitu.

Zer iruditu zaizu Iruñeko hainbat kale izen aldatzeko erabakia?

Lehenik eta behin, argitu nahi dut orain esanen dudana nire iritzi pertsonala dela, eta ez Oroimenaren Autobusa elkartearen jarrera ofiziala. Oro har, uste dut elkarteko kide gehienon iritzia antzekoa izanen dela, baina asko gara, sentsibilitate eta ideologia desberdinak ditugu, eta ez dugu balorazio bat adosteko astirik izan. Hori esanda, aitortu behar dut Rodezno kondearen plazari izena aldatuko diotela jakiteak sekulako poza eman didala. Bazen garaia. Udal gobernu taldea osatzen duten alderdiek urrats garrantzitsua egin dute kolpisten ikurrak behin betiko desagerrarazteko bidean.

Memoria historikoaren aldeko elkarte batzuek kritikatu egin dute erabakiaren kontsentsu falta. Zer uste duzu zuk?

Tira, egia da halako neurriak kolektibo eta eragile guztiekin hitzartu beharko liratekeela, eta espero dezagun aurrerantzean hala izatea. Ni baiezkoan nago. Bakearen eta Elkarbizitzaren Batzordea eratu nahian dabil udala, eta badirudi hor aukera izanen dugula parte hartzeko. Gure elkarteak aspaldi adierazi zuen memoriaren aldeko batzorde baten beharra dagoela. Ea behin betiko atzean uzten dugun dekretu bidez gobernatzeko ohitura.

Amaitutzat eman al daiteke ikur frankisten kontrako borroka?

Ez, ezta hurrik eman ere. Asko dago oraindik egiteko. Kale izen batzuk aldatu dira, baina ikur frankista ugari gelditzen dira oraindik, bai Iruñean baita beste herri askotan ere. Rodezno kondearen plazari izena aldatzea lehentasunetako bat zen, jakina. Pertsona krudela zen, frankismoaren ikur nagusienetako bat, eta milaka heriotza zigor sinatu zituen militarra. Hiltzaile bat, finean. Hala ere, hortxe ditugu oraindik Victor Eusa kalea eta Victor Pradera ikastetxea; Iruñeko hilerriko txoko batean, gainera, gorazarre egiten zaie 1936ko kolpistei, eta hori ere irain bat da frankismoaren biktimentzat eta urte hauetan guztietan justiziaren alde borrokatu garenontzat.

Zer iruditzen zaizu Rodeznoko Kondea ordezkatzeko hautatu duten izena?

Serapio Esparza ez da oso ezaguna Iruñean, baina ez zait aukera txarra iruditzen. Seguru asko, nik beste bat hautatuko nukeen; memoria historikoarekin lotura handiagoa duen bat. Baina uler dezaket zergatik aukeratu duten.

Zergatik?

Bada, nire ustez, eskuinari aitzakiarik ez emateko. Aldarrikapen kutsua duen izena jarri izan balute, errebantxismoz jokatzea leporatuko liekete. Baina Serapio Esparza arkitektoa zen, EAJkoa, Iruñeko II. Zabalgunea diseinatu zuen… Eskuindarrek helduleku gutxi dute horri kontra egiteko.

Beste kale izen batzuk ere aldatu dituzte. Besteak beste, Maravillas Lamberto izena jarriko diote Lezkairuko plaza bati.

Hori bai, hori da gehien gustatu zaidan neurria. Oroimen historikoaren ikur bilakatu da Maravillas. Premiazkoa zen haren omenez zerbait egitea.

Serapio Esparza plaza berrian Erorien Monumentu frankista dago oraindik.

Hori da hurrengo erronka, bai. Eraikinaren izen ofiziala, gaur egun, Rodeznoko Kondea erakusketa aretoa da, eta hori ere aldatu beharko dute.

Izena bakarrik? Ez al dute monumentua eraitsiko?

Egia esan, ez dakit zer asmo duen udal gobernu taldeak, eraikina bota ala espazioa birmoldatu, baina egiten dutena egiten dutela, memoria historikoa aintzat hartuko duen espazio bat sortu beharko litzateke hor. Askatasunaren aldeko borrokalariak eta historiografia ofizialak baztertutako pertsona guztiak omentzeko gune bat.

Zuk zer eginen zenuke, monumentua bota ala erabilera berri bat eman?

Auzi horrek eztabaida piztu du memoria historikoaren aldeko ekintzaileen artean. Nik neuk ere ez dut batere argi. Duela pare bat urte galdetu izan bazenit, seguru asko eraistearen alde eginen nukeen. “Emadazu pikotx bat, eta nik neuk botako dut!”, erantzunen nukeen. Baina gaur egun zalantza daukat, oroimen historikoaren interpretaziorako zentro bat eraiki daitekeelako bertan.

Diotenez, balio arkitektoniko eskasa dauka monumentuak…

Ez nator bat baieztapen horrekin. Arkitektura totalitarioaren adibide garbi bat da, eta hori ere interesgarria izan daiteke, hurrengo belaunaldiei diktaduraren horroreak erakuste aldera. Kupula, zutarri erraldoiak… Halako eraikin beldurgarri gutxi ditugu Nafarroan. Egia da, bestalde, Erorien Monumentuaren gisako espazio bat zaharberritzea eta erabilera berriak ematea oso zaila dela… Ez da lan samurra izanen, baina nik bi gauza ditut garbi: alde batetik, memoria historikoarekin lotura izan beharko duela aurrerantzean; eta, bestetik, beste ezer baino lehen eraikina garbitu egin beharko dutela.

Garbitu?

Bai, hitzaren zentzu zabalenean. Monumentuaren barruan dauden ikur frankistak, gurutzadaren goraipatzea… Zikinkeria hori guztia kendu egin behar da. Eta, bestetik, elizaren azpiko kriptan lurperatuta daude Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpistak. Gorpu horiek hortik atera behar dira lehenbailehen.

Urte asko eman dituzue frankismoaren biktimentzako egia, justizia eta ordaina eskatzen. Haize kontra ari zinetela sentitu al duzue?

Bai, elementuen kontrako borroka etengabea izan da. Lan gogorra egin behar izan dugu, ahaztutako pertsona horien guztien duintasuna eta oroimena berreskuratzeko, eta instituzio gehienak aurka izan ditugu. Askok galdetu izan didate: “Zergatik segitzen duzue hautsak harrotzen? Zergatik ez duzue iragana bakean uzten?”. Nik zera erantzuten diet: iraganari buruz hitz egiteari utziko nioke, hain gaurkoa izanen ez balitz. Gaurkotasun itzela du iraganak, eta ezinbestekoa da egungo egoera ulertzeko. Eta plaza bati Maravillas Lamberto izena jartzen diotela ikusten duzunean, ulertzen duzu zerbaitetarako balio izan duela honek guztiak.