Protesta oldea, gidabaimenaren etsaminatzaileen egoera salatzeko

Protesta oldea, gidabaimenaren etsaminatzaileen egoera salatzeko

Nafarroan, 2.000 ikasle baino gehiago dira gidabaimena lortu nahi eta azterketa egiteko egunik ez dutenak. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren menpe dauden etsaminatzaileek greba hasi zuten, iragan irailaren 14an, lan baldintza duinak exijitzeko eta “zuzendaritzaren pribatizazio saialdiak gelditzeko”. Azken asteetan, gainera, autoeskoletako langileak ere batu zaizkie mobilizazio eta protestetan, egoerak eragindako “blokeoa” gainditzeko eta baliabide gehiago eskatzeko. Azken astean, autoeskolako autoen ilara handiak ikusi ahal izan dira Iruñeko karriketan, manifestazio horien karira.

CGT, Csif eta Asextra sindikatuek egin dute greba deialdia, eta arazoa “aspaldikoa” dela nabarmendu dute. “Ez dute gure lana behar bezala baloratzen; baliabide gutxirekin lan egin behar dugu eta, gainera, jakin badakigu trafiko zuzendaritzak presioak jasan dituela zerbitzua pribatizatzeko. Egoera iraultzeko egin dugu greba”, azaldu du Asextra elkarteko kide den Arantza Percazek.

Zehazki, grebalariek lau ardatzetan banatu dituzte euren aldarrikapenak: azterketa kopurua murriztea, lanpostuaren arriskugarritasunari dagokion soldata osagarriak onartzea, zerbitzuaren pribatizazioa gelditzea, eta etsaminatzaileen segurtasuna bermatzea.

Percazen arabera, lan kargaren murrizketa ezinbesteko neurria da, zerbitzua hobetzeko eta kalitatea bermatzeko: “Irakasle bakoitzak egunean egin behar dituen azterketa kopurua txikitzea eskatzen dugu; 13tik 12ra pasatzea, alegia. Kalitate protokoloetan ezartzen diren gutxiengo baldintzak betetzeko modu bakarra da. Finean, Nafarroan sei etsaminatzaile bakarrik gaude, eta ez gara iristen”.

Bestalde, lanpostuaren arriskugarritasuna “erabat frogatua” dagoela uste du Percazek. “Trafiko zuzendaritzak dio gure lanpostua bulego lanaren gisakoa dela, eta hori ez da egia. Goiz osoa errepidean ematea, oraindik gidatzeko gai ez den pertsona batekin, arriskutsua da. Bulego batean lan egiten duenak ez du kamioi batekin talka egiteko arriskurik”.

Indarkeria kasuak

Etsaminatzailearen arabera, gainera, 2013. urtetik gaurdaino, gora egin du langileek pairatzen dituzten erasoen kopuruak: “Garai batean, gidabaimeneko azterketaren emaitza ez zuen etsaminatzaileak ematen, irakasleak baizik. Orain, berriz, momentuan esan behar diogu ikasleari azterketa gainditu duen ala ez. Guri ez zaigu inporta ikasleei azalpenak ematea, baina azterketaren emaitza ematen dugunean, ikasle batzuek bortizkeriaz erantzuten dute: irainak, mehatxuak, oihuak… eta noizean behin, baita eraso fisikoak ere. Horri irtenbidea eman beharko lioke DGTk, arauak aldatuta”.

Frantzian indarrean den eredua aplikatzea eskatu diote grebalariek Espainiako Gobernuari: “Azterketaren hurrengo egunean, emaitza modu telematikoan jasotzen du ikasleak, Internet bidez”.

Eskaera horiek ikusirik, Madrilek entzungor egin duela salatu dute trafikoko etsaminatzaileek, eta negoziatzen has daitezela eskatu diete Trafiko Zuzendaritzako arduradunei. “Orain arte, gure aldarrikapenak gutxietsi eta protestei bizkarra eman besterik ez dute egin zuzendaritzakoek. Grebaren eragina ukatu egin dute hainbat astez, egoerak gainezka egin dien arte”, dio Percazek.

Hilabete bakarrean, 2.000 ikasle gelditu dira gidabaimena lortzeko azterketa egin gabe, eta ez diete beste egunik eman. Autoeskolen elkarteen arabera, gainera, itxaron zerrenda bost hilabete ingurukoa da dagoeneko.

Blokeo egoera gainditzea zaila izanen dela ikusita, Madrilen bilera egiteko gonbita luzatu die Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak etsaminatzaileen ordezkari sindikalei, negoziatzen hasteko. Hala ere, Nafarroako autoeskolen elkarteak eta etsaminatzaileen sindikatuek ez dituzte protesta ekintzak bertan behera utziko, DGTrekin hitzarmena lortu arte.